Felix M. Goñi Urcelayk jaso du aurtengo Humboldt saria

2021/05/04 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Flickr

Felix M. Goñi Urcelay Biokimika eta Biologia Molekularreko katedradunak jaso du aurtengo Alexander von Humboldt sarietako bat, izen bereko fundazioak jakinarazi duenez. Haien diziplinan eta haratago eragin iraunkorra izan duten aurkikuntza zein teoria zientifikoak garatu dituzten ikertzaileak saritzen ditu sari entzutetsuak. Zelulen mintzak ikertzen espezializatu zen Goñi, eta mintzetan ematen diren elkarrekintza molekularrak ikertu ditu sakon eta luze.

Donostian jaio zen, 1951an, eta Nafarroan eman zituen lehendabiziko urratsak ikertzaile gisa. Medikuntzan doktoratu zen, Nafarroako Unibertsitatean, eta doktoratu ondoko ikasketak Londresko Unibertsitatean egin zituen. Gerora, Biofisika Institutuko (EHU/CSIC) zuzendari izan da urte luzez.

Besteak beste, Biofisikako Amerikako Elkarteko Mintzen Estruktura eta Mihiztatze Saileko presidente izan da, Federation of European Biochemical Societies-eko Argitalpen Batzordeko presidentea eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikako zuzendaria.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia