Iraia Garcia Santisteban biokimikariarentzat betitik izan da erakargarria ikerketa-mundua. Tira, txiki-txikitan ile-apaintzailea izan nahi zuela aitortu du, barre artean, baina, gerora, bere erreferenteak zientziara bideratu dute, bereziki, DBHn izan zituen bi irakasle, natur zientzietakoa, eta biologia eta kimikakoa (biak emakumeak), eta, batez ere, bere izeba Marisol, zeinak ikerlari gisa ibilbide aberatsa izan baitu.
“Izebak honetan ez sartzeko esaten zidan”, gogoratu du Garciak. “Baina betitik gustatu zait, eta ez naiz damutzen”. Hortaz, unibertsitatean biologia ikasten hasi, eta, jada bigarren mailan, biologia zelularreko laborategi batean hasi zen ikertzen: “2005a zen, eta Prestige ontziko isurien eragina ikertzen genuen muskuiluetan”. Biologia zelularretik genetikara aldatu zen, eta Jose Antonio Rodriguez Perez medikuntzako irakaslearekin hasi zen ikertzen.
“Hura ere erreferente bat da nire bizitzan, beti laguntzeko prest. Berekin egin nituen masterra, eta gero tesia, deubikitinasen inguruan. Proteina horiek zeluletan daude, eta minbizi mota batzuetan mutatuta agertzen dira”, azaldu du. Laborategi hartatik, Amsterdameko NKI Herbehereetako Minbizi Institutura joan zen, doktoretza-ondorengoko beka batekin.
Itzuli zenean, Ana Zubiaga Elordietarekin egon zen, Rodriguezek eta biek partekatzen duten laborategian. Bi urteren ondoren, irakaskuntzan ordezkapen bat egiteko aukera izan zuen, eta orduan ikusi zuen lan hori ere gustuko zuela eta bide bat izan zitekeela. “Ikerbasque beka eskatu nuen, Juan de la Cierva ere bai, eta, curriculum ona neukan arren, ez nuen bekarik lortu. Izan ere, ez da nahikoa ona izatea; besteak baino hobea izan behar duzu”.
Irakaskuntzan ere, oposizioetara aurkeztu zen, eta ez zuen irabazi. Baina, ezustean, beste ate bat ireki zitzaion orduan: “Nirekin aurkeztu zen beste neskak irabazi zuen, Nora Fernandez Jimenezek. Eta justu bere taldean doktoretza-ondorengoko plaza bat sortu zen. Aurkeztu nintzen, eta aukeratu ninduten. Orduan, guztiz aldatu zen nire norabidea. Hasi nintzen gaixotasun konplexuen genomikarekin eta bioinformatikarekin lanean, eta harremanetan jarri nintzen klinikarekin, Gurutzetako ospitalearekin. Hala, Gurutzetako ginekologo batzuekin batera, nire lerro propioarekin hasi nintzen!”
Endometriosia, gaitz konplexu eta ezezaguna
Endometriosia ikertzen hasi zen, eta, horri esker, curriculuma osatu zuen, eta hurrengo plaza irabazi zuen. Garciaren esanean, endometriosia gaixotasun konplexu bat da, eta ikergaitzat hartzeko arrazoia, neurri batean, pertsonala izan zen, justu aurreko urtean diagnostikatu baitzioten. “Diagnostikatu zidatenean ez nekien zer zen; ez neukan ia entzunda ere. Atera kontuak zenbateko desinformazioa dagoen”. Horrenbestez, endometriosiaren diagnostikoa egiteko biomarkatzaileak ikertzen hasi zen. “Ea gure ikerketaren ekarpenarekin, urte batzuen buruan ez den hainbeste urte itxaron behar diagnostikoa izateko”.
Gaur egun, gure eguneroko produktu eta elikagaietan dauden kutsatzaileek endometriosia izateko arriskuan duten eragina aztertzen dabil Amaia Irizar Loibiderekin batera, Zihara Alonso ikaslearen laguntzarekin. Ikerketa egiteko, endometriosia duten boluntarioak behar dituzte, euren odol menstruala ikertzen baitute. Horretarako, helbide hauetara idatzi dezakete: iraia.garcia@ehu.eus; amaia.irizar@ehu.eus.
Bere lanaz grinatsu hitz egiten badu ere, ez ditu ezkutatzen zailtasunak, eta bi oztopo aipatu ditu amaieran. Batetik, amatasuna eta ikerketa uztartzeko egiturazko eragozpenak. Eta, bestetik, beti finantziazioaren bila ibili beharra. Hori jakinda, are balio handiagoa du taldekideekin batera uko egin izana Europako proiektu batean sartzeari, Israel dagoelako tartean.
Iraia Garcia Santisteban Zallan jaio zen, 1986. urtean. Biokimikan lizentziatua da, eta Biología Molekularra eta Biomedikuntzan doktorea. Amsterdameko NKI Herbehereetako Minbizi Institutuan egin zuen doktoretza-ondorengoa, eta, itzulitakoan, aurrena postdoc junior moduan egon zen EHUn, eta gero postdoc senior bezala Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutuan. 2021ean irakasle atxiki plaza lortu zuen, eta orain irakaskuntza eta endometriosiaren genomikaren ikerkuntza uztartzen ditu, afiliazio bikoitzarekin: EHU eta Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutua.
Galarraga Aiestaran, Ana
Elhuyar Zientzia