Elhuyar zientziaren komunikazioa

Energia alternatiboak heziketaren zerbitzura

1996/07/01 Arrojeria, Eustakio - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa | Irureta Azkune, Onintza Iturria: Elhuyar aldizkaria

Donostiako Bidebieta auzoan, Herri Ametsa Ikastolako frontoiko teilatuan, 56 eguzki-panel itsatsi dizkiote zoruari. Abenduaren 28az geroztik, panel fotovoltaikoek eguzkiaren izpiak zurgatzen dituzte, ikastola elektrizitateaz hornituz. Eta ez da inozentada.

Herri Ametsa ikastolak urrats berria eman nahi izan du heziketa-arloan. Ikastola kokatuta dagoen parajeak eskaintzen duen aukera kontutan hartuz, eta 1995eko Kilometroak ekitaldia antolatuz lor zitekeen diru-sarrera gehigarria aurreikusiz, energia alternatiboak urratuz heziketari ikuspegi aitzindaria ematea otu zitzaien. Esan eta egin.

Asmo honekin bi helburu bete nahi zituzten, bata aurrez aipatutakoa, hots, bide-urratzaile izatea, eta bestea, neurri batean bederen, ikastola bera energia elektrikoaz autoelikatzea. Baina nola gauzatu hori guztia horretan adituak direnekin kontatzen ez bada? Zorionez, egon badaude Euskal Herrian energia alternatiboak lantzen dituzten taldeak. Eta gertu zegoen horietako batengana jo zuten ibilbideari ekin aurretik, beren asmoak azaltzera, Errenteriako Ekain Taldearengana, hain zuzen ere.

Geuk ere, gauza bera egin genuen instalazioaren berri izan eta artikulua egitea erabaki genuenen. Eta Ekain Taldeko kideek azaldu zigutenez, lan itzela izan zen proiektua gauzatzea. Lehenik eta behin, zein instalazio-mota hautatu erabaki behar izan zen. Ingurua kontutan hartuz, aukera energia eolikoa izan zitekeela pentsa zitekeen, eta horrela planteatu omen zieten Herri Ametsakoek hasiera batean. Datu-bilketa egin ondoren ordea, haizeak bertan hartzen duen abiadura ikusi ondoren, bide hau baztertu eta bigarren posibilitatea aztertzeari ekin zioten; eguzki-panelak erabiliz energia fotovoltaikoa lortzeari, hain zuzen.

Ekain Taldeko kideek emandako datuetan oinarrituz egin zuten albasolar etxekoek diseinua eta Errenteriako lagunak arduratu ziren muntaiaz eta funtzionamenduaren jarraipena egiteaz.

Energia ekoizteko sistemarik garbienetakoa bada ere, gaur-gaurkoz garestienetakoa ere badela esan behar da. Herri Ametsa ikastolan egin den instalazioa zazpi milioitik gora kostatu da eta horren %26a Eusko Jaurlaritzako EVEk ordaindu badu ere, gainerakoa ikastolaren bizkar joan da.

Funtzionamendua

Ekain Taldeko solaskideek esan zigutenez, elektrizitatea sortzeko bide alternatibo horrek oso egitura sinplea du (ikus goiko eskema). Osagai nagusiak panelak eta ordenadorera eta sare elektrikora lotuta dagoen transformadorea dira. Ezinbesteko elementua, alabaina, eguzkia da.

Teilatuko berrogeita hamasei panelen egitekoa eguzkiaren erradiazioak jaso eta energia hori elektrizitate bihurtzea da. Sortutako korronte elektrikoa zuzena denez, transformadorea arduratuko da korronte hori alterno bihurtzeaz. Bi zirkuitu elektrikoen sinkronizazio-funtzioa ere bere gain hartzen du transformadoreak, sare elektrikoak zein panelek sortutako elektrizitatea une oro akoplatuz. Transformadorera konektatuta dagoen ordenadoreak lau minuturo jasotzen du informazioa: eguzki-paneletako tentsioa, korrontea eta potentzia; baita sareko korrontea eta tentsioa ere. Datu-bilketa horri esker, egun desberdinetako produkzioak edozein unetan aldera daitezke eta baita azken bi urtetako datuak atera ere.

Errentagarritasun ekonomikorik?

Argazkian, eguzki-panelen indarra bildu eta transformadorera igortzen duen kuadro elektrikoa ikusten da. Panelen seguritate sistema ere bertan dago kokatuta.

Bai Ekain Taldeko kideek eta baita ikastolako zuzendariak esan zigutenez, hasieratik garbi ikusi zuten egitura berriak ez zituela bere beharrak erabat asetuko eta jakina, ez zela errentagarria izango. Baina helburu pedagogikoari eman zitzaion lehentasuna: heziketara zuzenduko zen instalazio berria eta lortutako elektrizitatea alferrik ez galtzearren, lau eraikinetako bat sistema horrekin hornitzea erdietsi zuten.

Solaskideek azaldu zigutenez, berrogeita hamasei panel horien bidez eraikin batek behar duen argi-indarra lortzen da. Kontsumitzen ez den elektrizitatea Iberdrolaren sare elektrikora bideratzen da bere probetxurako, sistemak ez baitu akumuladorerik. Eta alderantziz gertatuz gero; hau da, ikastolak ohi baino energia gehiago kontsumitu behar badu, elektrizitatea saretik hartu eta ordaindu egingo du.

Helburu didaktikoa

Arestian esan bezala, Herri Ametsa ikastolaren asmoak errentagarritasun ekonomikoa lortzetik urrun daude. Energia alternatiboa erabiltzearen helburu nagusia didaktikoa dela aitortu digute. Beste energia-iturrien artean eguzkiarena ere aintzakotzat hartu eta ezagutzera ematea da beren nahia, praktikotasuna bilatuz gainera. Ikasleak datu-bilketan, behaketan eta grafiko-irakurketan treba daitezen, beste ikasgaietan ezagutza-esparru berri gisa erabiltzen da.

Jabier Garro (ezkerrean) eta Fernando Bengoetxea (eskuinean) Ekain Taldeko kideak Herri Ametsa ikastolako frontoiko teilatuan dauden eguzki-panelen aurrean.

Eguzkia energi iturri naturala den neurritik, ingurugiroarekiko ardura sustatzeko ere balio dezake egitasmo honek; ikastolako zuzendariari beren asmoei buruz galdetu genionean, horixe azpimarratu zuen, gainera.

Energia alternatiboen etorkizuna

Ohizko egituratan instalazio fotovoltaikoak, gaur-gaurkoz, ekonomia aldetik errentagarria izatea nekez gertatzen bada ere, ezin albora daiteke bide alternatibo hori (ezta besteak ere). Euskal Herrian egin dira saiakuntza batzuk eta errentagarritasun ekonomikoa ere lortu da zenbaitzutan. Esate baterako, sare elektrikoa heltzen ez deneko guneetan erabili dituzte panelak, hala nola, Aralar eta Urbiako zenbait artzain-txabolatan, autobideetako zenbait seinalizazio elektriko egiteko, etab. Aipatu kasu horietan, bertaraino elektrizitatea garraiatzea baino merkeagoa gertatzen da egitura autonomoa instalatzea.

Gure solaskide izan diren Ekain Taldekoen aburuz, erronka berria energia alternatibo hori herri eta hirietan erabiltzen hastea da, eta horretarako dauden alternatiba guztien konbinazio posibleak aztertuz, elementu autonomoak eratu beharko dira. Gurea baino laiotzagoak diren eskualdetan jadanik, kontutan hartzen dute posibilitate hori.

Instalazio fotovoltaikoa zenbakitan

Guztira berrogeita hamasei dira eguzkiaren izpiak zurgatzen dituzten panelak. Hogeita zortziko bi taldetan daude banatuta eta talde bakoitza frontoiko teilatuaren zoruari itsatsita dago, 30ºko inklinazioarekin. Guztira, panelek 34 m 2 ko azalera hartzen dute.

Instalazioak 4,2 kW-eko potentzia du. Baina potentzia hori lortzea ia ezinezkoa da, panel guztiek errendimendu maximoa eman beharko bailukete eta egoera hori laborategian soilik gertatzen da. Panelek urteko 6.200 kW/h ekoiztuko dutela aurreikusi dute.

Energi iturri naturala “amaigabea” eta garbia izateak baditu bere abantailak, nahiz eta gaur egun instalazioa garesti samarra izan. Herri Ametsa Ikastolaren ekimenari esker, urtean 3.700 kg CO 2 , 8.300 g SO 2 eta 10.500 g NOx gutxiago isuriko dira eguratsera.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia