Euskal Herriko itsas hegaztiak

1986/04/01 Saiz Elizondo, Rafa - Itsas Enara Ornitologia Elkartearen lehendakaria Iturria: Elhuyar aldizkaria

"Euskal Herrian itsas hegaztirik ba al dugu?" Galdera horren erantzuna baiezkoa izatea sorpresa handia izan daiteke horientzat.

Dudarik gabe, jende asko harriturik geldi daiteke izenburua irakurri bezain laster. "Euskal Herrian itsas hegaztirik ba al dugu?" Galdera horren erantzuna baiezkoa izatea sorpresa handia izan daiteke horientzat. Eta, hala eta guztiz ere, egia da: 33 espezie inguru ikus ditzakegu urtero, kostatik nahiz itsasuntzitik, horietatik 5 gure artean ugaltzen direlarik.

Itsas hegaztien artean, batzuk besteak baino itsastarragoak dira; esate baterako, gabai, martin eta millabarrikak erabat pelagikoak dira ugalketa-garaitik kanpo, baina kaioak batez ere kostan bizi dira. Elikadura ere desberdina da: espezie batzuk arrainez elikatzen badira ere, beste zenbaitzuk planktona jaten dute batipat, eta beste batzuk ia edozer gauza jan dezakete. Azken talde horretan kaio, serora, txirrin eta antxeta gehienak sar ditzakegu. Hori dela eta, familia horietako espezie gehienek hedapen izugarria jasan dute azken urteotan; giza zibilizazioak behar duten janaria tonaka ekoizten bait du.

Txakarjalea edo txirrina neguan edonon ikus dezakegun hegaztia da, eta denetik jan dezake. Hau ere habiagile da Euskadin.

Iktiofagoen artean, arrantza-teknika desberdinak ikus ditzakegu: batzuk (antxetek, adibidez), hegan doazela urazalean dabiltzan arraintxoak harrapatzen dituzte; beste batzuk (gabarrasak eta pottorroak, adibidez) murgil-igerian jarraitzen diete arrainei, harrapatu arte. Azkenik, teknikarik ikusgarriena, atun-txori eta saugarena aipatuko dugu: pikatua edo zanga. Hegaztia hegan doala, urpean dabilen arrain bat ikusitakoan, bere burua muturrez aurrera botako du, eta arraina horrela harrapatuko du.

Sanga, brojua, glopea edo kopla. Itsas espezierik ikusgarriena. Arrainak harrapatzeko 30en bat metrotik botatzen du bere burua uraren gainera. Irailean oso ugaria da, eta garai horretan kostako edozein puntutatik ikus genezake prismatikoz horniturik.

Baina, gehienetan, gizakia hegazki hauen etsai gertatzen da, batzutan inboluntarioki bada ere. Ehiza, kutsadura, petrolio-isurketak..., populazioen beherakada sorteraz dezaketen faktoreak dira. Azkenak, batez ere, egoera larriak sortu izan ditu Galizia eta Britainian gertaturiko istripu latzen ondorioz. "Torrey Canyon", "Amoco Cádiz", "Urkiola"... eta beste zenbait untzien izenak mundu osoko egunkaritan agertu ziren, eta haiekin batera ehundaka hildako pottorro eta beste hegaztien argazkiak. Nahiz eta haiek izandako arrakastarik ez izan, Euskal Herrian ere ehundaka itsas hegazti hiltzen dira urtero hondartzatan, batzuk erabat petrolioztaturik daudela. Horietaz gain, arrantzaleek ere milaka harrapatzen dituzte jateko, nahiz eta espezie gehienak babesturikoak izan.

Ondoko argazki-bilduman ez dira Euskadiko espezie guztiak sartu. Egia esan, gehienak kanpoan gelditu dira, baina nahiko sorta errepresentatiboa da, atun txoriak eta gabarrasak agertzen ez badira ere.

Ugarroia, bolboriña edo pottorroa. Bizkaian ugaltzen da; Gipuzkoan jadanik suntsiturik dago. Neguan beste espezie bat ere etortzen zaigu.
Antxeta, txirleta, marlaxka edo ñoñioa da benetako "kala-txoria". Espezie hau oso ugaria da itsas zabalean, baina kostan ia ez da ezaguna. Urtean milaka ale hiltzen ditu gizakiak, helburu gastronomikoak direla medio.
Kaio gaztea marroia da, eta zahartuz doan neurrian zurituz doakio lumaia, bizkarretik hasita.
Pottorro mokomotza edo uxuxu "emea". Familiako beste espezie guztiak bezala, petrolioarekiko sentsibilitate handikoa da.
Lanperna-muxua, karkulua edo papalaioa. Oso hegazti bitxia eta komikoa dugu, eta jendeak dibulgazio-liburuen bidez ezagutzen du.
Kaioa, marloina edo "itxetxorija", Euskal Herriko itsas hegaztirik ugariena, habiagile bezala, bederen. Ugalketa-kolonia asko dauka gure geografian zehar.
Millabarrika edo barakatza. Euskal Herrian ugalketa-kolonia bat dauka, baina ez da oso ugaria.
Marikoa. Arrantzaleek ederki ezagutzen duten hegaztia, beste itsas hegaztiei janaria lapurtzen bait die.