Exoplaneten argazkiak
2009/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Eguzki-sistematik kanpoko planetak bilatzen dituzten astronomoek lehen aldiz lortu dute planeta horietako batzuk ikustea. Orain arte, exoplaneta horiek detektatu izan dituzte hainbat metodo erabilita, eta behin baino gehiagotan zabaldu da horren berri artikuluen izenburuetan ikusi hitza erabilita. Baina, kasu horietan, planetak ikusi beharrean planetak detektatu egin dituzte. Orain, aldiz, lau exoplanetaren argazkiak egin dituzte. Beraz, literalki ikusi egin dituzte.
Lau exoplaneta horietatik hiru Pegasus konstelazioaren izar baten inguruan daude, Lurretik 130 argi-urteko distantziara. Bestea Piscis Austrinus konstelazioaren Fomalhaut izarraren inguruan dago, 25 argi-urtera.
Orain arte, batez ere, bi metodo erabili izan dira exoplanetak detektatzeko. Ohikoena da izarrak galaxian egiten duen ibilbidea aztertzea: inguruan planetarik ez duen izar batek ibilbide zuzena egiten du, baina, izar-planeta sistema bat bien masa-zentroaren inguruan ari denez orbitatzen, izarraren mugimenduak ez du ibilbide zuzena egiten, baizik eta salto txikiak egiten ditu. Beraz, ibilbide zuzena egiten ez duen izar baten inguruan exoplaneta handi batek egon behar du.
Exoplanetak detektatzeko beste ohiko metodo bat da izarraren argitasuna aztertzea. Orbitan duen planeta bat izarraren aurretik pasatzen bada, oztopo egingo dio argiari, eta periodikoki gorabehera txiki bat gertatuko da argiaren intentsitatean.
Teknika finak
Exoplaneta bati argazkia ateratzeko, teknika bereziak erabili behar dira. Pegasus konstelazioko hiru planeten kasuan, bi teknika konbinatu dituzte Kanadako Herzberg Astrofisikako Institutuko astronomoek. Alde batetik, espektro infragorrian hartu dituzte irudiak. Baina, bestetik, Lurrean dauden teleskopioak erabili dituztenez (Hawaiiko eta Txileko Gemini teleskopio-bikotea, eta Hawaiiko Keck teleskopioa), atmosferak eragiten duen distortsioa zuzentzeko egokitze-optika aplikatu behar izan dute. Teknika horrek etengabe aldatzen du ispilu baten forma atmosferaren aldaketa txikien distortsioa konpentsatzeko.
Piscis Austrinus konstelazioaren kasuan, aldiz, espazioko Hubble teleskopioa erabili dute, Fomalhaut izarra zuzenean behatzeko; baina koroagrafiaren teknika erabili dute, hau da, izarraren nukleoaren argia estaltzen duen tresna bat erabili dute izarraren ingurukoa ikusi ahal izateko.
Teknika-multzo horien bitartez, exoplaneta batzuen zuzeneko argia jaso dute. Aurrerapauso handia izan da, ez bakarrik gizakiak gauzak ikusi nahi izaten dituelako, baita zuzeneko argiak zientzialarientzat informazio asko izaten duelako ere. Argiaren espektroa aztertuta, adibidez, exoplaneten atmosferaren osagai kimikoak fidagarritasun handiz detekta daitezke.
Dagoeneko, astronomoek 300 exoplaneta inguru detektatu dituzte, eta, gaur egun, urtero, 13 exoplaneta detektatzen dira, gutxi gorabehera. Hemendik aurrera, beharbada, exoplanetak ez ezik, exoplaneten irudiak ere ugarituko dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia