}

Fetuaren RNA amaren odolean

2003/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hong Kong-eko Unibertsitateko ikertzaile batzuek fetuaren RNA mezularia amaren odolean detektatzeko metodo bat garatu dute. Horrek jaio aurreko diagnostiko ez-inbaditzaileak egitea ahalbidetuko duela uste dute, eta horren bidez identifikatu ahalko direla preeklanpsia, Down sindromea eta RNAren kopuruan aldaketa nabarmenak eragiten dituzten beste hainbat gaixotasun genetiko.

Hain zuzen ere, gaitz genetiko batzuk, Down sindromea adibidez, geneen espresioarekin erlazionatuta daude. Orain arte, amaren odoleko entzimek fetuaren RNA deuseztatzen zutela uste zuten, baina orain frogatu dute iraun egiten duela eta erraz bereiz daitekeela. RNA hori detektatzeko, polimerasaren kate-erreakzioa denbora errealean erabiltzen dute ikertzaileek.

Hala ere, oraindik ez dute diagnostikoak egiteko proba estandar bat prestatu, eta lan handia dute egiteko; esaterako, amaren odolean fetuaren RNAren maila arrunta zein den jakin behar dute. Fetuaren RNA amaren odolean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia