Emakumeen libidoaren heriotza: epaiketa-garaia

2022/04/27 Ane Portillo Blanco Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Miren Biotz Goiriena

KASUA: Zer gertatu da?

Haurdun geratzeko arriskurik gabeko sexu-harremanak izan nahi dituzu, kezka horrek ondoeza sortzen baitizu. Zure lagunek aho bidezko antisorgailuak erabiltzea gomendatu dizute; beraz, medikuarenera joan zara, eta arin batean kutxatxoa duzu esku artean.

Hartzeko metodoa erraza da, baina badakizu ziurrenik gizendu egingo zarela, bularrak handituko zaizkizula, gogo-aldartearen aldaketaren bat izan dezakezula eta, lagun batek esan dizunez, bere lehengusinari depresioa eragin omen zioten. Azken hori saihesteko itxaropena duzu; beste denak, ba, tira… onartu beharko dira, umetxo baten sorpresa ekidin nahi baduzu.

Denbora aurrera doala, esan zizkizuten albo-efektu guztietatik gutxi nabaritu dituzu. A ze zorte ona zurea! Baina, egia esan, ez dakizu zer abantaila ematen dizuten oraintxe pilulek, sexu-harremanak izateko gogo gabe zabiltzalako azkenaldian. Beharbada estresa izango da, lan gehiegi, lo-ordu gutxiegi…

Egoera hori luzatzen ari da, eta kontu kezkagarria bilakatu da. Libidoa hain intimoa iruditzen zaizu, ez dakizu norekin komentatu. Zein da konponbide errazena? Internet.

 “Emakumeen” blog-etan barrena, zure arreta bereganatu duen esaldi bat aurkitu duzu: “Aho bidezko antisorgailuek libidoa murriztu dezakete”.

Korrika joan zara zure pilulen erabilera-orriko albo-efektuen zerrenda amaigabe horretara, eta, SORPRESA! Hortxe dago, idatzita. Harrituta, galdera hau darabilzu buruan: nola da posible sexu-harremanak kezkarik gabe gozatzeko hartzen dudan zerbaitek sexu-harremanak izateko gogoa desagerraraztea?

SALATUA: Zer dira aho bidezko antisorgailuak?

2. Irudia: Ziklo menstrualeko prozesuan aho bidezko antisorgailuek duten eragina. Arg. Ane Portillo Blanco

1960. urtean hasi zen ahotiko antisorgailuen bidea, eta, gaur egun, haurdunaldia ekiditeko bigarren metodorik erabiliena bilakatu da Espainian. Zehatzago, emakumeen % 18,5ek erabiltzen dituzte, eta kopurua handitzen doa gazteetara hurbiltzen goazen heinean1.

Mirarizko pilula horien oinarria progestageno eta estrogeno deritzen bi hormonatan dago; horien funtzioa obulazioa eragoztea da, obulurik gabe haurdun geratzea ezinezkoa delako2.

Mekanismoa sinplea da: ziklo menstrual bakoitzean, obulu bat prestatzen da obulutegitik atera eta ernalketarako bidea egiteko. Hori guztia FSH eta LH hormonen bidez kontrolatzen da, eta aho bidezko antisorgailuek bi horien jariapena blokeatzen dute (2. irudia). Beraz, obulutegiak lotan bezala geratzen dira, obuluak prestatzeko helduko ez den seinale baten zain3.

Horrez gain, helburu berarekin, progestagenoak umetoki-lepoko muki-mintza loditzea eragiten du, eta horrek espermatozoideen aurrerako bidea zailtzen du2. Horrenbestez, obuluak ez dira ateratzen, eta espermatozoideak ez dira ailegatzen.

HILDAKOA: Libidoa. Zer dakigu hari buruz?

Libidoa sexu-harremanak izateko irrikari dagokion energia psikikoa dela dio hiztegiak4. Emozioak konplexuak dira, eta sexu-desioa ez da gutxiago. Izan ere, maila biokimikotik aldentzen diren beste hainbat faktorek eragiten dute harengan; besteak beste, estres-mailak, bizi-kalitateak, nekeak…5.

Hala ere, biokimikaren esparruko ikerketek esaten dutenaren arabera, dopamina da libidoa bideratzen duen hormona nagusia. Baina dopaminaren areagotzea beste hormona batzuen menpe ere badago, eta, horien artean, testosterona da guretzat interesgarriena6.

Testosterona androgenoen taldean sailkatzen den hormona bat da eta, nahiz eta orokorrean gizonezkoen hormona dela pentsatu, giltzurrun gaineko guruinetan eta obulutegian ere sintetizatzen da. Beraz, emakumeetan ere agertzen den hormona bat da7.

Hori jakinik, testosteronak eta haren metabolismotik sortutako estradiolak dopaminaren areagotzea bideratzen dute eta, ondorioz, libidoa handitzearekin lotuta daudela esaten da6.

Adibide ulergarri bat jartzeko, emakumeen ziklo menstrualaren erdian obulazioa gertatzen da, eta une horretan gorputza ernalketarako prest egoten da. Puntu horretan, testosteronaren kontzentrazioa izugarri handitzen da eta, aldi berean, libidoa ere handitzen dela esaten da, sexu-harremanak izatea bultzatzeko7.

Kontrako egoerara bagoaz, menopausiaren ondoren emakume batzuek sexu-grina murrizten zaiela nabaritzen dute, eta oso nabarmen murrizten dira haiengan androgenoak (batez ere, testosterona) eta estrogenoak (testosteronatik datozen beste hormonak)8.

Beraz, badirudi testosteronaren kontzentrazioa handitzean libidoa ere handitzen dela, eta murriztean, berriz, sexu-desioa gutxitzen dela.

ERAILKETA: Nola eragiten dute antisorgailuek libidoan?

Aurretik azaldu bezala, aho bidezko antisorgailuek bere biktima diren obulutegiak lokartzen dituzte, denbora batez funtzionatzeari utz diezaioten. Ikerketen arabera, egoera horrek androgeno eta estrogenoen sintesia murrizten du eta, zehatzago, testosteronaren murrizketa erregistratu da9.

Are gehiago, testosterona bi egoeratan aurki daiteke: proteina batzuei lotuta (albumina eta SHBG edo sex hormone-binding globuline), edo aske. Kontua da aske dagoen zati hori soilik dela erabilgarria, lotuta dagoen bitartean ez baita “bioeskuragarri” egoten (3. irudia) 7.  

3. Irudia: Testosteronaren egoera fisiologikoa aho bidezko antisorgailuak erabili gabe eta erabilita. Arg. Ane Portillo Blanco

Piluletan erabiltzen den estrogenoa gibelean metabolizatzen denean SHBG proteinaren kontzentrazioa handitu egiten dela ikusi da, eta horrek zuzenean aske dagoen testosteronaren ehunekoa murrizten du (3. irudia) 9.  

Orduan, testosterona oso eta askea murriztu egiten bada aho bidezko antisorgailuak hartzean, eta testosterona libidoarekin lotuta badago, artikuluetan lotura zuzena agertuko da pilulen eta libido-murrizketaren artean, ezta?

Bada, ez.

EPAIKETA

Nola da posible bide guztiek ondorio berera eramatea eta ikerketen emaitzek lotura hori ez bermatzea? Ongi etorri zientziaren mundura.

Aipatu bezala, sexu-grina faktore askoren mendeko emozio bat da eta, zientziaren munduan, ikergaiak zenbat eta aldagai gehiago izan, hainbat eta zailagoa  da haren analisia egitea.

Badira ikerketa batzuk, non libidoaren handipena ikusi duten pilulak hartzearen ondorioz. Ez da aurkitu argudio biokimikorik hori justifikatzeko, eta arrazoia ziurrenik espero baino sinpleagoa izango da: nahi ez den haurdunaldi bat izateko arriskua egoteak kezka handia eragiten die emakumeei, eta horrek kalte egin diezaioke sexu-harremanekiko grinari. Horrenbestez, antisorgailuek kontrola ematen dietenez, lasaiago eta askeago sentitzea ekar dezake, eta, ondorioz, libidoa handitzea2.

Noski, kontrakoa dioten beste ikerketa batzuk ere aurki ditzakegu, libidoa murrizten dela adierazten dutenak. Horien argudio nagusia testosterona askearen jaitsieran oinarritzen da. Izan ere, alde batetik, onartua dago jada SHBGren kontzentrazioa handitu egiten dela, eta testosterona askea, berriz, murriztu9. Bestetik, libido-arazoak dituzten emakumeei testosterona eta estrogeno hormonak ematen zaizkie, libidoa handitzeko8. Hala, ez dirudi hainbesteko zorakeria denik pilulek sortzen duten testosterona askearen murrizketak libidoan eragina izan dezakeela pentsatzea.

Era berean, aho bidezko antisorgailuen efektuetako bat muki-mintza loditzea da, eta horrek baginaren lubrifikazio- eta lehortze-arazoak ekar ditzake. Ondorioz, sexu-harreman mingarri eta desatseginak sortzen dira eta, zeharka, sexu-grinan eragin negatiboa izan dezake horrek2.

Baina, orduan, zergatik ez zaie emakume guztiei gertatzen?

Pertsonak ez gara bata bestearen kopia zehatzak, eta bakoitzean albo-efektu batzuk edo besteak ager daitezke. Hori bai, gaur egunera arte argitaratutako artikuluak ondorio berera heltzen dira: ikerketa falta da.

Ezin zaigu ahaztu gai konplexu baten inguruan gabiltzala, eta izugarri zaila dela hainbat faktore biltzen dituen emozio baten barruan faktore bakar baten eragina modu isolatuan aztertzea.

Hormona-antisorgailuak hartzen dituzten emakumeen esperientziak, ordea, ukaezinak dira, eta badira gaitz hau jasaten duten pertsonak. Badirudi gertakaria azaltzeko argudio onargarriena emakume bakoitzak testosteronarekiko duen sentikortasunean zentratzen dela5,9. Hots, testosterona askearen murrizketa berak emakume bakoitzarengan efektu ezberdina duela, eta horietako ehuneko txiki batek libidoaren gutxitzea pairatzen duela.

Libidoaren erailketaren errudunak dira orduan? Baliteke hala izatea, baina ikerketa gehiago behar dira.

EPAIMAHAIAREN AZKEN HAUSNARKETAK

Aho bidezko antisorgailuen 60 urteko ibilbide honetan, emakumeei haurdun geratzeko arriskua kontrolatzeko aukera ematez gain, beste hamaika arazo arintzeko aukera ere sortu dute. Gainera, hormona-dosiak murrizten joan dira, eta horrek albo-efektu gutxiago izatea ere ekarri du. Beraz, alde horretatik, eskerrak besterik ez zaizkie eman behar.

Baina, zoritxarrez, pilulek gizartean tabu den gai batekin egin dute topo: sexu-desioa, edo oraindik ezkutuago dagoena, emakumeen sexu-desioa. Kontuan izan behar dugu emakumeen % 21ek bakarrik azaltzen dizkiotela medikuari bere sexu-arazoak. Era berean, medikuek ez dute alderdi sexualarekin lotutako galderarik egiten, edo ez dute azalpenik ematen aho bidezko antisorgailuen tratamendua agintzen dutenean10.

Sexua garrantzitsua da pertsonen ongizaterako, eta libidoa desagertzeak ongizate hori komunetik behera bota dezake. Medikuen zein pazienteen aldetik arazo hori lantzen ez bada, isilpean geratzen da, eta, azkenean, egunerokotasunean agertzen ez den horrek interesa galtzen du, eta ikertzeko aukerak murriztu egiten dira11.

Beraz, epaiketa honen hausnarketa nagusia laburbilduz, ikerketa sakonagoak behar dira emakumeekin lotutako ezkutuan dauden gaien inguruan. Onartezina da libidoaren gutxitzea albo-efektu jasangarritzat jotzea, eta medikuntzak hura existituko ez balitz bezala jokatzea. Informazioa boterea da, bai zientziarako, bai emakumeen bizi-kalitaterako.

Horrenbestez, aho-bidezko antisorgailuak eta libidoa berriro epaimahaiaren aurrera eraman zain geratuko gara. Hori bai, datu-bilketa egiten den bitartean, ez ezkutatu gaiak, galdetu medikuei, sorrarazi interesa, kezkatu zaitez zure sexu-ongizateaz. Hala, beharbada, guztion artean gai honi buruzko ikerketa bultzatu ahal izango dugu.

4. Irudia: Ahosdunak baina entzungabeak. Arg. Miren Biotz Goiriena

 

ITURRI BIBLIOGRAFIKOAK

[1] SEC (2020). Encuesta de Anticoncepción en España 2020: Hábitos de la población femenina en relación al uso de métodos anticonceptivos. Observatorio de la Salud Sexual y Reproductiva de la SEC. http://sec.es/area-cientifica/observatorio/documentos-observatorio/

[2] Burrows, L. J., Basha, M., & Goldstein, A. T. (2012). The effects of hormonal contraceptives on female sexuality: a review. The journal of sexual medicine9(9), 2213-2223.

[3] Dragoman, M. V. (2014). The combined oral contraceptive pill-recent developments, risks and benefits. Best practice & research Clinical obstetrics & gynaecology28(6), 825-834.

[4] Euskaltzaindia (2022). Libido. Euskaltzaindiaren hiztegia. https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?sarrera=libido&antzekoak=ez&option=com_hiztegianbilatu&view=frontpage&layout=aurreratua&Itemid=410&lang=eu&bila=bai

[5] Pastor, Z., Holla, K., & Chmel, R. (2013). The influence of combined oral contraceptives on female sexual desire: a systematic review. The European journal of contraception & reproductive health care18(1), 27-43.

[6] Clayton, A. H. (2010). The pathophysiology of hypoactive sexual desire disorder in women. International Journal of Gynecology & Obstetrics110(1), 7-11.

[7] Bianchi, V. E., Bresciani, E., Meanti, R., Rizzi, L., Omeljaniuk, R. J., & Torsello, A. (2021). The role of androgens in women's health and wellbeing. Pharmacological Research171, 105758.

[8] Schaffir, J. (2006). Hormonal contraception and sexual desire: a critical review. Journal of sex & marital therapy32(4), 305-314.

[9] Caruso, S., Palermo, G., Caruso, G., & Rapisarda, A. M. C. (2022). How Does Contraceptive Use Affect Women’s Sexuality? A Novel Look at Sexual Acceptability. Journal of Clinical Medicine11(3), 810.

[10] Casado-Espada, N. M., de Alarcón, R., de la Iglesia-Larrad, J. I., Bote-Bonaechea, B., & Montejo, Á. L. (2019). Hormonal contraceptives, female sexual dysfunction, and managing strategies: a review. Journal of clinical medicine8(6), 908.

[11] Lee, J. J. M., Tan, T. C., & Ang, S. B. (2017). Female sexual dysfunction with combined oral contraceptive use. Singapore medical journal58(6), 285.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia