}

Euskal Herriko orkideak

2004/06/22 Elhuyar Zientzia

Ez dago tropikoraino joan beharrik orkidea dotoreak ikusteko. Euskal Herrian ohikoak dira gure inguruko kareharrizko lurretan. Eta orkidea tropikalekiko duten desberdintasun nagusia tamaina da, ez edertasuna.

Orkideen ezaugarri bereizgarria da lorearen petaloetako bat eraldatu egin dutela, eta animalien erreinuan ohikoak diren egiturak osatzen dituztela. Ophrys generokoek, esaterako, erle emea imitatzen dute; haren ile eta guzti. Eta, gainera, loreek erleen hormona sexualen antzeko usaina dute. Erle-orkidea hauei sagar-usaina hartzen diegu guk, baina intsektuari bere espezieko emea gogorarazten dio. Hain imitazio ona izanik, erle arrarentzat benetako sexu-deia izaten da, eta askotan hazia lorearen gainean botatzera iristen da.

Petaloaren eraldaketa harrigarri hori dela eta, orkideak landareen eboluzioaren gailurrean daudela esaten dute botanikariek. Eta eraldaketak helburu bakarra du: intsektuak orkidearen polenaz beste lore bat polinizatzea. Besterik ez! Baina edertasun horren atzean azpijokoa dago.

Landareen artean gezurtienak dira orkideak orkideatan aditua den Javier Benitoren ustez. Izan ere, "lorearen atal horrek, labeloak, emearen gorputza imitatzen duenez, arra horren gainean ezartzen da, eta, benetakoa balitz bezala, emea estaltzen saiatzen da. Bitartean, konturatu gabe, polena gorputzari itsatsita geratzen zaio. Gero ziria sartu diotela konturatzen da eta alde egiten du, baina ordurako itsatsi zaio polena. Eta loreak nahi zuena lortu du: polinizazioa." Javier Benito errioxarra Iberiar Penintsulako orkideen inguruko doktore-tesia egiten ari da.

Orkidea guztiek, hala ere, ez dute sexua erabiltzen intsektuak erakartzeko. Elikagaiek ere balio dute. " Orchys generokoek, adibidez, nektarra erabiltzen dute amu gisa, intsektuak jatera gerturatu eta, ondoren, polena gorputzean itsatsita eraman dezaten. gisa jokatzen du. Serapias generokoek, berriz, gordelekua eskaintzen diete intsektuei. Loreek hodi moduko bat sortzen dute, eta, hala, hotz egiten duenean, han sartzen dira erle txikiak; gaua han ematen dute, eta, goizean, eguzkiarekin batera ateratzen dira."

Orkideek garatu dituzten estrategia horiei esker, oso lore bitxiak sortzen dira. Esate baterako, neskatila bat gogorarazten duen "dama-orkidea", edo "gizon urkatuaren orkidea". Baina, berez, orkidea izena orquis -etik dator, eta "barrabila" esan nahi du grezieraz. Izena jarri zienak antzekotasun handia ikusi omen zuen gizonezkoen sexu-organoen eta orkideen bi tuberkuluen artean; horietako bat erabat lehorra eta zimurra azkeneko loraldiaren ondorioz. Turkian, egun berezietan, jan egiten dituzte orkideen tuberkuluak. Afrodisiakoak direla uste dute, seguruenik ugal-organoekin duten antzekotasunagatik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia