Ezustekoak tuberkulosiaren azalean
2004/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Tuberkulosiaren eragilea bakterio bat da: Mycobacterium tuberculosis . Eragile hori aspalditik ezagutzen dute ikertzaileek, eta gaixotasuna zer esanik ez. Hala ere, bakterioak oraindik gordetzen ditu sekretuak.
Orain, bakterioaren pareta zelularrean ustekabeko molekula bat aurkitu dute, karbohidrato berezi bat. Eta berezia da, paretako gainerako karbohidratoak ez bezala, sufre-atomo bat duelako, eta landareetan ohikoa den itxura bat hartzen duelako.
Pareta zelularrak zeregin garrantzitsua du infekzioan: makrofagoak infektatzen laguntzen du, sistema immunea ahultzen du eta bakterioa oxidatzetik babesten du. Nonbait, aurkitu berri duten molekularen berezitasunari esker betetzen ditu paretak funtzio horiek, neurri batean behintzat.
Ikertzaileek uste dute ikerketa baliagarria izango dela tratamendu berriak aurkitzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia