Euskal Herriko uhandreak

1988/08/01 Angulo Pinedo, Rikardo | Arizmendiarrieta, J. | Rico, E. Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gure lurraldeko idoi edo putzuetan, udaberri eta udan, eragozpen handirik gabe aurki ditzakegun anfibio txiki baina xarmant hauek, beste espezie asko bezala ur-kutsaduraren ondorioak jasaten ari dira.
Gailurretako uhandrea, Triturus alpestris cyreni.

Aintzira eta idoietara botatzen diren zaborrek eta beste elementu kutsagarriek ur-ekosistemen egoera naturala arriskutan jartzen dute, eta horren ondorioz landare-espezieen eta animali espezieen (uhandreak hauen artean) iraupena galerazten da.

Uhandreei (Urodela superordeneko anfibio hauei) larbaroan eta ugalketaroan (zeina ur-ingurunean derrigorrez egin behar bait dute) uretan bizi izaten direnez, ur-arrubio eta ur-sugandila izenak ere eman ohi zaizkie. Buztan luze eta albotik zapaldua dute. Adaptazio honek igeri egiteko nolabaiteko erraztasuna ematen die. Lurrean ere aktiboak dira; gauez batipat.

Uhandrearen dieta erabat karniboroa da. Irents dezakeen edozein animalia harrapakintzat kontsidera daiteke. Bere lehortar aldian zizare, bare, intsektu eta beste zenbait animaliaz elikatzen da. Uretan bere harrapakinak, intsektuak, ur-oligoketoak, arrain-arrautzak, zapaburuak, etab. dira. Maiz, ur-hondoan ikusten dira harrapakinen bila; egiten dituzten mugimenduez eta usaimenaren bidez detektatzen dituztenen bila alegia. Lantzean behin kanibalismo-kasuak ikus daitezke. Adibidez, uhandre palmatuak bere larba propioak ere irensten ditu.

Uhandreak aurkitzeko, ur geza bildurik dagoen edozein toki da aproposa: idoi, uhaska, putzu, etab. Ur-korronte moteletan, ibaietako urgeldietan eta (uhandre marmolairea) koba eta padura inguruetan aurki ditzakegu.

Ugalketaroa negu gorrian hasten da. Uhandre palmatuarentzat azaroaren azkenetik ekainera artean izaten da, eta uhandre marmolairearentzat eta gailurretako uhandrearentzat beranduago hasten da; urtarrilean.

Uhandre palmatua, Triturus helveticus.

Garai honetan, itxura eta tankerari dagozkien zenbait aldakuntza izaten dituzte. Ernalketa, eztei-gorteiuaren ondoren arrak ezarri, emeak hartu eta kloakan gordetzen duen espermatoforo (espermatozoide-paketea) baten bidez egiten da. Geroago, emeak arraultzak banan-banan erruteari ekingo dio ur-landareei itsasiz. Haietatik, uda amaieran uhandre heldu bihurtuko diren larba argitsuak sortuko dira.

Euskal Herrian hiru uhandre-espezie aurki ditzakegu:

1. Gailurretako uhandrea, Triturus alpestris cyreni.


Emeek guztitara 10-12 cm-ko luzera dute. Arrak, berriz, 9-10 cm-koak dira. Beren buztana, buru eta gorputza bezain luzea edo zerbait motzagoa da. Arrek, araldian, bizkarrean zehar gangar hori txiki bat eta orban beltzak dituzte; bizkar eta gorputz aldeko kolorea urdinska da. Emeek, ostera, kolore gris-oliba dute. Bai arren eta bai emeen sabel laranjatuaren ertz aldeak tanta beltzak ditu.

Altuera handi samarreko gunetan bakarrik bizi da: 600etik 1200 m-rainoko Kantauri-Mendikateko inguru menditsuetan, Asturiasetik mendebaldeko Piriniotaraino. Hala eta guztiz ere, Kantabriako paduretan aipu fidagarriak daude. Euskal Herrian bestalde, Mendebaldera doan mendi-lerroan zehar ere badago. Espezie hau urte osoan uretan egon daiteke.

2. Uhandre marmolairea, Triturus marmoratus.

16 cm-ko luzera du eta gure lurraldean aurki daitekeen uhandrerik handiena da. Bizkarrean eta gorputz alde bietan orban berdeak ditu eta sabel ilunean orban argiak. Buztana, buru-gorputza bezain luzea edo luzeagoa da. Arrek, araldian, bizkarrean eta buztanean luzatzen den orban berde, beltz eta zuriez hornitutako gangarra oso garatua dute. Emeek, berriz, bizkarrean lerro hori laranjatua dute.

Espezie hau frantses estatuan eta Iberiar Penintsulan agertzen da. Euskal Herrian itsas mailatik 1000 m-raino hedatzen da. Mediterraniorako isurialdean ugariagoa da; Araban batez ere.

3. Uhandre palmatua, Triturus helveticus.

Uhandre marmolairea, Triturus marmoratus.

Gure lurraldean, arrek guztira 7 cm-rainoko eta emeek 8,5 cm-rainoko luzera dute. Kolorez oro har, orban ilun irregularrekiko nabarra da. Sabel horiak, orban beltz gutxi ditu, eta buruko alde bietan zerrenda iluna dute. Buztana, sexuaren arabera ezberdina da: espezie honetako arrak trinkaturik amaitzen den buztana du eta lehortar aldian galtzen duelako, araldian nabariagoa den harizuntz terminala du. Emearen buztana ordea, puntaduna eta filamentu gabekoa da. Arrak araldian gangar dortsal txikia du eta atzeko hankan behatz artean mintz iluna.

Espezie honen ezaugarriak hidrofiloak direnez, Iberiar Penintsularen Iparraldera mugatzen da. Euskal Herrian uhandre-espezierik ugariena eta hobekien banaturik dagoena da, itsas mailatik 1300 m-raino zabaltzen delarik.

Nahiz eta, uhandre-espezie ezberdinen banaketa-area orokorra mantentzen ari dela dirudien, anfibio hauen biotopoak gero eta degradatuagoak eta elkarrengandik isolatuagoak daude gure gaizki deitutako aurrerakuntza dela medio. Beraz, anfibio hauek babesteko neurriak lehenbailehen martxan jar daitezen espero dugu.