}

Eltxoen beldur

1992/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

3 mm-ko euli txiki zuri bat beldurra eta kezka sortzen ari da Kalifornian. Joan den uda-bukaeraz gero, eltxo zurizko multzoak Kaliforniako zelai ugari hondatzen ari dira.

Nekazariek aukera gutxi dute sarraski honi aurre egiteko eta jadanik ikusia dute beren baratzetan gertatutako hondamena. Letxuak, azenarioak, barazkiak (oro har) eta zitrikoak dira eltxoen helburu.

Estatubatuarrek "superrintsektu" deitu diote eltxo zuriari; orain arte erabilitako intsektizida guztiak ez bait dira sarraskiari aurre egiteko gauza izan. Eltxoaren izena Berrisia Tabaci da eta zerrategietan eta lorategietan bizi ohi da.

Antza denez, ustegabean iritsi dira Floridara eta bertako klimatologia dela eta, Kalifornia benetako paradisu bihurtu zaie. Gainera bidea erabat libre du, aurka egingo dion etsairik aurkitu ez duelako.

Eltxo zuriaren aurkako ikerketak hasiak dira dagoenekoz, baina emaitzak berehala lortuko ez direnez, Kaliforniako nekazariek ez dute epe motzean irtenbidea aurkitzeko itxaropenik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia