Emakumeak Zientzian Manifestua

Etorkizuneko zientzia inspiratzeko ekintzak


Emakumeak Zientzianeko kideek ekintza-plana aurkeztu dute otsailaren 11n; alegia, Neska eta Emakume eta Zientzialarien Nazioarteko Egunean. Haien esanean, dokumentuak desberdintasunei ikuspegi intersekzionaletik eta sustraitik heltzeko konpromisoa adierazten du. Halaber, baieztatu dute, etorkizun zientifiko eta teknologiko bidezkoago bat finkatu asmoz, aktiboki lan egingo dutela emakume zientzialarien ikusgarritasuna handitzean, zientziaren demokratizazioaren alde eta lan-ingurune berdinzaleen eta erantzukideen eraikuntzan.

Elhuyar ere Emakumeak Zientzianen kide da, eta, beraz, guztiz bat egiten du ekintza-planarekin.

● Emakumeen eta kolektibo azpi-ordezkatuen (klasea, generoa, etnia, jatorria, diziplinak…) erabateko parte-hartzea bultzatu nahi dugu zientzian, gizarte osoa ordezkatu eta baliatuko duen zientzia berdinzaleagoaren alde eginez.

● Fokua jartzen dugu nesken STEAM bokazioen sustapenean, eta azpi-ordezkatutako emakume zientzialariak eta kolektiboak ikuspegi intersekzional batetik ikusaraztean. Horretarako, sentsibilizazio goiztiarretik jarduten gara, estereotipoak apurtzeko eta lanbide-hautu libre eta anbiziotsuak sustatzeko.

● Zientzia eta kultura zientifikoa modu inklusibo eta berdinzalean hurbildu nahi ditugu gizartera, haren demokratizazioa sustatuz. Ezagutza zientifikoa modu ulergarri eta zorrotzean hedatzen dugu, emakume zientzialarien lana eta ekarpena ikusaraziz eta herritarren partaidetza aktiboa bultzatuz beren aniztasun osoan.

● STEAM eredua besarkatzen dugu. Zientzia bere eremu zabalenean ulertzen dugu eta humanitateekin eta artearekin uztartzen dugu, diziplinen arteko hormak eraitsiz.

● Ibilbide profesional inklusiboak eta jasangarriak sustatu nahi ditugu. Ibilbide profesional inklusiboak sustatzeko lan egiten dugu, lan-ingurune osasungarriak exijituz eta bizitza-erritmo jasangarriak sustatuz, eremu profesionalean zein pertsonalean.

● Egiturazko aldaketen alde gaude. Behar diren eztabaidak bultzatuko ditugu horretarako bide-orria zehazteko, eta gure erakundeetan berdintasunerako eta aniztasunerako benetako aldaketak ezarriko ditugu.

● Produktibitatearen gainetik egindako ekarpena saritzen duen ebaluazio-sistema batean sinesten dugu. Benetako eragina neurtuko duen ebaluazio zientifikoko sistema baten alde borrokatzen dugu, kalitatea zein lankidetza balioetsiko dituena.

● Berdintasunaren instrumentalizaziotik eta partaidetza sinboliko hutsaletik aldentzen gara. Konpromiso erreal eta eraldatzailea defendatzen dugu gure sarearen balioekin.

● Elkarlanerako eta elkar-zaintzako sarea ehuntzen dugu. Gure komunitatean barne eta kanpo lankidetza eta entzutea sustatzen dugu, sarea esperientziak partekatzeko, lidergo kolektiboa bultzatzeko eta egiturazko aldaketak sortzeko espazio seguru eta funtsezko gisa ulertzen dugu.

Manifestu hau Emakumeak Zientzian aliantzaren barruan hartzen dugun konpromiso etikoa da. Etorkizuneko zientzia elkarrekin eraikitzeko 9 ekintza hauetan gurekin lan egitera gonbidatu nahi ditugu erakunde eta instituzioak.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali