Elkarrekin zahartzen
2001/04/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Science aldizkariko web guneak hiru ikerketaren emaitza harrigarrien berri ematen du. Horien arabera, zizareak, euliak eta legamiak zahartze-prozesu molekularrean antzekotasunak dituzte eta, beharbada, ugaztunetan ere antzekoa gerta daitekeela uste dute ikertzaile batzuek.
Caenorhabditis elegans nematodoaren zahartzearen zehaztasun molekularrak aztertu zituzten eta bere biziraupena seinale molekularren bidezidor baten baitan zegoela ikusi zuten. Hain zuzen ere, bidezidor horretako daf-2 geneak intsulinaren familiakoa den zelularen azaleko errezeptoreetako bat kodetzen du, eta gene horren hainbat mutaziori esker, nematodoa askoz luzaroago bizi daiteke. Ikertzaileek xehetasunez ezagutzen dituzte prozesuaren mekanismoak, baina beste bizidunetan antzeko mekanismoa egongo zenik ez zuten uste.
Orain, Science aldizkarian argitaratu dutenez, fruitu-euliaren biziraupena intsulinaren familiakoekin erlazionatutako bidezidor baten baitan dago. Nematodoaren daf-2 genearen baliokidea den fruitu-euliaren InR genean aldaketak zituzten emeak denbora gehiagoan bizi zirela ikusi zuten.
Legamiek ere parekotasunak badituzte. Ikertzaileek beroaren edo oxigeno-molekula erreaktiboak sortzen dituen gai kimiko baten eraginpean jarri zituzten legamiak. Bizirik gelditu zirenen artean, legamia arrunta baino luzaroago bizi ziren bi legamia-mota ikusi zituzten. Mutanteetako batek Sch9 genean aldaketa bat zuen eta gene horrek C. elegans nematodoaren daf-2 bidezidorreko bi geneen antza du. Sch9 aldaraziz, ikertzaileek legamiaren bizialdia hirukoiztea lortu dute.
Emaitza horietatik ondoriozta daitekeena sinestu ezinik dabiltza ikertzaileak, alegia, agian bizialdiaren luzera kontrolatzen duten bidezidorrak ezagutzeak zahartze-prozesua moteltzea ekar dezakeela, baita ugaztunetan ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia