Elhuyar zientziaren komunikazioa

Euskal Herriko kostaldea (VI): Gipuzkoako hondartzak

1995/08/01 Estonba Mintxero, Mikel Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hondarribiako oraingo hondartza artifiziala. Ikuspegi ekologikotik askoz ere pobreagoa da.
M. Estonba

Maiatzako eta ekaineko aleetan Euskal Herriko hondartzen ezaugarri ekologiko eta geologiko nagusienen eta Lapurdiko hondartzen egungo egoeraren, hurrenez hurren, berri izan zuten gure irakurleek. Oraingoan, berriz, Gipuzkoakoen txanda da.

Gipuzkoa ez da ezaguna bere hondartzengatik, bere kosta labartsuak leku gutxi uzten baitu horrelako elementu geomorfologikoen eraketarako, baina edertasun handiko hondartzak ditu ibaien itsasadarretan.

Hala ere, Lurralde honek azken urte hauetan izan duen biztanle-kopuruaren hazkunde handiak, kostaldeko herrietan nabaritu da bereziki, bertako ekosistema baliotsuak erasotu egin ditu eta hondartzak ez dira horretaz libratu. Azter dezagun hondartzen egoera herriz herri.

Hondarribia

Duna txiki batzuk agertu dira azken urte hauetan Hondarribiako hondartzaren atzealdean.
M. Estonba

Mende honen hasieran Ingalaterrako botanikoek Euskal Herriko landaredia aztertzeko egin zituzten irteereko kronikatan, HondarribiaTxingudi badian zegoen hondartzako dunetako landare-dibertsitatea eta originaltasuna azpimarratu bazuten ere, egun, ez da ezertxo ere geratzen altxor ekologiko horretatik, Hondarribiako herriaren hedapenak eta Bidasoa ibaiaren bokalea kanalizatzeak desagertarazi egin baititu antzinako hondartza zoragarria eta bere dunak.

Bere ordez, gaur egun Hondarribiako espigoiaren ondoan sortu den hondartza artifiziala topa dezake. Hau, aisialdirako lehengoa baino egokiagoa bada ere, ikuspegi ekologikotik pobre samarra da. Hala ere, azken urte hauetan hondartzaren eskuinaldean duna txiki batzuk sortu dira eta zenbait gramineo psammofiloak ikus daitezke bertan. Atzerago, hondartzaren atzealdean dagoen aparkalekuaren ondoan, belardi heze handi bat dago eta Gipuzkoa osoan Txingudin soilik ikus daitekeen apo lasterkariaren (Bufo calamita) populazio handi bat bizi da bertan.

Ez dunak, ezta apoak ere, ez dira lasai bizi. Lehenengoak, Hondarribiako udalak hondartzako “belartzarrak” kentzeko asmoz, urtero dunetako landareak ateratzen dituelako Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzak atzealdean kirol-kai bat eraiki nahi duelako.

Mende hasierako grabatu horretan, dagoeneko desagertu diren duna zoragarriak ikus daitezke.

Donostia

Gipuzkoako hiriburuaren ospeak bere hondartzean aparteko eragina izan badute ere, bertan bultzatu den hirigintz-garapena dela eta, gaur egun egoera larrian daude. Interesgarria litzateke historian atzera egitea, egoera kezkagarri horren jatorria hobeto ulertzeko.

Egun ezagutzen dugun Donostia Urgul irlaren tonboloan, badiaren hareatzetan eta Urumea eta Ibaeta ibaien itsasadarren paduretan eraikita dago. Hiria hazi den heinean, inguruak bete egin dira eta horren ondorioz, Urumeako padurak minimoetara murriztu ezezik, Gros eta Ondarretako dunak desagertu egin dira eta Kontxako hondartzaren hondartza gorena asfaltopean azpian geratu da, marea bizitako egunetan hondartza erabat urez estalirik geratzen delarik.

Sarraski horren ondotik, eta hondartzen berreskuratze-planen izenean, Groseko eta Kontxa hondartzetara harea eramateko lan garestiak eta ekologikoki oso kritigarriak (hare erauzketak kalte handiak sortzen baititu hondo bigunen itsas ekosistematan) bultzatzen ari dira, irtenbidea ingurugiroa errespetatzen duen hirigintza garatzea dela kontutan hartu gabe.

Orio

Talaimendi eta Mendizorrotz mendien artean dagoen ebakidura estuan, itsasoratzen da Oria ibaia .Itsasadar zoragarri horren bokaleko barrak, nabigazioa dela eta, buru hausteak sortarazi dizkie betidanik Orioko arrantzaleei.

Gaur egun, arazoa konponduta ez dagoen arren, Orioko itsasadarra kanalizatuta dagoela ikus daiteke, horrek orain dela urte batzuk Orio herria inguratzen zituzten padura gehienak lehortu ezezik, bere dunengan aldaketa nabarmenak ere eragin ditu.

Dena den, aldaketarik kaltegarrienak gizakiak eragindakoak dira, Oriako duna zoragarrientan Orioko udaletxeak kanpina, futbol-zelaia, aparkaleku erraldoia eta hainbat taberna eraiki baititu, eta, dunak eta bere landaredia, eraikuntzen artean isolaturik geratu diren aztarna txiki batzuetara murriztu dira.

Oriako itsasadarraren ezkerraldean, Talaimendiren atzean, Oribarzarreko hondartza zoragarria dugu. Militarren kanpamentua egon zen hondartza horretan. Gaur egun, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aterpe bat dago bertan. Hala ere, eraikuntza horiek eta Bilbo-Behobia autopistaren zubiak ingurua dezente itsusitu badute ere, oraindik nahikoa ondo mantentzen da hondartza hau.

Orioko Oribarzarreko hondartza.
M. Estonba

Zarautz

Zarauzkoa dugu dudarik gabe Gipuzkoako hondartzarik luzeena. Jatorria, Zarautz inguruan itsasora zabalik zegoen badia itxi zuen hare metaketa izan zen. Baina gaur egun, zabalera txikia du, Zarautz dunen gainean eraiki eta zabaldu baita.

Ikuspegi ekologikotik hondartzaren eskuinaldea da garrantzitsuena, bertan Inurritza errekaren padura eta kanalizaziorik gabeko bokalea ezezik, golf-zelaian eta bere aurrealdean mantendu diren dunetan Gipuzkoako landaredi psammofiloaren ordezkaritzarik dibertsoena eta zabalena ere baitago.

Zarauzko dunak dira Gipuzkoako zabalenak eta dibertsoenak . Bertan Zarauzko Izadi Taldeak egiten ari den lana, Euskal Herriko gainerako dunetan egin beharko litzatekeenaren eredu izan daiteke.
M. Estonba

Duna-puska horren iraupena, ordea, ez da batere segurua, golf-zelaia eraikitzeak suposatu zuen jipoiari, ekaitz-egunetan itsasoak dunengan eragiten duen higadura handia eta gizakiaren eragin itzela gehitu zaizkio.

Une honetan Zarauzko itsas pasealekuaren segida modura, MOPTMA delakoak Zarauzko dunetan zurezko plataformak ipini ditu. Obra horiek bere alde onak eta txarrak ditu. Alde batetik, golf-zelaiari puska bat kendu dio pasealekua egiteko eta horrek, dunak gutxiago zapaltzea ekarriko du berarekin seguruenik. Gainera, dunak itxi egin dira jendearen pasabidea galarazi asmoz eta Zarauzko Izadi Taldea dunak birlandatzen ari da. Euskal Herri osoan eman den lehen kasua da. Baina, bestetik, ezin da ukatu, pasealekua eraikitzeak gizakiaren eragina areagotu egingo duela, hori Zarauzko dunentzat kaltegarria izan daitekeelarik.

Arazoa sahiestu nahian, Zarauzko Izadi Taldeak, udaletxearen laguntzarekin, hainbat informazio-panel ipini ditu inguruan, jendeak, ekologi ikuspegitik hain garrantzitsua den ingurunea errespeta dezan.

Getaria

Getariako Gaztelupe hondartza.
M. Estonba

Getarian bi hondartza txiki daude, San Anton mendia eta lehorra lotzen duen istmoaren alde banatan. Eskuinaldean, Getariako portuko dikeen eraikuntzaren ondorioz sortu zen Malkorbe hondartza dugu. Hondartza artifizial eta txiki horrek ez ditu dunak sortzeko baldintza egokiak eskaintzen eta horregatik ikuspegi ekologikotik ez du garrantzi handirik.

Gaztelape hondartza istmoaren ezkerraldean dago eta itsasora zabalik dagoen hondartza da. Mendipean sortu den hondartza hori ez da hareazkoa bakarrik, hartxintxarrak ere baditu. Bere egitura dela eta, gaur egun ez du dunik garatzeko ahalmenik.

Zumaia

Zumaiako Santixo hondartzak, Zarauzkoaren modura, duna handiak eta egituratuak ditu.
M. Estonba

Urola ibaiaren itsasadarran eraiki zen herri honek, bi motako hondartzak ditu. Alde batetik, ibaien bokaletan agertu ohi diren barra eta hareatza jatorria duen Santixo hondartza zoragarria, eta bestalde Zumaia eta Deba artean dauden itsaslabar ikusgarrien oinpean sortutakoak.

Santixo hondartza, une honetan kirol-kaia eraiki nahi dutelako desagertzear dagoen Santixoko padura ederretik Zuloaga pintorearen etxeak banatzen du. Hondartza horretan, Zarauzkoak bezalako duna zoragarriak ikus daitezke. Duna horietan, giza presioa handia bada ere, nahiko ongi kontserbatzen da eta oraindik, dunen zati desberdinak ere bereiz daitezke.

Itzurun hondartza. Zumaia.
M. Estonba

Beste hondartzatatik, Itzurunekoa bakarrik aipatuko dugu artikulu honetan gainerakoak Euskal Herriko labarrak aztertzerakoan aipatuko baititugu. Itzurun hondartza, Zumaia herriaren atzealdean dauden itsaslabarren oinpean dago eta bere kokapena eta zabalera medio, ez du duna-egiturarik. Bere balioa, hondartza inguratzen dituzten labarretan dago. Baina horretaz, arestian esan bezala, beste artikulu batean hitz egingo dugu.

Deba

Deba ibaiaren bokalean bi hondartza daude. Eskuinaldean, Deba ibaiaren itsasadarra kanalizatu aurretik bertan sortzen zen barraren lekukoa den, Deba hondartza. Hondartza handi horrek, duna zoragarriak izango zituen garai batean, baina Deba herriaren zabalpenak, trenbideak eta turismoa indartzeko hondartza gorenan egin diren lanek erabat suntsitu dituzte.

Debako hondartza.
M. Estonba

Bokalearen ezkerraldean berriz, Mutrikuko Ondarbeltz hondartza dugu. Balio ekologiko gutxiko hondartza hau ibaiaren kanalizaziorako ezkerraldean eraiki zen espigoiak sortarazi zuen. Deba ibaiak duen populazioaren lekuko dugu eta bere izenak oso ondo adierazten duen moduan, harea iluna du.

Mutriku

Mutriku herriaren lurretan, aurrez aipatu dgun Ondarbeltz hondartzaz gain, beste hiru daude. Hiru horietatik, bik Galdonamendi itsaslabarren pean daude, bata Mutrikuko portuaren ondoan eta bestea, mendebalderago dagoen Zazpi Hondartzak deritzona. Hondartza txiki eta arriskutsu horrek dituen harri ugari dela eta, bertakoek zazpi hondartza txikiagoz osatuta dagoela diote, eta hortik datorkie izena.

Baina, hirugarrena da dudarik gabe interesgarriena. Saturraran hondartzaz ari gara. Saturraran errekaren bukaeran eta Ondarruko badiaren eskuinaldean dagoen hondartza zoragarri horrek, zituen balio ekologiko garrantzitsuenak galdu egin ditu azken urteetan. Errekaren bokalea kanalizatzerakoan zuen padura txikia suntsitu egin zen. Bestalde, hondartzaren atzealdean altxa diren eraikuntzak eta gizakiaren eskuhartzeak, hondartzaren antzinako dunak aztarna txiki batzuetara mugatu ditu.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia