}

Elikagaiak denbora luzeagoan irauteko teknologiak aztergai

2011/07/16 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Elikagai naturalak, seguruak eta balio-bizitza luzea dutenak. XXI. mendeko gizartea gero eta zorrotzagoa da jakiekin. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Elikagaien Teknologia sailean badakite hori, eta ezaugarri horiek guztiak uztartzen saiatzen dira elikagaiak kontserbatzeko teknika berritzaileak erabilita .

Fruituek eta gutxi tratatutako bestelako barazkiak belztu gabe denbora gehiago iraun dezaten ari dira lanean NUPen ( argazkia: Photoxpress_alma sacra ).

Espeziak erabilita patata iluntzea saihestea, elikagaiak kontsumitzaileek detektatu ezin duten estalki batez babestea, edo jakiak ohikoak ez diren kondizioetarako prestatzea. Hainbat dira NUPeko Elikagaien Teknologia sailean lortu nahi izaten dituzten emaitzak eta horretarako erabiltzen dituzten teknologiak. "Askotan, elikagaien enpresak jartzen dira gurekin harremanetan, eta jadanik garatutako prozedurak eskatu edo konpondu nahi duten arazoren baten berri ematen digute", azaldu du saileko buru Paloma Vírsedak.

Patataren oxidazioari erantzuna bilatzea gainditu beharreko arazo bat izan zen. Patata belztu ez dadin, hamaika produktu erabil daitezke, baina denak ez dira elikagaietarako gomendagarriak. "Badira sufrean oinarritutako produktuak, baina kaltegarriak dira. Laborategian sintetizatutako produktu kimiko ez kaltegarri bat erabiltzen hasi ginen, baina hori ere ordezkatu nahi izan genuen", dio Vírsedak.

Azkenean, ikusi zuten kanela erabilita, 16 egun iraun zezaketela patatek moztu berriak izango balira bezala. Laborategian hainbat tratamendurekin patataren biguntasuna, kolorea eta abar nola aldatzen diren neurtu zuten, eta, Palomak argitu duenez, "kanela erabiliz, emaitza onenak ematen zituen produktu sintetikoarekin tratatutako pataten ezaugarri berdinak izatea lortu dugu".

Elikagaiak babesteko NUPen erabiltzen duten estalki bat (Argazkia: Teknopolis) .

Ez da fruituak eta gutxi tratatutako bestelako barazkiak gordetzeko asmatu duten modu bakarra. Beste ikerketa-lerro batean, kontsumitzaileak detektatu ezin duen bigarren azal antzeko batekin estaltzen dituzte jakiak. Hala, produktuen ezaugarriak mantentzen dituzte, eta balio-bizitza luzatu. Estalki horiek jangarriak dira, esnearen gazuretik isolatutako proteinaz, zelulosaz edo almidoiz eginak.

Fruituak gordetzeko ez ezik, estalki jangarriek haragia gordetzeko ere balio dutela frogatu dute ikertzaileek. Esate baterako, oilasko-bularkiaren balio-bizitza bost egunetik hamahirura luzatzea lortu dute. Haragien kasuan, belztea baino, mikrobioen erasotik babestea da estalkien zeregina. Izan ere, Idoya Fernández ikertzaileak azaldu duen bezala, "oilasko-haragia oso elikagai galkorra da, mantenugai asko baititu, bai eta hezetasun handia ere azalean. Horren eraginez, bakterioek berehala kolonizatzen dituzte elikagaiok".

Muturreko kondizioetarako elikagaiak

Beste prozesu konplexuago baten bidez, hotzean gordetzerik ez dagoenerako prestatzen dute oilaskoa Elikagaien Teknologia sailean, hala nola alpinistentzat, hondamendietan erabiltzeko edo kanpaina militarretarako janaria prestatzeko. Horretarako, haragiak izan ditzakeen arazo eta eraso guztiei hartu behar izan diete aurre. Bai eta lortu ere.

Batetik, mikroorganismoek eragindako degradazioa gelditzeko, mikroorganismoak berak suntsitu egiten dituzte, ozonoa erabilita. Ozonoa erabiltzea abantailatsutzat jotzen dute ikertzaileek, ez baitu hondakinik uzten haragian, deskonposatzean oxigeno bihurtzen baita.

Oilasko-haragia oso elikagai galkorra da, mantenugai asko baititu, bai eta hezetasun handia ere azalean ( argazkia: Photoxpress_Dani Vincek ) .

Ozonoarekin tratatzea, ordea, ez da nahikoa. Izan ere, haragiaren urak hondatu egiten du produktua eta ez dio denbora luze irauten uzten. Arazo hori konpontzeko, oilasko-zatiak liofilizatu egiten dituzte; hau da, ura kentzen diete. Izoztuta dagoen ura zuzenean gas-egoerara pasatzen du liofilizagailuak, eta, hala, mikroorganismoak haztea ekiditen da.

Azkeneko pauso batean, liofilizatutako oilaskoa eraldatutako atmosfera batean ontziratzen dituzte. "Ontziratze-inguruneko gasen konposizioa kontrolatuta, produktuen egitura ere hobetu dezakegula ikusi dugu. Orain, ontziratze-kondizioak hobetzeko ari gara lanean, babes perfektua lortzeko", dio Iosune Cantalejo ikertzaileak.

Azkeneko urratsa, dastatzea

Elikagaiak gordetzeko eta prozesatzeko teknikak garatzean ez da bukatzen Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileen lana. Paloma Vírseda buruak azaldu duenez, "oso argi dugu egiten dugun ikerketa oro amaitzeko zentzumen bidezko analisia egin behar dugula. Ez luke zentzurik izango probatzen ez diren hobekuntzak egiteak".

Horretarako, garatzen dituzten produktuak dastatzeko prest dagoen jendea dute, eta dastatze-gela profesionaletan egiten dituzte zentzumen bidezko analisiak. Gela horietan, argia, tenperatura eta airearen usaina kontrola daitezke, ezerk ez dezan emaitzetan eragin. Hala, "zertan hobetzen jarraitu behar dugun ikusten dugu", dio Vírsedak. Eta horrek ikerketa-lerro berri bati hasiera ematen dio.


Ortzadar-e n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia