}

Erretiro aurreratua Hubble-rentzat

2004/03/01 Lexartza Artza, Irantzu - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hubble teleskopioaren mantentze-lanetarako misioak bertan behera geratuko dira, NASAren estrategia-aldaketa dela eta. Hortaz, astronomian aldaketa handia eragin zuen teleskopioa hondatu egingo da, eta hemendik 3 edo 4 urtera ez da erabilgarria izango. Bush presidentearen espazioko plan berriaren ondorioetako bat da.
(Argazkia: ESA / nasa).

Hubble teleskopioak 11 tonako pisua du, eta 13,1 metro luze eta 4,46 metro zabal da. Ispilu nagusiak 2,4 metroko diametroa du. Lurraren atmosferak ez dio oztoporik egiten teleskopioari, eta hori da lortzen dituen irudien ezaugarri nagusietako bat.

Teleskopioa 1990ean jarri zuen orbitan Discovery transbordadoreak. NASAren hasierako ideiari Europako Espazio Agentzia gehitu zitzaion gero. Arazo asko egon zen Hubble sortzeko ideia proposatu zenetik gauzatu zen arte. 1986an, martxan jartzekotan zeudenean, Challenger transbordadoreak istripua izan zuen, eta, ondorioz, lau urtez atzeratu zen orbitan jartzea.

Izarren jaiotza
Hubble teleskopioak garrantzi handiko informazioa lortu du izarren jaiotzaren gainean. Irudietan, M17 nebulosa (goian) eta NGC 1569 galaxia hurbila (ezkerrean), izarren-haztegiak. Miaketarako Kamera Aurreratua (ACS, Advanced Camera for Surveys) erabiliz hartutako irudiak dira. (Argazkiak: Hubble (ESA / nasa)).

Hubble -ren helburu nagusia ordura arte behatzen ez zena behatzea zen, eta ondo bete du. Izan ere, gai izan da espazioan hainbat milioi urtez bidaiatu duen argia detektatzeko, eta hari esker dakigu unibertsoak 13,7 mila milioi urte dituela ere.

Unibertsoa gero eta azkarrago hedatzen dela ikasi dugu Hubble teleskopioak emandako informazioaren bitartez, eta, gainera, indar ilun misteriotsuak eragiten duela hedapen hori. Izarren sorrera eta heriotza ikusi ahal izan ditugu irudi ikusgarrietan, eta galaxien eboluzioari buruz askoz gehiago dakigu. Eguzki-sisteman gertatzen diren hainbat fenomenoren gainean xehetasun txikienak eman ditu Hubble -k.

Bush-ek plan berria aurkeztu zuenean, NASA Hubble teleskopioaren mantentze-lanetarako bosgarren misioa prestatzen ari zen. Aurreko lau misioetan behar ziren konponketa-lanak egin zituzten astronautek, eta zati berriak ere jarri zituzten. Bosgarren misioan, giroskopioak ordezkatu eta espektrografo eta kamera berriak jarri behar zituzten. Giroskopioak beharrezkoak dira teleskopioa orekatzeko, eta Hubble -k dituen seietatik hiru baino ez dabiltza ondo.

Bosgarren misio hori, ordea, egungo planak aldatzen ez badira behintzat, bertan behera geratuko da, eta 2007 ingururako funtzionatzeari utziko dio teleskopioak. 2011-2012an, orbitatik erori eta Lurrera jausiko da. Dagoeneko hasi dira erorketa segurua izateko planak egiten.

Nebulosa Orionen.
(Argazkia: Hubble (ESA / nasa).

Hemendik aurrera, beste batzuk izango dira NASAren lehentasunak, Bush presidentearen asmo nagusia gizakia Ilargira eta Martera eramatea baita. Misioa egin beharko lukeen transbordadorea Nazioarteko Espazio Estazioko lanetan baino ez da arituko hemendik aurrera. Horretarako, segurtasun-arrazoiak aipatu ditu NASAk. Izan ere, segurtasun-arauetan aldaketa handiak izan dira Columbia transbordadorearen istripua gertatu zenetik.

Asmo horiek ez dira guztien gustukoak izan, ordea. Astronomoen ustez, Hubble desagertzeak hutsune handia utziko du, eta geldialdi larria eragingo du astronomian. Bestalde, Bush presidentearen planen bideragarritasuna zalantzan jarri duenik ere badago. Hori guztia dela eta, teleskopioa salbatzeko kanpaina bat dago martxan, Estatu Batuetako gobernuari eskatzeko planak berraztertu edo beste finantziazio-bide batzuk bila ditzala. Momentuz, ordea, ez dirudi arrakasta handia izaten ari denik.

Argazki-erreportajea osorik ikusteko joan PDFra.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia