}
Fernando Plazaola Muguruza EHUko Ikerketaren arloko errektoreordea

“Gustatuko litzaidake gure herrian denak bat egitea ikerketaren munduan”

2015/06/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ez da erraza izan Plazaolarekin hitz egitea; ez elkarrizketari uko egiten ziolako, inondik inora ere ez, baizik eta ezin zuelako tarterik topatu. Behin tartea hartuta, ordea, jario biziz erantzun die galderei, zalantzarik egin gabe. Nonbait, bere ibilbidean zerk txunditu duen bezain garbi du zer nahi duen etorkizunerako.
fernando-plazaola-muguruza-gustatuko-litzaidake-gu
Arg. EHU

Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Niretzat XX. mendea txundigarria izan da, zientziaren eta ezagutzaren ikuspuntutik. Batetik, mekanika kuantikoak mundu txikia ezagutzeko atea ireki digu, eta intuizioaren aurka dauden hainbat gauzaz jabetzeko aukera eman digu. Bestetik, txikitik handitasunera jauzi eginda, unibertsoa ezagutzeko oinarrizko aurkikuntzak egin dira mende horretan. Liluragarria iruditzen zait nola gai izan garen haien gainean hausnartzeko eta ondorioak ateratzeko.

Horrekin batera, aipatzekoa da oinarrizko zientziaren eta teknologiaren artean dagoen harremana. Lehen pentsatzen zen oinarrizko zientzia gure jakin-mina asetzeko zela, baina gaur egun agerikoa da aplikazio oso interesgarriak sortzen direla oinarrizko zientziatik. Adibidez, erlatibitatearen teoriatik pentsatzeko eta gauzak ulertzeko beste modu bat etorri da, eta GPSa, esaterako, horretan oinarrituta dago.

Hala eta guztiz ere, niretzat harrigarriena, eta, gainera, asko kostatzen zaidana ulertzea da ezagutzen dugun unibertsoa unibertso osoaren zati ñimiño bat baino ez dela. % 5 baino ez dugu ezagutzen, eta gainerakoa ez dakigu ezta zer den ere. Horrek pentsarazten dit azkenean ez garela ezer.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?

Uste dut diziplinen arteko lankidetza oso garrantzitsua dela, eta ezinbestekoa ikerketan aurrera egiteko. Adibidez, ni fisikaria naiz, eta minbiziaren tratamenduan ere ari naiz ikertzen. Gustatuko litzaidake egunen batean gai izatea minbiziak, minbizia ez baita bakarra, gainditzeko.

Energiaren arloan ere sartuta nago, eta hor ere nahiko nuke ikusi iraultza bat. Aurrerapen handiak dauden arren, onartu behar dugu, energia ezinbestekoa zaigun arren, ez dugula bermatuta. Horretan Harri Aroan gaude, eta etorkizunerako garapen garrantzitsuak espero ditut.

Bukatzeko, beste maila batean, gustatuko litzaidake gure herrian denak bat egitea ikerketa munduan, unibertsitateak, enpresak, ikerketa-zentroak..., denak batera aurre egiteko erronka berriei, mundu zabal honetan.

Fernando Plazaola Muguruza
Fernando Plazaola (Legorreta, 1958) EHUko Ikerketaren arloko errektoreordea da, eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko Fisika Aplikatuko katedraduna. Ikertzaile gisa, ibilbide oparoa du: hainbat proiektu gidatu ditu, patente bat du, eta minbiziaren tratamendua hobetzeko helburua duen ikerketa-talde batean ere badihardu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia