Energia iluna dinamikoa dela proposatu dute EHUko ikertzaileek
2013/02/01 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Unibertsoaren % 73 energia iluna da. Energia iluna existituko ez balitz, materiak eragindako grabitazio-erakarpenak balaztatu egingo luke unibertsoaren hedapena, baina behaketek kontrakoa adierazten dute. Energia ilunak eragiten du unibertsoaren hedatze azeleratua, eta energia horren izaera ulertzea da EHUko ikertzaile Irene Sendrak egindako ikerketen oinarria. Zientzia eta Teknologia Fakultateko Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia Saileko ikertzailea da Sendra.
Energia iluna dinamikoa izan litekeelako hipotesia da ikerketaren abiapuntua. Eredurik onartuenak —Lambda-CDM— konstante kosmologikoaren bidez azaltzen du unibertsoaren azelerazioa. Energia horren egoera-ekuazioak -1 balioa izango luke, konstantea unibertsoaren eboluzio osoan. Hala ere, badira behaketak eredu horrek azaltzen ez dituenak. "Energia ilun dinamiko bat, denborarekin batera aldatzen dena, ari gara bilatzen; behaketetako datuei zenbait eredu aplikatzen dizkiegu, perturbazio txikiekin jokatzen dugu, eta egiaztatzen dugu ea hobeto doitzen diren konstante bat baino" azaltzen du Sendrak.
Erreminta matematiko eta estatistikoak baliaturik, kontrastatu egiten dituzte behaketak aztertutako parametroetarako proposatzen dituen balioak eta ereduak proposatzen dituenak. "Hala, iterazio askoren bidez, ikusten dugu zer balio izango luketen konstanteek gure ereduan. Orain, energia ilunaren egoera-ekuazioak ia-ia -1 balio du, baina badirudi bilakaera bat gertatu dela iraganetik; hala ere, errore-portzentaje handia dago oraindik balio horiek zehaztean". Sendraren kalkuluen arabera, datu horiek bat datoz energia iluna dinamikoa izatearekin, zeina aldatuko bailitzateke unibertsoan behatutako gorriranzko lerratzearekin. Eta oraindik argitaratu gabeko beste emaitza batzuk badira, Adam Riess 2011ko Fisikako Nobel saridunarekin lankidetzan lortuak, ideia hori berresten dutenak.
Sendraren doktorego-tesian, energia ilunaren egoera-ekuazioa aztertzeaz gainera, eredu berri bat proposatu da, energia iluna eta materia iluna batzen dituena. Sendrak adierazten duen moduan, "litekeena da biak gauza bera izatea, testuinguruaren arabera era batera edo bestera agertzen dena; guk osagai bakar baten bidez azaldu dugu bien efektua, eta behaketek emaitza hobeak ematen dituzte eredu honetan materia eta energia iluna bateratzen saiatzen diren beste batzuetan baino".
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia