}

Euskal Herriko kostaldeko hainbat espezie mehatxupean

2002/07/01 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa | Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Desagertzeko arriskuan dauden espezieak asko dira, baina normalean urrutikoak direla pentsatzen da. Horrela, gizakiaren jarduerek eragindako ondorio horiek tamalgarriak direla onartu arren, ez da erruduntasun-izpirik sentitzen. Baina uste hori okerra da, eta Bizkaiko Golkoan bertan dozenaka espezie mehatxatu daude.

Guztien ezagutza preziatua

Donostiako Aquiariuma

Euskal Herriak duen arrantza-tradizioa luzea bada ere, kostaldeko espezieen eta habitaten ezagutza mugatua da. Hutsune horren aurrean, AZTI fundazioak sei urte daramatza kostaldeko itsas espezieen azterketa egiten. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eskaerari erantzunez sortu zen, eta hasieratik Raúl Castro Uranga da ikerketaren burua.

Lan horren lehen helburua Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoa osatzea da, proiektuko kide den Ainhize Uriartek azaldu digunez: “Gure kostaldean dauden espezieen populazioak babesteko zein neurri hartu jakiteko, ezinbestekoa da espezie horiek identifikatzea eta ezagutzea”. Katalogoa udazkenerako ateratzea espero dute. Bertan, espezie bakoitzaren arrarotasuna, bereizgarritasuna, historian zehar izan duten beherakada, garrantzi ekologikoa eta beste zenbait irizpide kontuan hartuz, sailkapen bat egingo da. Hori izango da lehen pausoa, jarraian ikerketa sakonagoetan murgiltzea espero baitute AZTIko ikertzaileek.

Ikerketa aurrera eramateko, AZTIk erakundeen, elkarte naturalisten, foru aldundien, nabigatzaileen eta arrantzaleen laguntza izan du. Hala eta guztiz ere, institutu teknologikoak behatzaile gehiagoren beharra ikusten du eta, publikoaren parte-hartzea handitzeko asmoz, orain arte behatutako espezieen lehen bilduma atera du. Horrez gain, informazioa trukatzeko atal berria irekiko da AZTIren web gunean ( www.azti.es ).

Euskal Herriko kostaldeko ur ez oso sakonetan eta hondartza inguruko alga-metatzeetan ikusi ohi dira itsas zaldiak. Goiko argazkian hippocampus hippocampus eta beheko argazkian hippocampus ramulosus .

Proiektua osatzeko, nahi gabe harrapatutako edo kostaldean ikusitako edozein espezieren berri jakinaraztea nahi luke AZTIk, edozein datu izan baitaiteke baliotsua. Animalia zaurituta egonez gero, ez ukitzea eta larrialdietarako edo itsas salbamenduetarako zerbitzuetara deitzea aholkatzen da.

Hala ere, Ainhize Uriarteren hitzetan, “laguntzaileek ematen dizkiguten datuak puntualak dira, eta espezieen banaketaren berri ematen badute ere, ez dugu ugaritasunari buruzko daturik. Horretarako, erakunde publikoen laguntza jasoko luketen proiektuak aurkeztu eta behaketa sistematikoak egin beharko lirateke”.

Bestalde, Bizkaiko Golkoa bere osotasunean hartu eta Espainiako zein Frantziako erakundeekin elkarlana bultzatu beharko litzatekeela nabarmendu du Ainhize Uriartek.

Mehatxatutako espezieak

Ainhize Uriarteren esanean, “Euskal Herriko kostaldea uste baino aberatsagoa da, eta horren erakusle garbiak dira behaketetan ustekabean ikusitako hainbat espezie”. Zoritxarrez, espezie horietatik asko, 70 inguru, IUCNren zerrenda gorrian mehatxatu eta zaurgarri gisa sailkatuta daude. Horrenbestez, kostalde aberatsa bai, baina hurbiletik zaindu beharrekoa ere bada gurea.

70 espezie mehatxatuen artean daude itsas kurkuilua, marrazo erraldoia, aingeru guardakoa, itsas zaldiak eta itsas dortokak, besteak beste.

Itsas zaldien bi espezie ikusi dira oraingoz Euskal Herriko kostaldean; Hippocampus hippocampus eta H. ramulosus . Ur ez oso sakonetan eta hondartza inguruko alga-metatzeetan ikusi ohi dira.

Itsas txakur grisa, itsas txakur arrunta, itsas txakur txanoduna eta mortsa dira Bizkaiko Golkora hurbiltzen diren pinipedoak.

Dortokei dagokienez, 2001. urtean Floridatik, Karibetik eta Erdialdeko Amerikatik etorritako hamar ale gazte azaldu ziren euskal kostaldean. Horien artean aipatzekoak dira egiazko kareta dortoka eta larruzko dortoka. Ainhize Uriartek gogorarazi duenez, “iaz, Euskal Herriko kostaldean, hamar bat kareta dortoka agertu ziren, nahiz ez den ohikoa hainbeste indibiduo agertzea”. Bizkaiko Golkora hurbiltzen diren dortokak zaindu eta babesteko, Donostiako eta Arroxelako akuarioek elkarlanean dihardute, eta garaia heltzean Landetako hondartzetan askatzen dituzte. Larruzko dortokari dagokionez, “tamaina handiko animalia da eta azkenekoz duela hamarkada bat ikusi zen Getarian eta Ondarroan”.

Aurtengo apirilean Getariako kostaldean lehorreratutako izurde arrunta.
Argazakia: Ambar

Urpekariei ezaguna egingo zaien morena ( Muraena helena ) aingira itxurako arraina ere ezin aipatu gabe utzi. Gauez ehizatu eta egunez pausa egiten duen arrain harraparia da. Urpekarientzat aparteko arrantza bada ere, Bizkaiko Golkoan oso gutxi daude eta ez litzateke arrantzatu behar.

Deigarria den beste familia bat pinipedoena edo itsas txakurrena da. Ambar elkartearen datuan arabera, iaz, Euskal Herriko kostaldean aurkitutako pinipedoak Gipuzkoako kostaldean aurkitu ziren. Itsas txakur grisa, ( Halichoerus grypus ), itsas txakur arrunta ( Phoca vitulina ), itsas txakur txanoduna ( Cytophora cristata ) eta mortsa ( Odobenus rosmarus ) dira gure kostaldera hurbiltzen diren pinipedoak. Itsas txakur grisa, normalean, ez da Bizkaiko Golkoan bizi, baina korronteek britainiar irletako hego-ekialdean eta Bretainiako Finisterren bizi diren kolonietako indibiduo gazteak honaino ekartzen dituzte, indarrik gabe eta noraezean.

Zetazeoak, moko-baleak eta baleak

Xibarta balea udan ikus daiteke, iparraldeko ur hotzetara emigratzen.

Zetazeoak ere arriskuan dauden espezieak dira, arrantza-baliabide diren aldetik. Talde horren barnean, hegaluzearen kanpainan ikusgai izaten diren izurdeak dira aipagarrienak. Garai horretan, sardina- eta txitxarro-multzoei jarraituz, kostaldetik oso hurbil ibiltzen dira. AZTIk dituen datuen arabera, negua euskal kostaldean pasatzen duen izurde arruntaren populazio bat badago, eta horietako batzuk Matxitxakoko lurmuturrean ikusi dira. Guztira, euskal kostaldean 100 bat izurde arrunt bizi direla kalkulatzen da. Izurde handiaren kasua, Kontxako badian bizi den Pakito ezaguna lekuko, bestelakoa da, mehatxaturikoen zerrendan baitago. Izurde hori Europako kostaldean zehar agertzen da, baina toki oso konkretuetan.

Bestalde, moko-baleak ere ikusi izan dira. Gehien agertu izan den espeziea cuvier moko-balea ( Ziphius cavirostris ) da. Iazko udan hiru agertu ziren Elantxoben, Barrikan eta Zumaian. Ambar elkartearen arabera, hirurak emeak ziren eta urdailean plastiko ugari zutela ikusi zen. Hortaz, espezie horiengan poluzioaren eragina zenbatekoa den esateko oraindik goizegi bada ere, argi dago ibaiak zikintzeak ondorio kaltegarriak dituela.

Mazopak ere gure itsasertzean arrunta izateari utzi dio eta mehatxatutako espezietzat jotzen da. Animalia hori guztietan kostazaleena da eta, horregatik, poluzioaren eragina zuzenean jasaten du. Antzina Bizkaiko Golkoan oso arrunta zen, baina azken 30 urteetan ia guztiz desagertu da euskal kostaldetik. Espezie hori ez galtzea lehentasuna da Europako Batasunean.

Gorgonia gorria koralak kolonia handiak sortu ohi ditu.

Galtzeko arriskuan dagoen beste espezie adierazgarri bat balea australa edo euskal balea da. Animalia hori orain dela 100 bat urte arrantzatu zen azken aldiz Orion. Gaur egun Kanadaren eta AEBen arteko kostaldean bizi da espezie horretako populazio finko bakarra. Talde hori 200 indibiduora ez dela iristen kalkulatzen da, eta ugalketa-tasa oso baxua dute. Kostaldetik gertu flotatzeko ohitura dute eta ez dira asaldatzen arrantzaleak gertu egonda ere; horrela, erraz arrantzatzeko aukera eskaintzen dute. Itsas espezie mehatxatuenen artean daude. Gaur egun Bizkaiko Golkoan aurki dezakegun balearik arruntena kostara nahikoa hurbiltzen den zere arrunta da. 2001. urtean, Castro Urdialesko hondartzan agertu zen espezie horretako balea bat, eta urtero euskal kostaldetik dozenaka zere arrunt iragaten direla kalkulatzen dute adituek.

Ambar, itsas fauna ikertu eta babesteko elkartea

Oraindik oso gutxi dakigu Bizkaiko Golkoko uretan bizi diren zetazeoei buruz, eta hutsune hori betetzeko asmoarekin sortu zen 1996an Ambar elkartea. Gure kostaldeko uretan bizi diren zetazeoak aztertzen dabiltza ordutik, eta, dagoeneko, emaitza ikusgarriak lortu dituzte.

Gaur egun elkarteak honako proiektu hauek ditu esku artean: Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean lehorreratzen diren ugaztun eta itsas-dortokak erregistratu eta informazioa batzea, Bizkaiko Golkoko zetazeoen behaketak egitea bai lurretik bai Bilbo-Portsmouth ferrytik, eta, azkenik, Donostiako badian bizi den Pakito izurde handiaren ( Tursiops truncatus ) jokabidea aztertzea.

Oraingoz, 23 zetazeo-espezie identifikatu ahal izan dituzte, horietako batzuk denontzat aski ezagunak direnak, adibidez: izurde handia, izurde arrunta, izurde pilotua edo zere arrunta. Baina, horietaz gain, ezohikoak diren beste batzuk ere ikusi dituzte; esaterako, sakonera handietan bizi diren Hiperoodon ampillatus eta Ziphius cavirostris (moko-baleak) espezieak behatu izan dira Cap Breton-go fosaren inguruan. Orain dela gutxi, kostaldetik ere behaketak egiten hasi dira eta, dirudienez, nahiko erraza da lurretik prismatikoz izurde-taldeak ikustea.

Pakito izurdearen jokabidea ere aspalditik ari dira aztertzen. Etorri zenetik egin diote jarraipena eta nahiko istorio bitxia du. Hasiera batean Igeldo inguruan agertu zen, beste bi izurderekin batera, heldu bat eta kume bat. Bi hilabetez inguru hartan ibili ostean, beste biak desagertu eta Pakito bakarrik geratu zen. Dirudienez, gustukoen duen lekua badia da, jadanik lau urte baitaramatza bertan bizitzen. Aurten urperatzeak egiteko asmoa dute Ambar elkartekoek, animaliari gertuko argazkiak ateratzeko eta bere ezaugarri guztiak zehatz-mehatz jakiteko.

Pakito izurde handiak lau urte daramatza gure artean.
Ambar

Orain arte golkoko zetazeoen inguruan jakin den guztia etorkizuneko proiektuen eta lanen oinarria besterik ez da. Oraindik galdera asko daude erantzun gabe, eta Ambar elkarteak ikertzen jarraitzeko asmoa du, behintzat erantzun horietatik batzuk lortzeko.

Zetazeoen lehorreratzeen inguruko argibide gehiago nahi izanez gero: www.geocities.com/ambar112 eta Ambar elkartearekin kontaktuan jartzea nahi izanez gero: jasper@euskalnet.net .

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia