Everesteko zabortegia
1993/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nepaleko gobernuak enpresa frantziar bati Everesteko gailurra garbitzeko enkargua eman dio.
Edmund Hillary eta Tenzing Norgay mendizaleek 1953ko maiatzaren 29an Everestera igo zirenez gero 150 espedizio baino gehiago igo da gailurreraino hegoaldetik. Espedizio hauen eraginez izugarrizko zabortegia sortu da Everesteko hego lepoan (8.000 m-ra).
Lepo hau, gailurrera igo aurretik dagoen azken atseden-lekua da eta mendizaleek soberako materiala bertan uzten dute, jaitsiera errazagoa izan dadin. Nepaleko Mendizale Elkartearen arabera, ia 17 tona hondakin dago aipatu lepoan. Lepo hau udaberri aldean begien bistan geratzen da, haizeek elurra eramaten dutenean, eta orduantxe aterata dago beheko argazkia.
Leku horretan zaborrarekin batera gorpu izoztuak ageri dira. Guzti hau dela eta, Nepaleko agintariei garbitzeari ekitea bururatu zitzaien. Horretarako zine-produktore eta mendizalez osaturiko Dolma izeneko enpresa frantsesari garbiketa-lanak enkargatu eta joan den maiatzaren lehen hamabostaldian burutu zuten garbiketa. Zaborrak, funikular txikiez baliatuz, 7.700 m, 7.300 m eta 6.800 m-ko altueratan dauden eremuetaraino jaisten dira. Azken altuera horretatik, jaken bidez, Katmandurantz garraiatzen dira zabor guztiak.
Aldi berean, gizakiak 8.000 m-ko altueran lanean ari dela duen fisiologia aztertuko da. Azkenik, espedizio garbitzaile honen kostua 80 milioi pezetakoa edo 4 milioi liberakoa izango dela esango dugu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia