Elhuyar zientziaren komunikazioa

Etxebizitzatako suteak

1988/06/01 Mendizabal, E. Iturria: Elhuyar aldizkaria

Haltzaritarako apar berriak erre gabe iraun eta suteengatiko hildakoen kopurua murriztuko al da?

Su-arriskuak baloratzerakoan materialek su hartzeko duten erraztasuna garrantzitsua izanik ere, dena ez da hor bukatzen. Suaren zabalkuntzan faktore asko sartzen dira. Baserri inguruan dugun zaborrari su ematen badiogu, bero gehiena atmosferan galdu eta sua erregularki hazten da.

Etxe barruko sua ordea, erabat desberdina da. Gelaren geometriak (sabaiaren altuerak, ate eta leihoen posizioak) eragin nabarmena du suaren hedapenean. Pentsa ezazue piztutako pospolu bat egongelako besaulkira erortzen dela eta tapizak su hartzen duela. Sugarrak ez dira distiratsuak eta ez gara su hartu duela konturatu ere egingo.

Hogeitamar segundo barru, materialak kea, konbustio-gasak eta beroa botako ditu. Beste 30 segundo barru, sabaira iritsi eta bertan noraezean geratuko dira. Zabaldu eta sabaian geruza bat osatuko dute. Geruza hau material gehiago erretzen den neurrian trinkoago eta beroago bihurtzen da.

Bi minutu barru, geruza bero izugarria botatzen hasten da, erretzen diharduen elementura eta gelako beste haltzarietara berriro itzuliz.

Hiru minutu barru edo, bero-erradiazioa oso bortitza izanik gela osoa bere sugar-puntura iristen da, dena sugar bihurtuz. Hortik aurrera sua ez da linealki haziko eta bizi-bizi zabalduko da. Momentu horretan gelan norbait egonez gero, hilik suertatuko litzateke.

Etxeko beste geletan dauden biztanleentzat ere, sua arriskutsua bihurtzen da. Ke eta gas toxikoak izugarri zabaltzen dira ateetan zehar logela eta sarreraraino.

Hamar segundo nahikoa dira gela batetik irteteko, baina jendea suaren abiaduraz ez da konturatzen eta, sarritan, denbora alferrik galtzen du, sukaldera joan eta ontzi bat urez betetzen, esate baterako. Itzultzen direnerako sua neurriz gain hazita dago.

Suak duen dinamikak eta pertsonen portaera desegokiak dakartzate heriotzak. Ez da materialak suharberak izatearen kontua bakarrik. 1666an Londres-en izan zen Sute Handian ez zen hildakorik suertatu. Nahiz eta etxeak (gehienbat zurezkoak izanik) oso erraz erre, sua gradualki zabaldu zen. Jendeak sua zetorkiola ikusi eta ihes egiteko nahikoa denbora izan ere izan zuen.

Bestalde, 1985ean Bradford-eko futbol-zelaian izan zen sutearen ondorioz 56 pertsona hil ziren. Bertako tribuna zurezkoa zen (han ez zen poliuretanorik), baina egituraren forma zela eta, suak indar handia hartu zuen.

Sua, eserleku azpietako zaborrak piztu zirenean hasi zen. Tribuna azpiko barrunbeak etxeko gela baten modura jokatu zuen, suari hazten lagunduz. Zurerian zituen zirrikituetatik airea sartu eta sugarrak irten zitezkeen.

Kea berehala zabaldu zen tribunako teilatu azpian eta behean zegoen jendeari metro karratuko 40-50 kilowatt erradiatuko zizkion. Segundo gutxi barru jantziek su hartu eta larruazala erre zien. Jendea sutea zenbaterainokoa zen konturatu zenerako, beranduegi zen. Hasieran, sua dibertsio gisa hartu zuten. Teilatutik erradiatzen zen beroaren ondorio hilkorrei buruz ez zuten arrastorik ere.

Etxeko sute batean ere jendeari asko kostatzen zaio azkar erreakzionatzea. Ikertzaileek diotenez, kasu batzuetan, bost minutu behar izaten ditu zer egin erabakitzeko. Eta hori gehiegi da noski, suak gela bat hiru minututan erabat hartzen duela kontutan hartzen badugu.

Etxeetako sute askoren erregai, oheak eta tapizatutako aulki eta besaulkiak dira batez ere. Haltzari hauetan poliuretano asko erabiltzen da. Haltzarigileek poliuretanoa seguruago bihurtzeko era asko probatu dute. Hauetako bat, poliuretanoa sugarra atzeratzen duen materialaz estaltzea da. Beste modu bat aparra aldaraztea da, horrela hain azkar erretzea galeraziz.

Su-itzaltzaileek egindako proba: poxpolua bota eta minutu bat barru.

Konpainia batzuk sortu dituzten materialei su hartzerakoan aparraren gainazalean geruza gogor bat eratzen zaie. Geruza honek ez dio oxigenoari barrura sartzen uzten eta horrela su hartzea eta erretze-prozesua atzeratu egiten ditu. Datorren urtean produktu hauek ordezkatuko dute apar standarda. Produktu hauekin egin izan dituzten probatan ikusi denez, apar normalak baino bospasei aldiz denbora gehiago behar dute tenperaturarik altuena harrapatzeko. Honek jendeari denbora gehiago emango lioke ihes egin ahal izateko, baina astiro erretzeak sua detektatzeko denbora gehiago behar izaten du berekin.

Apar-mota hauek, beraz, ke-detektagailuarekin batera izango dira erabilgarriak.

Produktu berri hauek ere ordea, badituzte arazoak. Lehen aipatu ditugun haltzariek (besaulkiak...) bigunak izan beharko lukete, eta normalean materialak zenbat eta suharberatasun txikiagoa izan, are eta gogorragoak dira. Badute beste arazo bat ere: apurtzeko eta kurbatzeko joera dute; egiterakoan batez ere.

Haltzarigileek produktua berrantolatu egin beharko dute, erosleak aurkitzeko.

Etxeko suteetan gertatzen den ezbehar askotan, zer gertatzen ari den ez dakien edo berehala erantzun ezin dezakeen jendea egon ohi da: adineko jendea edo gaixoak, oso gazteak edo intoxikatuak egoten dira maiz. Kasu hauetan, jendeak erreakziona dezan nahikoa denbora edukitzeko sua moteltzea ez da aski izaten.

Apar-mota hauek beraz, benetako suteetan eta gela osoan zer gertatzen den ikusita probatu behar dira. Suteetatik aparte beren iraunkortasuna ere probatu beharko dute. Inork ez bait du erosi eta hilabete barru (oso segurua izan arren) sofa bat hondatuta ikusi nahi. Materiala aldatzearen irtenbideari garrantzi handia eman izan zaion arren, su-ikertzaileek uste dutenez, heriotzei ekiditzeko beste zenbait gauza ere egin daiteke; ke-detektagailuak instalatzera edo sute-arriskuak aztertzera jendea bultzatzea, adibidez.

Denetan garrantzitsuena beharbada, jendea eta bereziki haurrak, suak dituen arriskuen aurrean hezitzeko programa bat pentsatzea da. Programa hau batez ere leku publikoetan nola erreakzionatu jakiteko da.

Apar sintetikoak lehen aldiz merkaturatu zirenean, inork ez zuen pentsatzen ea suharberak ziren ala ez aztertu beharko zenik. Kontsumitzeko produktuak, normalean izango duten funtzioaren arabera probatzen ziren, eta ez suteak kontutan harturik. Poliuretanoak haltzarigintzarako material aproposa zirudien: biguna, iraunkorra eta merkea zen. Geroago ordea, materialak sofistikatuago bihurtu diren neurrian eta plastikoak metal tradizionalak ordezkatu dituzten neurrian, fabrikatzaileak sutearen aurkako probak egin beharrean aurkitu dira.

Suak etxe barruan kanpoan baino bizkorrago indar hartzen du.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Zientzia.eus-en

Erreferentziazko webguneetan

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia