}

Etikoki onartezintzat jo dute genetikoki eraldatutako haurren kasua

2018/11/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Jiankui He zientzialari txinatarrak genetikoki editatutako bi haur aurkeztu ditu komunikabideetan. Youtubeko bideoetan eta prentsan azaldu duenez, zazpi bikoteren enbrioiak eraldatu zituen, CRISPR teknikaren bidez, hiesarekiko erresistente egiteko. Eta, enbrioi haietatik, bikoteetako baten biki batzuk iritsi dira jaiotzera. Esperimentua egiazkoa dela baieztatu baino lehen ere, zientzia-komunitateak arbuiatu egin du, arriskutsua eta etikoki onartezina delakoan.
etikoki-onartezintzat-jo-dute-genetikoki-eraldatut
Jiankui He ikertzailea, genetikoki eraldatutako haurrei buruzko azalpenak ematen. Arg. The He Lab

Koldo Garcia Etxebarria Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko ikertzailearen ustez, gainera, bestelako ondorioak ere ekar ditzake Jiankui Herek egindakoak: “Benetan edizio genomikoa burutu badu, eta bere unibertsitatea edota etika batzordeak ez baditu jakinaren gainean jarri, edizio genomikoaren marra gorri etikoak gainditzeaz gain, praxi txarra da. Honi ezin diogu zientzia deitu. Ikertzaileok ezin dugu nahi duguna egin, bakarrik ahal dugulako: prozedura batzuk daude eta bete behar ditugu. Bestela zientziaren oinarriak eraunsten dira, eta gizartearen konfiantza, galdu.”

Hain zuzen, albistea zabaldu orduko, haren laborategia hartzen duen unibertsitateak, Hego-ekialdeko Zientzia eta Teknologia Unibertsitateak (SUTST) adierazpen bat kaleratu zuen, argi uzteko ez zutela ikerketaren berri, ikertzaileak ez zuela baimenik eskatu, oker jokatu duela eta nazioarteko kode etikoak gainditu dituela.

Edizio genomikoa erabiltzeari buruzko legeak ez dira berdinak herrialde guztietan, baina denak bat datoz alderdi batean: ezin dira belaunaldi batetik bestera transmitituko diren aldaketa genetikoak sortu, ezin baita jakin zer ondorio izango lituzkeen horrek. Hortaz, heldutan soilik dago baimenduta, baina muga askorekin, eta oso hastapenetan dago oraindik, gainera.

Ondorioak, ezezagunak

Txinako haurren kasuan, ordea,  enbrioiak eraldatu dira, jakin gabe, ez bakarrik zer ondorio izango dituen hurrengo belaunaldietan eta gizartean, baizik eta haurrengan beraiengan. Ikertzaileak azaldu duenez, CCR5 genea kendu die, hori baita GIBak infektatzen dituen zeluletara sartzeko erabiltzen duen zerraila. Baina teknika horrek albo-ondorioak eragin ditzakeela ohartarazi dute adituek; adibidez, minbizia izateko arriskua dakarrela esan du Julian Savulesku Oxford Unibertsitateko irakasleak.

Horrez gain, helburua bera ere gaitsezgarria da adituentzat, ez baitu gaitz bat sendatzea bilatu, baizik eta bestela ere prebeni daitekeen gaitz batekiko immune bihurtzea.

Auziak zeresana ematen jarraituko du, esaterako, Hong Kongen laster egitekoa den Giza genomaren edizioari buruzko nazioarteko biltzarrean. 

Koldo Garcia Etxebarriaren analisia: Geneak nahieran aldatzea: non daude marra gorriak?

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia