}

Eta, Pangearen aurretik zer?

2002/03/26 Elhuyar Zientzia

Pangea da, geologoen esanean, orain dela 250 milioi urte Lurrean zegoen kontinente bakarraren izena. Mugimendu tektonikoek eraginda, Pangea zatikatu eta apurka-apurka gaur ezagutzen ditugun kontinenteak eratu ziren.

Orain, Pangearen aurretik Lurrak zer itxura zuen argitu nahian dabiltza, eta Ipar Karolinako Unibertsitateko ikertzaileek Pangea baino mila eta zortziehun milioi urte lehenago zegoen superkontinentea aurkitu dute.

Orain dela 1800 milioi urte Columbiak izango zuen itxura, Pangearekin konparatuz

Columbia izendatu dute. Indiako, Afrikako ekialdeko eta Saudi Arabiako harkaitzak aztertuta heldu dira ikertzaileak ondorio horretara. Aztarna geologiko eta magnetikoen arabera, Indiako ekialdea Ipar Amerikako mendebaldearekin elkartuta zegoen eta Australiako hegoaldea Kanadarekin. Kontinente izugarriak gehienezko 12.900 kilometroko luzera eta 4.830 kilometroko zabalera zituen.

Baina kontua ez da hor bukatzen. Ikertzaileek diotenez, duela mila eta bostehun milioi urte, Columbia apurtu eta zatiak mugitzen hasi ziren. Handik bostehun milioi urtera, berriz batu eta Rodinia izeneko beste superkontinentea eratu omen zen. Kontinente horrek 700 milioi urtean osorik iraun zuen arren, berriz zatikatu eta mugituz joan ziren zatiak, azkenik, orain dela 250 milioi urte, berriro batu eta Pangea eratu zen arte.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia