}

Euroari buruzko zenbait gogoeta kritiko

1998/09/01 Galartza, Enrike Iturria: Elhuyar aldizkaria

Oraindino eurorik ez da jaulki. Beraz, haren jaiotza iragarrita dagoen arren, euroari buruz errandako guztia behin-behinekoa da. Hala ere, Europako Batasunak (EU-k) jadanik hartutako neurriek, horien atzean somatzen eta berresten den borondate politikoarekin batera, alde batetik, eta nazioarteko finantza-inbertsoreen jarrera 'euro'zaleak, bertzaldetik, Europako Moneta Batasuna (EMB) nahitaez aurrera joanen dela pentsarazten digute.

Arlo teorikoan, labur-labur, euroak ez dakarkio inolako funtsezko hobekuntzarik egun hain egoera kaxkarrean dagoen Nazioarteko Moneta Sistemari (gogoan izan Ekialdeko Asian berriki izan diren kinka larriak, Hirugarren Munduaren Kanpoko Zorrak edota truke-tasen, aldakorren, flotatzaileen, gorabeherak). Europako hamaika moneten arteko truke-tasak desagertuko dira, bai, baina benetako arazoa dena, dibisa eta finantza-merkatuen egonkortasunik eza, ez da inolaz ere urratuko. Ondorioz, euroaren balioaren ahalezko gorabeherak, Estatu Batuetako dolarrarekiko eta Japoniako yenarekiko batik bat, mugagabeak dira, espekulazio-uhin edo uholde erraldoi haren zain… Mehatxu horrek irauteak egungo Ekonomi Zientziaren gabeziak agerian uzten ditu.

Politika Ekonomikoari dagokionez, zera erran daiteke, euroarekin batera neoliberalismoa ari dira aplikatzen botere politiko europarrak. Hau da, jarduera ekonomiko guztietarako, botere politikotik bultzatzen den irizpidea merkatu-legearena da. Gizartearen norabide ekonomikoa eskari eta eskaintza 'libre'en joku ekonomikoak zehaztu beharko lukela pentsatzen dute (neo)libreganbistek, XIII. eta XIX. mendeetako pentsalari batzuen lez (Hume, Smith eta abar). Esku ikustezinen batek automatikoki ezartzen du merkatuan harmonia, baldin eta Estatuak edo antzeko esku ikusgarriren batek parte hartzen ez badu. Ahaztu beraz, antzinako keynesiarren ikuspegia, non errenten birbanaketaren beharra azpimarraturik baitzegoen. Haien aburuz, merkatuen akatsak Estatuak zuzendu behar zituen, denen, gizarte osoaren, onerako. Hortik Ongizate Estatua, orain desegiten ari direna.

Euroa eta EMB ez dira azken xede edo helburuak izaten gobernuen agendetan. Dioskunez, hazkunde ekonomikoa eta lanpostuen ugaritasuna dira lortu nahi dituzten emaitzak. Nola egin? 'Askatasuna' 'eginkariei' ematen. Eginkari askeek eratuko lituzketen iguripen edo itxaropen ekonomikoak ondasunen, zerbitzuen eta finantza-aktiboen salerosketetan gauzatuko lirateke, eta oreka ekonomiko orokorra zehaztuko lukete. 'Eginkari askeek' osaturiko ekonomian oreka beti izaten dela eredu matematiko nahikoa korapilotsu, leunki erranda, askok frogatzen dute. Baina, tamalez, banku-dirua edo poluzioaren eraginak edo enpresa monopolioak kontuan hartzen dituztenean, eredu horiek ez dira oreka bakarra eta egonkorra zehazteko gai.

Zoritxarrez, ekonomialari askoren ustez, soldaten gehiegizko igoerak dira langabeziaren iturburu bakarra. Euroaren eta EMBren atzean dagoen adierazpen ekonomikoa horixe da, hain zuzen. "Sindikatuak eta Ongizate Estatua (pentsioak, langabetuentzako ordainak, zergak,…) ez balira", argudiatzen dute, "soldatak jaitsi litezke, langabezia eskulanaren gehiegizko eskaintzaren seinalea delakotz esku ikustezinaren eraginez, oreka batera ailegatuko ginateke non borondatezko langabezia ez litzateke izanen". Agian, soldataren gutxiagotze galanta eginez gero nahikoa jende, egun INEMeko eta ANPEko zerrendan agertzen denaren artean, merkatutik aterako omen litzateke, langabeziaren arazoarekin amaitzeko.

Merkatu bakarra osatzen duten hamabost herriek filosofia berberaren arabera 'merkatu-oztopo' nazionalak desagertarazi zituzten Akta Bakarra zela medio (1987-1992 arteko trantsizio aldia). Askatasun ekonomikoak garatzeko eta errazteko erabiliko da euroa, moneta bakarra. Jadanik ondasun, zerbitzu eta finantza-aktiboak libreki mugi daitezke EBren barnean, horregatik, geratzen den doikuntza ekonomikoa lan merkatuari eta Ongizate Estatuari dagokie. Moneta Politika nazionalak desagertuko diren heinean gobernu bakoitzaren ahalmen ekonomikoak (makro, gizartearen norabide ekonomikoari dagokiona, eta mikro, Ongizate Estatuaren finantza-baliabideen sarrerei eta eralkipenei edo gastuei dagokiena) txikiagoak izanen dira. Gainera, 'Egonkortasunerako eta Hazkunderako Ituna'k defizit publikoei ezartzen dien muga Barne Produktu Gordinaren % 3, oso murrizgarria da.

Eurotik at ezin dela bizi entzuten da, zeharkako argudio gisa edo… EMBean esku hartu ez duten lau herrietatik hiru nahi izan ez dutelako geratu dira kanpoan (Britainia Handia, Danimarka eta Suedia). Ene ustez, horiek guztiek erran nahi dutena zera da, eurotik kanpo bizitzerik badagoela. Herri horiei, eta Greziari, eskatzen zaizkien politika ekonomikoa eta irizpide makroekonomikoak, eta gainerako herriei eskatzen zaizkienak bertsuak direlarik. Orduan, irizpide liberalak betetzea da arazo nagusia, eta ez euroan egotea edo ez.

Azkenik, 'esku ikustezina'k sortzen duen oreka ekonomikoan, ondarearen banaketa juxtuagorik zehaztuko den ikusteke dago. Historian zehar gertatutakoaren arabera, bai Iraultza Industrialean bai egungo krisialdian, desberdintasuna izan da emaitza nagusia, eredu matematiko gehienek besterik baiezten duten arren. Estatu-eskuhartzerik gabe, interes pribatuen arteko joko ekonomiko askeak ez dio ongizaterik ekartzen biztanleriaren zati handienari, hondamendi ekologikoa eta antzeko zuzengabekeriak ahaztu gabe.

EMBren bidean onartutako arriskuak

  • Sinesgarritasunaren afera: moneta berriaren etorkizunerako nazioarteko inbertsoreek euroari buruz duten iritzia erabakiorra da. Horregatik, Europako Banketxe Nagusiaren lehendakaritzaren inguruan sortutako eztabaida diplomatikoa 'kaltegarri'tzat jo dute adituek. Zergatik? Lehendakariaren politikarekiko independentzia zalantzan jartzen ari delako. Izan ere, finantza-merkatuen aburuz, menpekotasun politiko horren eragina moneta baten gogortasunaren aurka doa. Hitzartean pentsa daitekena zera da, gizon-emakume politikoek diru publiko gehiago xahutu nahi dute beti; ez diete defizit publikoari eta zor publikoari inolako beldurrik. Benetako bankagizonak (emakume gutxi daudelarik), ostera, oso kudeatzaile fidagarriak omen dira, ez zaizkielakotz batere atsegin kontuetako desoreka negatiboak (haien sarrerak eralkipenak baino handiagoak direnean pozten dira, baina haien etekin garbien aurrean norbaiten defizita dagoela gogoan hartu behar da).
  • Moneta Politika bakarraren eta Aurrekontu Publiko nazionalen arteko erlazioak berriak izanen direnez, ez dakigu haien artean zer gertatuko den. Egitura ekonomiko nazionalek ezberdinak izaten jarraitzen duten heinean, euroaren barneko konbergentzia edo baterantzako politikek oso ondorio latzak izan litzazkete.
    Hemen ere aipatzekoa da asimetriaren afera. Zer gertatuko litzateke Euskal Herriko esportazioekin euroa, esaterako, Frankfurteko merkatuan izandako kapital-sarreren ondorioz, dolarrarekiko eta yenarekiko aste batzuetan % 30 edo 50 igoko balitz?
    Zor Publiko nazionalen interes-tasak ezberdinak izanen direla aitortzen dute adituek, zein neurritan izanen dira ezberdin?
  • Epe laburrean langabezia bere horretan mantenduko da Europan, eta aldi berean soldaten igoerak mugatzeko politikak areagotuko dira. Horren ondorioz, hirietako miseria-guneak eta horiei lotuta dagoen hainbeste gizarte-arazo eta behar ez dira gutxituko (kale-borroka ekonomikoak ugaritzen ari dira Europan zehar, baita 'restos du coeur', 'sopas populares' behartsuentzako doaneko ekimenak ere).
  • Moneta bakarraren sorrerak arazo teknikoak ere badakarzkigu:
  1. Ordainketa Handiak bideratzeko behar diren telekomunikazio-sare informatikoak (TARGET, SWIFT,…) oso erronka tekniko handia dira. Finantza-bitartekariak egungo finantza-merkatuetan eguneko 24 orduak jarraian aritzen direnez, edozein matxurak edo akats informatikok izugarrizko ondorioak ekar liezaizkioke merkatuen funtzionamenduari.
  2. Banku-sistema nazionalek legezko bi moneten ordainketak kudeatu beharko dituzte hiru urtez. Hoberenean, truke-tasen arriskurik ez dute jasanen, baina berria den egoera bati itsasten zaion ziurtasunik eza, urduritasuna ere, ezin da ahaztu.
  3. Kontsumitzaileen aldetik, salneurrien zenbaki berrietara ohitu beharko gara. Garesti eta merke denik ezingo baitugu eurotan igarri, gure moneta nazionaletan egiten dugun era automatiko berean, gutxienez. Salneurriak bi monetetan ageriko dira salgai dauden produktuen salneurri-txarteltxoetan 1999tik aurrera. Azkenekotz, txanpon eta diru-paper berriak, 2002an jaulkiko direnak, hasieratik 'arraroak' izanen badira ere, laster ezagutuko ditugula (zenbait kasu mugatutatik aparte) uste dut. Horrez gain, banketxeek azken urteotako estrategiari eusten badiote, proportzionalki gero eta txanpon eta bilete gutxiago erabiliko omen da eta txartel elektronikoak hedatuko dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia