}

Erdialdeko Asiako bihotz uzkurtua

2010/11/16 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Landsat 5 sateliteak pasa den uztailean lortu zuen goiko irudia. Bertan, bihotz-forma ageri duen hori Aral itsasoaren mendebaldeko zatiaren iparraldeko muturra da. Erdialdeko Asian dago Aral, Uzbekistan eta Kazakhstan artean; bere garaian munduko laugarren aintzira handiena izan zen, baina azken 50 urteotan murrizten eta lehortzen ari da; izan ere, gizakiak, ureztatze-xedeak zirela-eta, desbideratu egin zuen han itsasoratzen diren ibaien emaria.

1980ko hamarkadan, haren ur-emari nagusiak etetean, garai bateko aintzira bitan banatu zen (Aral Handia eta Aral Txikia). 2000an, berriz, Aral Handia beste bi zatitan banatzera iritsi zen. Itsasoaren iparraldeko eta hegoaldeko zatiak lotzeko presa bat eraiki zuten, eta, hari esker, badirudi Aral itsasoaren iparraldeko zatia berreskuratzen ari dela poliki-poliki. Nolanahi ere, arazoa ez dago guztiz konponduta: hegoaldeko aintziraren urak ez du sakonera handirik, eta, beraz, ikertzaileek uste dute 2020rako lurrundu egingo dela.

Aintzira inguratzen duen eremu zurixka hori (irudian argi ikus daitekeena) gatz-lur eremu handia da egun, eta gatzez estalitako basamortu horri Aralkum deritzo. Desertuan hondar eta gatzezko ekaitz bortitzak sortzen dira urtero, 150.000 tona gatz eta hondar mugitzen dituztenak. Eskualdeko biztanleen osasunari ere kalte egiten diote ekaitz horiek.

Irudia: USGS.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia