}

Euskal Herria eta Mexikoko arroketan duela 65 milioi urte gertatutako suntsipena

2000/04/01 Nuñez-Betelu, Koldo Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arroka sedimentarioak nonahi azaleratzen dira Euskal Herrian. Arroka hauetako anitz itsasoaren hondalean eratu da jalkinak emeki-emeki pilatuz. Mineralek, hainbat mikroizakiren eskeleto eta oskol mineralizatuek, hondar organikoek eta abarrek osatzen dituzte metatzen diren jalkinak. Itsaso sakonean, kostaldetik urrun, jalkinak oso erregularki metatzen dira, milioika urtetan zehar etenik gabe. Horrelako inguruetan eratzen diren arrokek, bero eta presio handien bidez eraldatzen ez badira, jatorrizko osagaiak gordetzen dituzte eta osagaion bidez oso informazio preziatua lor daiteke, aspaldiko lekuko bihurtzen baitira. Horrela, itsasoan bizi diren mikroizaki planktonikoak hildakoan zirimiri mineralaren modura jauzten dira hondoraino eta bertan metatzen dira foraminiferoen oskolak, dinoflagelatuen kisteak eta karekizko nanofosilen eskeletoen osagaiak, besteak beste. Mikroizaki hauek oso sentikorrak dira ingurugiroan gerta daitekeenarekiko. Azkar eboluzionatzen dutenak dira, gainera. Beraz, mikroizakien aztarna fosilak eta itsas ondoko arroka sedimentarioen ezaugarriak aztertuz, iraganeko hainbat datu ondoriozta daitezke, hala nola paleoklimatologia, paleogeografia, etab.

Kretazeoa, duela 65 milioi urte inguru amaitu zen. Amaiera ez zen nolanahikoa izan, ordurarte bizi izandako izaki ugari orduantxe suntsitu baitzen. Guztiok ezagutzen ditugun dinosauruak, milioika urtetan bizi izan ziren munduan polotik polora. Itsaso epeletan, narrasti erraldoiak eta txipiroien familiako barraskilo-itxurako amoniteak bizi izan ziren erruz Kretazeoan zehar. Hauek eta beste asko, lipar geologiko batean desagertu ziren. Suntsipena azaltzeko hipotesi ugari kaleratu dira azken hamarkadetan eta hauetako bi nagusitu dira. Lehenengoaren arabera, kanpo-espaziotik etorritako hamar bat kilometroko meteorito edo kometa erraldoi batek sortutako txikizio eta ondorio latzek eragin zuten hilketa masiboa. Aitzitik, bigarren hipotesiak honakoa mantentzen du: Kretazeoaren amaieran egungo Indian gertatutako erupzio bolkaniko izugarriak izan zitezkeela suntsiketaren oinarri.

Joan diren hondarreko 20 urteotan, kanpotik etorritako bolidoaren aldeko froga asko aurkitu dira mundu osoan barreiaturik. Azkenetakoa, talkaren ondorioz eratutako kraterra litzateke. Hau, Mexikoko Yukatan Penintsularen lurrazpian agertu da. Beraz, herri hau oso interesgarri da Kretazeoaren amaieran gertatutakoa ikertzeko. Izan ere, Mexikoko iparrekialdean Kretazeoko arrokak azaleratuta erakusten dituzten oso leku onak daude. Bertan, arrokak ikertu eta laginak bil daitezke, laborategian tratatu ondoren, mikroskopiaren bidez aztertzeko.

Bestalde, gaur egungo Euskal Herri gehiena itsaso sakonak estalita zegoen Kretazeoaren bukaeran. Orduan metatu ziren jalkinak eta ondoren eratutako arrokak, gaur egun toki askotan azaleratuta daude, ikerketa-mota honetarako Euskokantauriar Arroa munduko garrantzitsuenetakoa delarik.

Dagoeneko, gure taldeak lan asko burutu du Euskal Herrian, emaitza oparoak eta eskarmentu ederra lortu direlarik. Hori dela eta, une aproposa da Euskal Herriko informazioa Mexikokoarekin erkatzeko. Baina, eginbeharrekoa ez da alderatze-azterketa soila, orain arteko jakintza sakontzeko tresna baizik. Helburu hau medio, abiatu berria da hiru urte iraungo duen proiektu hau. Areago, jada egindako lanetan harreman eta loturak sortu dira munduko beste zenbait ikertzailerekin. Hortaz, proiektuan EHUko eta Huelvako unibertsitateko ikertzaileok Frantzia, Alemania, USA eta Mexikoko ikertzaileak izango ditugu bidelagun lan honetan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia