}

Euskal Paleontologiaren azken aurrerapena: dortoka fosil berriak

1996/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Izakion afinitate biologikoak antolatzeko, azken bi mendeotan sailkapen taxonomikoa erabili ohi da. Antolaketa honek gaur egungo eta iraganeko izakiak elkar erlazionatzen ditu zuhaitz baten modura eta, hortaz, izaki guztien eboluzioa ezagutzera eramaten gaitu. Sailkapen hau, mailakatutako piramide hierarkiko bat da. Espezieak mailarik oinarrizkoenean daude eta beren multzoak piramidearen basea osotzen du. Horren gainean genero-maila dago, ondoren familia-maila, gero beste hainbat maila eta, azkenik, piramidearen goialdean, erreinuak.

Azken mendeotan, neontologiak eta paleontologiak aurrerapauso asko eman badute ere, oraindik piramidean hutsik dagoena beteta dagoena baino gehiago da. Bestalde, nahiz eta piramideak hutsune anitz eduki, espezie berri bat topatzea eta, beraz, piramidean adreilu berri bat ipintzea, lan handia eta eskerga da oso; esaterik ez dago, piramidean zenbat eta gorago joan, hainbat eta zailago zuloa betetzea. Espezie berria ezezik, genero berria edo, areago, familia berria aurkitzeak ere aurrerapauso handia suposatzen du, aurkikuntzak piramidearen hiru maila taxonomikoetako zuloak betetzen dituelako.

Koldo Nuñez-Betelu

Eta, hain zuzen, horixe gertatu da Parisko Natur Zientzien Museoko eta Euskal Herriko Unibertsitateko paleontologo bik argitaratu berri duten aurkikuntzarekin. France de Lapparent de Broin eta Xabier Murelaga “Okabixo” paleontologoek aurkitutako hainbat dortoka fosil formalki izendatu dituzte sona handiko aldizkari batean, Frantziako Zientzien Akademiaren Buletinean, hain zuzen ere.

Aurkitutako dortokak Goi Kretazeoko lehorraldekoak dira —75 bat milioi urte dute, alegia— eta Trebiñoko Konderriko Lañoko aztarnategian industuak izan dira. Bertan ateratako ehundaka dortoka-hezur eta -plaka fosiletan oinarritu dira paleontologoak taxoi berriak izendatzeko. Dortoka fosil hauen artean bi familia berri, bi genero berri eta hiru espezie berri ditugu. Horrela, Dortokidae familia, Dortoka generoa eta Dortoka vasconica espeziea berriak dira. Halaber, Solemydidae familia, Solemys generoa eta Solemys vermiculata espeziea berriak dira. Hauez gain, Polysternon atlanticum espezie berria ere aurkitu dute paleontologo hauek.

Dortokak ornodunak eta urriak izanik, dortoka-taxoi berriak aurkitzea zaila da oso, eskala biologikoa ere piramidala baita; eskalan zenbat eta gorago egon, hainbat eta ale zein espezie gutxiago daude. Esaterako, intsektuak ugariagoak dira ornodunak baino eta, ondorioz, errazagoa da intsektu-espezie berri bat topatzea ornodun-espezie berri bat aurkitzea baino. Baina ornodunen artean ere badaude desberdintasunak eta dortokena talde murritzenetako bat izan da betidanik. Areago, itsasoko ornodunak lehorraldekoak baino ugariagoak dira eta ez ahaztu Lañoko dortokak lehorrekoak direla.

Bestalde, Goi Kretazeoko dortoka-espezie gutxi ezagutzen da eta, hortaz, aurkikuntza honek dortoken filogeniarako, hots, harreman ebolutiboen ezagutzarako, aurrerapauso nabarmena suposatzen du, baita Euskal Herriko ezagutza paleontologikorako ere. Baina, argitaratutako artikuluan irakur daitekeenari jarraituz, ez dira horretan bakarrik geratzen aurkikuntzak, dortoka hauen ezaugarri ekologikoak eta paleobiogeografikoak ere finkatu baitituzte. Batetik, dortoka hauetako bi espezie ibaietan ibiltzen ziren, hirugarrenak lehorraldea hobesten zuen bitartean; bestetik, dortoka hauetako bi espezien jatorria Gondwanan dago eta hirugarrenak Laurasian du; hortaz, bi kontinente hauek oraindik guztiz banatu gabe zeudela frogatzen du aurkikuntzak.

Azaldutako guztia kontuan hartuta, erraz konpreni daiteke paleontologo hauek egindako aurkikuntzaren maila handia. Zoritxarrez, argitaratu berri duten lanak ez du isladarik izan komunikabide arruntetan, nahiz eta Paleontologiarako eta Euskal Herrirako oso berri pozgarria izan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia