}

Errepideen labirintoa

2003/07/01 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Eguraldi beroarekin eta opor-usainarekin batera hasten dira zehazten askoren bidaiak. Munduko zein txoko edo herrialde bisitatu erabakitzea izaten da lehen eginbeharra. Jarraian, herrialde horretako mapak hartu eta ibilbidea zehazten joaten gara; bide batez, aste batzuk lehenago, bidaia etxean bertan hasten dugu horrela.
Herrialdeetako mapak egiteko, 1/25.000, 1/100.000 eta 1/250.000 eskalak erabiltzen dira.
E. Carton

Tamaina, zehaztasun, kolore, informazio eta eskala ezberdinetako mapak daude. Izan ere, egin nahi den bidaiaren arabera, aterpetxeak eta gune ikusgarriak kokatzen dituen mapa aukeratuko da, edo errepide txikiena ere agertzen dena, edo mendiko ibilbideak dituena...

Oro har, bi eratako mapak bereizten dira: lur-eremu jakin baten irudikapen zehatza eskaintzen duten mapa topografikoak, alde batetik, eta era guztietako fenomeno kuantitatiboak eta kualitatiboak erakusten dituzten mapa espezializatu edo tematikoak, bestetik.

Hala ere, mapa horiek guztiak osatzeko lehen pausoak antzekoak dira, nahiz teknika bat baino gehiago dagoen. Teknikarik zaharrena lekuan lekuko neurketa topografikoetan oinarritzen da, baina, beste hainbat arlok bezala, kartografiak ere aurrerapen teknologikoen bultzada izan du.

Topografia angelu- eta distantzia-neurketetan oinarritzen da lur-eremuak paper gainean irudikatzeko.
Argazkiak: NOAA

Gaur egun, mapak egiteko hegazkinetatik hartutako argazkietan edo satelite bidez jasotako irudietan oinarritzen dira kartografoak. Horrela, orientazio eskasa duen bidaiariaren zorionerako, erraz eguneratzen dira mapa guztiak. Alde horretatik, behintzat, ez dago galtzeko aitzakiarik.

Topografia, eremu txikietarako aproposa

Topografia angelu- eta distantzia-neurketetan oinarritzen da lur-eremuak paper gainean irudikatzeko. Topografoaren lehen egitekoa ezagunak diren puntuak, hau da, erpin geodesikoak, planoan kokatzea izaten da. Ondoren, distantziak eta angeluak neurtuz, puntu horien arabera kokatu beharko ditu gainerako puntuak.

Jakina, denbora asko eskatzen duen teknika da eta, gainera, materialaren eta topografoaren zehaztasunaren araberako errore-maila du. Horregatik, gaur egun, topografia eremu pribatuak neurtzeko, herri-lanetarako eta, oro har, eskala handiko neurketetarako erabiltzen da. Topografoak dira, halaber, mapan agertuko den informazio osagarria aukeratzen dutenak.

1/20.000 baino eskala txikiagoko mapak egiteko, hau da, lurralde-eremu handiagoak agertzeko, ohikoagoa da hegazkinetik ateratako argazkietan edo satelite bidez hartutako irudietan oinarritzea.

Fotogrametria: aireko argazkietan oinarritutako mapak

Fotogrametria hegazkinetik hartutako argazkietan oinarritzen da mapak egiteko. Noski, argazkiak ez dira nolanahi egiten; hegazkinak ibilbide zehatz bati jarraitzen dio eta erabiltzen den argazki-kamera automatikoa da.

Oso garrantzitsua da hegazkinak altuera konstantean hegan egitea eta argazki horiek zehaztasun handienarekin egitea. Izan ere, argazki horiei esker ondorioztatuko dira, besteak beste, eskala eta erliebea.

Hegazkinetik ateratako argazkiek 24x24 cm-ko tamaina dute eta 1960 ezkeroztik koloretakoak dira. Beheko argazkian, 1960-70eko hamarkadan erabiltzen zen kameretako bat.
Argazkiak: NOAA

Eskala argazki-kameraren objektiboaren distantzia fokalaren eta argazkia ateratzeko unean hegazkinak duen altueraren araberakoa da. Eta zenbat eta eskala txikiagoa izan, orduan eta handiagoa da agertzen den lur-zatia. Adibidez, eskala 1/25.000 bada, papereko zentimetro batek 250 metro ordezkatzen dituela esan nahi du.

Erliebea ere argazkien zehaztasunari loturik dago. Izan ere, fotografiatzen den lur-eremua laua bada ez dago erliebea ondorioztatu beharrik; baina zer gertatzen da eremu menditsuetan? Argazkiak lurrarekiko ardatz bertikalarekin hartzen badira, nola ondorioztatzen da mendi-tontorren garaiera?

Horretan zerikusi handia du bi argazki jarraikiren arteko antzekotasunak. Ez da kasualitatea bi argazki jarraiki oso antzekoak izatea. Normalean, argazki batetik besterako aldea fotografiatzen duten lur-eremuaren heren bat soilik izaten da.

Argazkiak bata bestearen gainean jarriz osatzen da puzzlea eta ondorioztatzen da lurreko puntu bakoitzaren altuera. Horretarako, estereogrametriaren printzipioetan oinarritzen dira teknikariak, eta bi argazki jarraikik bikote estereoskopikoa osatzen dutela esaten da.

Argazki guztiak atera ondoren hasten da laborategiko eginbeharra. Hasteko, puntu geodesiko eta sestra-puntuen arabera, argazkian erreferentzia-puntuak markatu behar dira.

Jarraian, errestituzioari ekiten diote. Hau da, argazkietatik mapak osatzeko garaia da, eta, besteak beste, erliebea zehaztu behar da. Horretarako, bi begiko ikusmenaren edo estereoskopiaren printzipioetan oinarritzen dira.

Argazkietatik mapak osatzeko, bi begiko ikusmenaren printzipioetan oinarritzen dira.
NOAA

Horrenbestez, lanik zailena egina dago. Hala ere, lortutako dokumentua edo estereominutua mapa mutua denez gero, lekuan bertan jardungo duten topografoek osatu egin beharko dute.

Argazki horiek tranpatiak, ilunak eta mutuak direla ere esaten da. Izan ere, erraz nahas daitezke lasto-meta bat eta txabola bat, ezinezkoa da oihanetako eta tuneletako bideak ikustea eta ez dira mendietako oinezkoentzako bideak edo administrazio-mugak ageri.

Kartografian ere sateliteak

Kartografia berria satelite bidezko irudiek hegazkinetako argazkiak ordezkatzean sortu zen. 1970ean orbitan jarri zuten Landsat satelite amerikarrak Lurraren ikuspegi berria eskaini zuenean gertatu zen hori. Horrez gain, eredu digitalak eta geografia-informazioko sistemek (GIS) ere ekarpen handia egin diote kartografiari.

Landsat 7 sateliteak 1999an egin zuen Japoniako Fuji mendiaren argazki hau.
Argazia: NASA/LANDSAT

Satelite bidez hartzen diren etengabeko irudiek mapak erraztasun eta zehaztasun handiz eguneratzea ahalbidetzen dute. Gainera, landarediaren eboluzioa, industriaren garapena, errepide berriak... guztia neurtzen eta kontrolatzen da satelite bidezko irudiei esker.

Sateliteek kartografiari egin dioten ekarpenik handienetakoa zehaztasun handiko informazioa ematea izan da. Horretarako, Lurra hainbat uhin-luzeratako erradiazioen bitartez irudikatzen da.

Lurraren erliebea ondorioztatzeko, radar- zein laser-uhinen joan-etorrian oinarritzen dira. Hau da, sateliteak Lurraren azaleran islatzen diren uhinen joan-etorria neurtzen du. Bistan da, zenbat eta erliebe handiagoa izan, orduan eta lasterrago egingo duela uhinak satelitea-Lurra-satelitea ibilbidea. Teknika hori gauzatu ahal izateko, sateliteak radarrez eta laserrez hornituta daude.

Radarraren eta laserraren arteko diferentzia nagusietako bat ozeanoen azterketetan nabarmentzen da. Radarrek irrati-uhinak igortzen dituzte, eta, oso sarkorrak ez direnez, itsasoaren azalak islatu egiten ditu. Laserretan, aldiz, uhin oso sarkorrak erabiltzen dira, eta hondoa jo arte ez dira islatzen. Horrela, mareen gorabeherak neurtzeko radarra erabiltzea komeni da, baina itsas hondoko erliebea ezagutzeko bide bakarra laserra erabiltzea da, oraingoz.

Etorkizunari begira

Landsat 7 satelitea. NASAk 1997an jaurti zuen familia horretako azken satelitea.
NASA

Aireko argazkiak, satelite bidez jasotako informazioa, tokian tokiko neurketak... gero eta informazio gehiago dago topografoen eta geologoen esku, baina kartografiak aurrera egiteko ez da aski gero eta informazio gehiago edukitzea. Mapa zehatzak egin eta erraz eguneratzeko ez ezik, lurralde-antolamendu egokia bideratzeko ere informazio hori guztia eskura eta antolatuta eduki behar da.

Gaur egun, arlo horietan lanean diharduten profesionalen ezinbesteko informazio-iturri dira geografia-informazioko sistemak. Sistema horiek espazioan detektatutako datu-multzoz osatuta daude, eta lurbirako eremuei buruzko informazioa jasotzen dute. Oso baliagarriak dira behin eta berriz aldatzen diren eremuei buruzko informazioa eguneratzeko eta, horrela, lurralde-antolaketa egokia bideratzeko.

Izan ere, geologia, klima, nekazaritza, ura eta beste hainbat esparruri buruzko informazioa emateaz gain, datu horiek guztiak elkar gurutzatzen dituzte. Horrek posible egiten du zentro komertzial berri bat eraikitzeak, adibidez, esparru horietako bakoitzean zein eragin izango duen aldez aurretik jakitea.

Espazioaren irudikapen sinple izatetik erronka berrietara egin du salto kartografiak. Ildo horretatik, etorkizuneko proiektu garrantzitsu bat errepideen atlas elektronikoa da. Atlas horrek, ibilgailuaren arabera, bi punturen arteko ibilbide laburrena, lasterrena edo ekonomikoena marraztuko du.

Satelite bidez, mapak egiteko informazioa eskuratzeaz gain, eskualdeak nola aldatzen ari diren aztertzen da.
Argazkian, Aral itsasoaren aldaketa izugarria ikus daiteke.
NASA/LANDSAT

Estereogrametriaren printzipioa

Hegazkinetatik ateratako argazkietan oinarritutako mapak estereoskopian oinarritzen dira.

Teknika hori zer den ulertzeko, pentsa dezagun Larrun mendiaren inguruan argazkiak atera ditugula eta bi argazki jarraikitan agertzen dela mendiaren tontorra. Hegazkinak bere ibilbidean aurrera egin duenez, tontorra ikuspegi desberdinetatik ageri da.

(Iturria: CCRS/CCT).

Orain, marraz ditzagun hegazkinaren lehen eta bigarren posizioetatik tontorrera doazen marra zuzen bana. Marra horiek lurrarekin topo egiten duten bi puntuen arteko distantziari paralaje deitzen zaio eta horren araberakoa da tontorraren garaiera. Zenbat eta paralaje handiagoa izan, orduan eta handiagoa da erliebea (ikus eskema).

Noski, printzipio horretan oinarritzeko, ezinbestekoa da argazki batetik bestera dagoen tartea zenbatekoa den jakitea baita hegazkinak altuera konstantean hegan egitea ere.

Ez pentsa, hala ere, topografo eta teknikariek garaiera puntuz puntu kalkulatzen dutenik. Horretarako, printzipio horietan oinarritzen diren aparatu konplexuez baliatzen dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia