Irene Sendra Server Astrofisikaria

“Ezagutzari ekarpenak egin ahal izatea zen, eta da, ikertzaile izateko akuilu nagusia"

2015/01/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Marisol Ramirez/Argazki Press

Fisika-ikasketen azken urteetan sortu zitzaion Irene Sendrari ikertzaile izateko gogoa. “Garai hartan egokitu zitzaizkidan irakasleak, irakasle onak ez ezik, ikertzaile ere baziren, eta haien lanak asko erakarri ninduen”, gogoratu du. Hala, Valentziako Unibertsitateko Fisikako bosgarren mailan, Astronomia eta Astrofisika sailean ikertzen hasteko beka bat jaso zuen.

Sendrarentzat, “ezagutzari ekarpenak egin ahal izatea” zen, eta da, ikertzaile izateko akuilu nagusia. “Behar bada, nire arloan egin dezakedan ekarpena abstraktuagoa da beste arlo batzuetakoa baino. Hau da, batek pentsa lezake praktikan ez duela ezertarako balio. Baina badut ustea, egiten ditugun aurrerapenak, txikiak izanda ere, baliagarriak direla unibertsoari buruzko ezagutza handitzeko”.

Ikertzaile-lana gogoko duen arren, batzuetan gogorra ere bada, bereziki ez denean emaitzarik lortzen, edo emaitzak ez direnean batek espero dituenak. “Horrelakoetan, hasieran are gogorrago saiatzen naiz emaitzak lortzen; argi ikusten badut ez noala bide onetik edo nire hipotesia okerra dela ohartzen banaiz, dena hankaz gora jarri, aurretik egindako lana ahaztu, eta berriro hasten naiz, beste ikuspegi batekin”. Horrela gertatzen dira iraultzak, Sendraren iritziz, bide okerrak baztertu eta ikuspegi berriak probatzean.

Sariak eta oztopoak

Ikertzaile izatearen alderdi zailena beti beken eta diru-laguntzen menpe egotea da Sendrarentzat, ez jakitea diru-laguntzarik jasoko ote duen: “Niretzat, ziurgabetasun horrekin bizitzea da gogorrena, inoiz ez baitakizu etorkizunean zure lanarekin jarraitzeko aukera izango duzun ala ez, eta horrek bizitza pertsonalari eragiten dio”.

Hain zuzen ere, Valentziako Unibertsitatetik Euskal Herriko Unibertsitatera etorri zen, tesia egitera. “Kosmologia unibertso azeleratu batean: behaketak eta fenomenologia” izan zen tesiaren izenburua, eta sari bat ere eman zioten. Ondoren, zenbait kontratu izan zituen Zientzia eta Teknologia Fakultateko Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia Sailean ikertzeko.

Azkenean, baina, ikerketa utzi egin behar izan zuen, sortu zitzaizkion aukerak ez baitzuten asebetetzen: “Brasilera eta Portugalera joateko beka bana eskaini zidaten, baina baldintzak oso txarrak ziren, eta ez nituen onartu”.

Bestela, oso gustuko du taldean egitea lana. “Gainera, astrofisikan, nazioarteko taldeak osatzen dira, eta beti ikasten duzu asko kideengatik: lana egiteko beste modu batzuk, pentsatzeko eta begiratzeko bestelako moduak... Oso aberasgarria da”.

Une hauetan, ez du garbi ikusten bere etorkizuna ikertzaile gisa. Orain gazteen irakasle dabil, gustura: “Irakastea gizarteari dakidana itzultzeko modu bat dela iruditzen zait. Ikasleei zientziarekiko eta ezagutzarekiko interesa edo jakin-mina kutsatzen saiatzen naiz, eta asko betetzen nau".

Irene Sendra Server
Pego, 1984. Fisikan lizentziatua Valentziako Unibertsitatean; doktore-tesia EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia Sailean egin du Ruth Lazkoz Sáez irakaslearen zuzendaritzapean. EHUko Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia Saileko ikertzaile kontratatu gisa lan egin ondoren, fisikako irakasle-lanetan dabil orain.