}

Estrogenoak bularreko minbiziaren agresibitatea txikitzen duela aurkitu dute CIC bioGUNEn

2011/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Estrogenoak bularreko minbiziaren agresibitatea txikitzen duela aurkitu dute CIC bioGUNEn
2011/03/01 | Elhuyar

Estrogenoak bularreko minbiziaren pronostikoa hobe lezakeela ikusi du CIC bioGUNEko ikertzaile-talde batek. Egindako lanean frogatu dute bularreko minbiziaren zelula amen kopurua txikitzeko gai dela estrogenoa. Horrek azaldu lezake kasu horietan tumoreek agresibitate txikiagoa izatea, eta, horrenbestez, pronostiko hobea izatea. Breast Cancer Research and Treatment aldizkarian argitaratu dute lana.

Minbiziaren kontrako tratamenduak tumore-masa txikitzeko diseinatuta egon ohi dira. Alegia, gai dira tumorearen zelula-masa gehiena hiltzeko, baina minbiziaren zelula amak erresistenteagoak dira ohiko tratamenduekiko, hala nola kimioterapia eta erradioterapia. Horrenbestez, minbizia eraginkortasun handiagoz eta behin betiko sendatzeko, beharrezkoa da minbiziaren zelula amak ere deuseztatzeko moduak aurkitzea. Izan ere, azkeneko urteetan ikusi izan da minbiziaren zelula amak tumorearen agresibitatearekin lotuta daudela: zenbat eta handiagoa izan bularreko minbiziaren zelula amen proportzioa, orduan eta agresiboagoa da minbizia.

Estrogenoa hormona konplexua da; ezinbestekoa da bularra garatzeko eta behar bezala funtzionatzeko, baina, bestalde, minbizi-zelulak ugaltzea eragiten du, bularreko tumorea agertutakoan. Hala ere, ezer gutxi ezagutzen zen orain arte estrogenoak tumorearen zelula abiarazleetan duen eraginari buruz.

CIC bioGUNEn egindako ikerketan, hein batean, behintzat, argitu dute eragin hori. "Halakorik espero gabe, ikusi dugu estrogenoak bularreko zelula amen proportzioa txikitzen duela. Are gehiago, estrogenoaren hartzailea espresatzen duten tumoreak ez dira hain agresiboak; hobeki diferentziatuta egoten dira, eta, hortaz, pronostiko hobea izaten dute --azaldu du María Vivanco ikerketa-taldeko buruak--. Agian horregatik izaten dute pronostiko hobea estrogenoaren hartzailea espresatzen duten tumoreek". Beraz, haren ustez, "minbiziaren pronostikoaren primerako adierazlea" izan daiteke estrogenoaren hartzailea.

1
273
2011
3
004
Biokimika; Medikuntza; Osasuna
Albisteak
10

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia