Elitearen DNA, deskodetzen lehena
2007/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Duela gutxi, James Watsonen genoma deskodetu dutela jakinarazi dute. Hain juxtu, Francis Crick-ekin batera, DNAren egitura argitu zuen Watsonek 1953an. Haren genoma deskodetu duten zientzialariek esan dutenez, lehen aldiz milioi bat dolar baino gutxiago gastatu dute deskodetzean.
Nolanahi ere, oraingoz genomak deskodetzea sinbolikoagoa da praktikoa baino. Izan ere, informazio hori ezin da baliatu oraindik medikuntzan. Horrexegatik, hain zuzen, Watsonen genomak hutsune bat du: Watsonen amona batek Alzheimer-en gaitza zuen, baina, gaitz sendaezina denez, Watsonek ez du jakin nahi izan gaitzarekin lotzen den gene bat ote duen, jakinda ere ezingo bailuke ezer egin.
Alabaina, etorkizunean hori alda daiteke. Zenbat eta genoma gehiago izan deskodetuta, orduan eta aukera gehiago egongo dira gaixotasunen eta geneen arteko erlazioa aztertzeko, eta, ondoren, hor eragiteko.
Oraingoz, AEBko Giza Genomaren Ikerketa Institutuak ehunka pertsonaren genomak deskodetzeko asmoa du, eta erakunde pribatu batek, X Prize Fundazioak, adierazi du 10 milioi dolar emango dizkiola hamar egunean ehun genoma deskodetzea lortzen duenari.
DNA deskodetzeko teknologia, ordea, garestiegia da jende gehienarentzat. Bestalde, deskodetu dituzten lehenak zientzialari ospetsuenak izan dira, eta jende asko ez dago ados horrekin. Izan ere, Watsonek ez bezala, gaitzekin lotzen diren geneak ote dituzten jakin nahi izan dute, litekeena baita horrek abantaila ematea sendabidea asmatzen dutenean. Kritika egin dutenek uste dute gainerakoek ere eskubide berbera izan beharko luketela, eta, beraz, ez dela lehentasunik izan behar DNAk deskodetzean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia