}

Fakturen ordainketa automatikoa

1990/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ordainketa-kontuak gero eta errazago agertzen zaizkigu. Edozein motatako fakturak ordaintzeko balio duen kutxa automatikoa garatu du Centrisa etxeak. Sistema honek automatikoki identifikatzen du egin beharreko ordainketa; bileteak software bidez kontrolatzen ditu eta ganbioa ere itzultzen du.

Kutxa hauek etengabe daude funtzionamenduan eta punta-orduetan sortzen diren iladak eta denbora-galtzeak ebitatu nahi dira honekin. Sistema hau ipintzea Kataluniako gas-enpresa bati bururatu zaio eta jadanik instalaturik dauzka bi kutxa Bartzelonan.

Sistema honen softwarea Centrisa etxean sortu da eta helburu honetarako bereziki diseinatutako Nixford ekipo bat izan da aukeratu den hardwarea. Ekipo honek 80286 prozesadorea, 1 Mb-eko memoria, pantaila grafikoa, txartel magnetikoen irakurgailu/grabagailua eta ordainagiriak ateratzeko inprimagailu bat ditu.

Ordaintzailearen eta ordainketaren identifikazioa barra-kodeen bidez kodetuta egongo da fakturan. Erabiltzaileak ez du daturik sartu beharrik izango; sistemak automatikoki jasoko du informazioa scaner baten bidez.

Nahi izanez gero, datuak eskuz ere eman dakizkioke, poliza-zenbakia, data eta zenbatekoa tekleatuz.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia