}

Estratotipo izendapen ofiziala jasoko dute Zumaiako Itzurungo bi garai-mugak

2010/05/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Iaz, Zumaiako Itzurungo labarretan nabarmentzen diren bi garai-mugei estratotipo izendapena eman zieten nazioarteko bi erakundek, ICS Estratigrafiaren Nazioarteko Batzordeak eta IUGS Geologia Zientzien Nazioarteko Batasunak. Gaur, berriz, ekitaldi ofizial batean, iltze urreztatuen bidez seinalatuko dituzte bi garai-muga horiek.

Zehazki, Daniarra/Selandiarra eta Selandiarra/Thanetiarra dira estratotipo izendapena hartuko duten garai-mugak. Biak ere Paleozenoaren barrukoak dira. Lehenengoa, D/S, duela 61,1 milioi urtekoa da; itsas maila izugarri jaitsi izana da garai hartako gertaera geologiko aipagarriena. Bigarrena (S/T), berriz, duela 58,7 milioi urte izan zen, eta poloak alderantzikatu zirelako da garrantzitsua.

Hala ere, ez dira horiek Zumaiako labarretan azter daitezkeen muga bakarrak, beste batzuk ere oso garbi agertzen baitira. Horietako bat Kretazeotik Tertziariorako aldaketa da (K/T muga). Oso ezaguna da, dinosauroen desagertzearekin erlazionatuta egoteagatik. Hura bezain ezaguna ez bada ere, Paleozenotik Eozenora bitartekoa ere nabarmentzekoa da (P/E muga). Izan ere, garai hartan, Lurraren historian izan den klima-beroketa handienetako bat gertatu zen.

Gaurko ekitaldian, Stanley Finney, Eustoquio Molina eta Birger Schmitz ICS batzordeko kideak eta Xabier Orue-Etxebarria EHUko Paleontologiako katedraduna izango dira, besteak beste.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia