Elhuyar zientziaren komunikazioa

Eskinosoa, basoetako salataria

1996/09/01 Elosegi Irurtia, Migel M. Iturria: Elhuyar aldizkaria

FITXA TEKNIKOA Eskinosoa

Gure inguruko faunari buruz ikasi nahi izatekotan, gida-liburu, entziklopedia eta antzeko iturriak aztertzeaz gain, aberasgarria izaten da animaliekin hurbileko harremana duten pertsonekin hitz egitea. Jende honek, ez du normalki adierazpen ponposo eta biribilik emateko ohiturarik izaten, baina beste ikuspegi batetik eta xarma bereziz azal diezaguke ezagutzen duena.

Hona hemen adibide gisa, kontu-kontari genbiltzalarik herriko ehiztari batek behin bota zidana: Mikak eta beleak bihotzez gorrotatzen zituela aitortu ondoren, korbidoak (“belearen familiako guztiak” haren hitzetan) “gaizki abesten duten hegazti azkar eta beltzak” direla esan zidan. Hark esandakoaz pentsatzen jarri izan naiz geroztik eta gorrotoarena alde batera utziz gero, definizioa egokia izan daitekeela iruditzen zait. Ikus dezagun bada, familia berberekoa den eskinosoak gure lagunaren definizioa betetzen ote duen.

Eskinosoa lumaje polit eta deigarriko korbidoa da. Hegoetan, kolore urdin eta beltzeko luma zoragarriak ditu.

Has gaitezen azkarra den ala ez ikusten. Eskinosoa zalantzarik gabe, animalia azkarra dugu, gainontzeko korbido guztiak bezala. Izenak adierazten duenez hegazti iheskorra da eta bere inguruan gertatzen den guztiaz jabetzen da. Inor somatu orduko gainera, zalapartaka ezkutatzen da basoaren ilunpean eta era horretan taldekide guztiak arriskuaren jakinaren gainean jartzen ditu. Nahiz eta soinurik atera gabe ibili, eskinosoak beti erne, berehala salatuko gaitu garrasika: “Shrraac, shrraac”, eta horregatik, ikustea baino errazagoa gertatzen da kantuarengatik detektatzea. Baliteke eskinosoak ateratzen duen soinu hau zein gainerako korbidoen kantuak, gure iritziz negargarriak izatea, baina komunikatzeko gaitasun handia edukitzeaz gain, beste hegazti batzuen kantua imitatzeko abildadea dute. Eskinosoak adibidez, egun eta gaueko harrapari askoren kantua ederki egiten du eta erakutsiz gero, hitz batzuk errepikatzen ere ikas omen dezake.

Koloreari dagokionean, gure lagunaren definizioa ez da zuzena, eskinosoa, belea edota erroia ez bezala, ez baita beltza. Aitzitik, kolore deigarriko gorputz arre-gorriska du eta buztan, moko eta “biboteak” besterik ez ditu kolore beltzekoak. Kopeta eta kaskoan, berriz, luma gris eta ilunak ditu, eta haserretzen denean harro-harro jartzen ditu. Hegalak azkenik, distira zoragarria duten luma urdin eta beltzez apainduta ditu. Aipatutako lumajea, berdina da ar eta emeena, eta gazteenak argixeagoak diren arren, helduen antzekoak dira oso.

Bestalde, eskinosoa tamaina ertaineko hegaztia dugu. 34 cm inguruko luzera du eta 170 gramoko pisua, arin samarra duen tamainarekiko. Moko eta hanka sendoak ditu, eta begi urdinak. Hegan egiteko era berezia du; kolpeka egiten du, itxura baldar samarra erakusten duelarik.

Beti erne, inor somatu orduko garrasika hasten da eskinosoa, taldekideak arriskuaz ohartarazteko.

Haziak, fruituak, zomorroak, ornodun txikiak, sarraskiak eta abar jaten dituenez, eskinosoa omniboroa dela esan dezakegu. Zuhaitzetan zein lurrean aurkitzen du janaria eta lurrean, beste korbido batzuk ez bezala, saltoka joaten da. Aipatu beharrekoa da animalia zuhur honek janaria gordetzeko ohitura duela. Ezkurrak eta bestelako fruituak ugari diren tenorean, batzuk lurrean edo enbor-zuloetan ezkutatzen ditu, eskasia dagoenean jan ahal izateko. Duen oroimen finari esker, gordetako fruituak gehienetan aurkitzea asmatzen duen arren, tarteka, batzuk utzitako zuloan bertan gelditzen dira eta honek, basoa berriztatzen laguntzen du.

Baso guztietan topa baldin badaiteke ere, harizti hezeak ditu hegazti honek gogokoen, eta oro har, Quercus generoko basoak. Dena den, pagadi eta oihan mistoetan ere espezie tipikoa eta ugaria da. Koniferoz birlandatutako lurraldeetan ere ageri da, baina arestian aipatutako basoetan baino kopuru txikiagoan.

Udaberrian ugaltzeko sena pizten zaie. Apirila-maiatza bitartean eta bikoteka elkartu ondoren, zuhaitz batean habia eraikitzen hasten dira, eta orokorki, ez oso goian. Honen egitura, adarrak eta lurra erabiliz osatzen dute, eta barrualdea ilez estaltzen dute. Bertan, emeak 3-7 arrautza berdeska erruten ditu eta gurasoek 18 bat egunez txitatu ondoren, eklosioa gertatzen da. 20 egun beranduago, txitoak habia uzteko moduan izaten dira. Urtean kumaldi bakarra atera ohi dute eskinosoek, baina lehen txitaldia zapuzten bazaie, bigarren bati ekiten diote lehenbailehen.

Eskinosoaren banaketa geografikoa zabala da Europan. Eskandinaviako iparraldean ezik, kontinente guztian bizi da; baita Asia eta ipar Afrikan ere. Iberian ere, basoa dagoen eskualde guztietako habiagile arrunta da. Euskal Herriari dagokionez, Nafar Erribera eta Arabar Errioxan ezik, leku guztietan ageri da, basoak estaltzen duen lurralde osoan alegia. Bestalde, kostatik Pirinioko goiko basoetaraino heltzen da eta esan bezala, gustukoen hosto-galkorreko basoak baditu ere, koniferoetan ere bizitzeko habitat aproposa aurkitzen du.

Basoko hegaztia da; harizti, artadi eta erkameztietan ugari aurkituko dugu. Hala ere, pagadi, pinudi eta abarretan ere, espezie tipikoa dugu.

Negua iristen denean, inguruotako eskinosoak bertan gelditzen dira; hau da, ez dute migratzeko joerarik erakusten. Europako iparraldean ordea, urtearen arabera bertan gelditu, edota hegoalderantz jotzen dute. Elikadura eskasia dagoenean beraz, eskandinaviako eskinosoek hegoaldera migratu beharra izaten dute bizirik iraun ahal izateko.

Gainontzeko hegazti guztiek bezala, eskinosoak kontu handiz zaintzen du lumajea; izan ere, honetxek ematen baitio janzkera aproposa eta hegan egiteko aukera. Hori dela eta, denbora franko pasatu behar izaten du lumak garbitu, txukundu eta orrazten, baina horrez gain, eskinosoak badu zeregin hauetan aipatu beharreko beste ohitura bitxia:Txingurritegiak bisitatzen ditu. Formica generoko txingurritegietan pozik etzaten da,eta bertan, hegalak zabaldu eta lumak harrotzen ditu txingurriak luma-tartera sar dakizkion.

Hauek, edozein etsaiarekin egiten duten bezala, azido formikoa botatzen hasten zaizkio eta itxuraz, gustu handia ematen dio honek gure eskinosoari. Antza denez, azido formiko delako hau, intsektizida ona da eta jokaera horrek, beraz, lumak eta larruazaleko akain eta gainontzeko bizkarroiak hiltzen laguntzeko balio dio. Sistema bitxia basoko salatariarena!

Espeziea: Garrulus glandarius
Familia: korbidoak
Ordena: paseriformeak
Klasea: hegaztiak

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia