Eztabaidak teilatuetan jarraitzen du
2010/01/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Telefoniako antenen segurtasun-neurriak batzuentzat nahikoak ez diren arren, fisikarien arabera ez dago arriskurik
Iazko abuztuan, erradiazio ez-ionizatzaileetatik babesteko irizpideak egokiak direla berretsi zuen ICNIRP batzordeak. Hain juxtu, batzorde horren gomendioetan oinarritzen dira telefonia mugikorreko antenei eta halakoei buruzko araudiak Europan. Hala ere, badira neurri horiek nahikoa ez direla uste duten pertsonak. Fisikarien ustez, ordea, ez dago hori pentsatzeko arrazoirik.
ICNIRP erradiazio ez-ionizatzailetik babesteko nazioarteko batzordea da. Hainbat arlotako zientzialari independenteek osatzen dute: medikuak, dermatologoak, epidemiologoak, biologoak, fotobiologoak, fisiologoak, fisikariak, elektrizitate-ingeniariak eta dosimetrian adituak. Besteak beste, maiztasun txikiko erradiazio-iturrien segurtasun-mugak zehazteaz arduratzen dira.
Hain zuzen, 1998an erabaki zituen ICNIRPk gehienezko muga horiek. Adibidez, 900 MHz-eko maiztasunean (telefonia mugikorrean erabiltzen den ohiko maiztasuna), gehienezko potentzia-dentsitatea 450 μW/cm2 izatea proposatu zuten. Muga horiek gomendioak dira, eta, horiek ezartzeko, ordura arte egindako ikerketa guztiak aztertu zituzten, ikusteko organismo bizidunek zer baliotatik gora erakusten zuten eraginen bat. Bada, gehienezko mugak balio haiek baino 50 aldiz txikiagokoak izatea erabaki zuen ICNIRPk.
ICNIRPren gomendioek Munduko Osasun Erakundearen eta fisikaren zein ingeniaritzaren arloetako nazioarteko erakunde nagusien oniritzia dute, eta horietan oinarritu ziren Europako Batasuneko herrialdeetako arduradunak legediak egiteko. Herrialde batzuetan balio horiek berak erabiltzen dira araudietan, eta beste batzuetan are gehiago mugatzen dituzte, hala nola Italian, Suitzan eta Errusian. Herrialde batzuen barruan ere, zenbait erkidegotan, gehienezko balioak gobernuak ezarritakoak baino txikiagoak dira. Espainian, adibidez, Gaztela-Mantxako erkidegoan baimendutako potentzia-dentsitate maximoa 10 μW/cm2 da.
Segurtasun-neurriak nahikoa ote diren auzitan jartzen dutenentzat, bateko eta besteko araudietan halako aldeak egoteak zalantza sortzen du, eta arauen oinarrian dauden gomendioak hain aspaldikoak izateak areagotu egiten du zalantza hori.
Alabaina, ICNIRPk ordutik egin diren ikerketak berrikusi ditu, eta ez du arrazoirik topatu gomendioak aldatzeko; hala, gomendioak berresten dituela adierazi zuten iazko abuztuan.
Bestalde, telefonia mugikorreko antenen inguruan egiten diren neurketek erakusten dute igortzen duten potentzia-dentsitatea ezarritako gehienezkoak baino askoz txikiagoa dela. Esate baterako, Espainiako Industria Ministerioaren datuetan, 2007an Madrilgo erkidegoan neurtu zen balio handiena, eta 2,32 μW/cm2 izan zen; hau da, ezarritako gehienezko muga (450 μW/cm2) baino askoz ere txikiagoa (193,9 aldiz txikiagoa).
Euskal Herrian ere, egin diren neurketa guztietan, jasotako balioak legeak ezarritako mugatik oso urruti geratu dira. Hala baieztatu digute Nerea Zabalak eta Joseba Zubiak, EHUko Elektrizitate eta Elektronika Saileko irakasleak eta Elektronika eta Telekomunikazio Sailekoak, hurrenez hurren.
Gainera, Zabalak ez du uste antenek igortzen duten erradiazioa kaltegarria izan daitekeenik. Haren esanean, mugikorrek eta kablerik gabeko sistemek erabiltzen dituzten erradiazioek energia txikia dute, eta, beraz, ez dute arriskurik. Eta gaineratzen du, "aitzitik, ultramoretik aurrera energia handia dute, ionizatzaileak dira, eta horiek badute kaltea eragiteko gaitasuna". Horrela, bada, paradoxikoa iruditzen zaio jendea gehiago kezkatzea antenek igortzen duten erradiazioaz Eguzkiak igortzen duenaz baino.
Joseba Zubia bat dator Zabalarekin, eta irmotasun handiz azaltzen du bere jarrera. "Ni mahai-inguruetan eta eztabaidetan aritu naiz iritzia ematen, nik dakidan arloaz eta ikusten dudanaz. Antenen aurkakoek froga garbiren bat erakutsiko balidate, ez nuke arazorik izango antenak kentzeko edo segurtasun-neurriak zorrozteko eskatzeko. Baina oraingoz froga guztiek kontrakoa erakusten dute; alegia, ez direla arriskutsuak osasunerako".
Mahai-inguru horietan, jendeak okerreko usteak dituela ohartu da. Adibidez, askok eskatzen dute antenak herritik kanpo jartzeko. "Galdera da: Mendian jar daitezke? Eta erantzuna da: Bai. Baina, jarri behar dira? Bada, erantzuna da ezetz." Izan ere, urruti jarriz gero, potentzia handiagoa izan beharko lukete. Hortaz, pikoantenak, hau da, watt baten inguruko antena txikiak jartzea proposatzen du Zubiak, estaldura eta seinalearen maila berdintsuak izan daitezen leku guztietan. Ildo horretatik ikertzen jarraitzearen aldekoa da.
Bestalde, harrigarria iruditzen zaio pertsona batzuk hainbesteko beldurra izatea antenei, eta, hala ere, mugikorra erabiltzea, "telefonoen bidez antenen bidez baino erradiazio gehiago jasotzen baitute. Eta adibide hau jartzen du: mugikor batek watt bateko potentzia igor dezake, eta hizketan ari denak belarrira itsatsita dauka; aitzitik, antena batek 20 watt izan ditzake, baina 10 metrora dagoen pertsona bati 0,2 watt baino ez zaizkio iritsiko.
Antenetara itzulita, antena-kopurua minbizi-kasuekin erlazionatzen duten zenbait ikerketa epidemiologikori buruz ere iritzi sendoa du Zubiak. "Labezomorroaren ikerketa bezalakoak dira: hankak kendu ahala gorrak bihurtzen dira labezomorroak, deitutakoan ez baitira ikertzailearengana joaten. Bada, halako ondorio okerrak ateratzen dituzte ikerketa horietan". Eta jarraitzen du: "preserbatibo-kopurua eta minbizi-kasuak erlazionatuz gero ere, erlazio zuzena dutela aterako litzateke. Nik zapatekin egin dut proba, eta ateratzen da".
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia