}

Esklerosi anizkoitzaren sintomak gutxitzea lortu dute

2009/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Esklerosi anizkoitzaren sintomak gutxitzea lortu dute
2009/04/01 | Elhuyar
Esklerosi anizkoitzean, neuronek euren kanpo geruza galtzen dute, mielina izenekoa.
Image courtesy of D.F. Bliss/Medical Arts Branch, National Institutes of Health

Zelula amen transplantea erabiliz, esklerosi anizkoitzaren sintomak gutxitu daitezke, Lancet Neurology aldizkarian argitaratu dutenez. Tratamendua esklerosi anizkoitz atzerakari-errepikaria zuten pazienteei egin diete Northwestern Unibertsitateko zientzialariek. Gaixoen eboluzioa ikertu dute hiru urtean, eta ondorioztatu dute prozesua bideragarria dela gaixotasunaren fase horretan dauden pazienteetan.

Gaixotasuna era progresibo eta gradualean hedatzen denean, zelula amen transplanteak ez du funtzionatzen. Esklerosi anizkoitz atzerakari-errepikaria duten pazienteetan, berriz, sintomak agertu eta gelditu egiten dira. Batzuetan urteak irauten dute geldialdiek.

Ohiko tratamenduan, hezur-muin guztia edo zati bat suntsitzen da, kimioterapia edo erradioterapia erabiliz. Baina horrek heriotza-tasa handia eragiten du. Teknika berrian, hezur-muina kendu gabe egokitzapen-tratamendua egiten da. Horretarako, gaixoaren odoletik zelula ama hematopoietikoak hartu, eta izoztu egiten dira. Ondoren, hezur-muina guztiz suntsitu gabe, immunitate-sistema ezabatzeko botika batzuk hartzen ditu gaixoak. Azkenik, berriro transplantatzen zaizkio bere zelula ama hematopoietikoak. Helburua da defentsa-zelula berriek gaixoaren gorputzaren aurka ez egitea.

Transplantea egin eta hiru urtera, pazienteen % 100ek ez zuen okerrera egin, % 81 hobeto zegoen eta % 62k ez zuen gaixotasunaren sintomarik. Ikertzaileek esan dutenez, esklerosi anizkoitza zelula amak erabiliz senda daitekeela adierazten du horrek. Izan ere, progresio neurologikoa saihesten duela eta ezintasun neurologikoari buelta ematen diola aurkitu dute.

1
252
2009
4
022
Medikuntza
Berriak labur
11

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia