Euskarazko Tesien II. Koldo Mitxelena sariak jaso dituzte bost doktorek
2011/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Koldo Garcia, Maite Oronoz, Jaime Zubero, J. Inazio Marko eta Idurre Alonso dira Euskarazko Tesien II. Koldo Mitxelena sarietako sarituak.
Koldo Garciaren Erretrobirus endogenoen detekzioa eta karakterizazioa behietan eta beste hainbat mamaliatan tesia saritu dute Zientzia Esperimentalen arloan. Maite Oronozek jaso du Ikasketa Teknikoen arloko saria Euskarazko errore sintaktikoak detektatzeko eta zuzentzeko baliabideen garapena: datak, postposizio-lokuzioak eta komunztadura tesiarekin. Jaime Zuberoren Goi mailako futbolari gazteen ezaugarri antropometriko eta fisiologikoen garrantzia aukeratze-prozesuan tesiak jaso du Osasun Zientzietako saria. Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak alorrean, berriz, J. Inazio Markoren Hizkuntza-eraldaketa organizazioetan: Esperientzia eta modelizazioa . Dinamizazio soziolinguistikoa gizarte pedagogiaren baitan tesia saritu dute. Eta, azkenik, Idurre Alonsorentzat izan da Giza Zientziak alorreko saria, Literaturaren irakaskuntza Hego Euskal Herriko batxilergoan, eduki kontzeptualetatik gaitasun komunikatiboetarako bidean lanarengatik.
Bi urtez behin ematen diren sari hauen bitartez, EHUk eta Euskaltzaindiak euskarazko tesien ekarpen bikoitza nabarmendu nahi dute; batetik, jakintzaren arloa zabaltzen laguntzen dutelako, eta, bestetik, euskararen normalizazioaren prozesuan ere guztiz lagungarriak direlako.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia