Martxan da 2026ko Elhuyar Zientzia Azoka. Goizeko 11:00etan hasi da, irekiera ofizialarekin. Ekitaldian izan dira, ekimenari laguntzen dioten euskal zientzia- eta teknologia-sareko eragileekin batera, ekimenaren babesleak ere; besteak beste, hauek: Maialen Agirre Pinedo, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Saileko zuzendaria; Kontxi Claver Zurro, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegua saileko zinegotzi ordezkaria; Begoña Pacheco Delgado, Bizkaiko Foru Aldundiko Enpresen eta Enpleguaren Sustapena zerbitzuko burua; Eneko Elorriaga Astigarraga, Erabi enpresaren sortzailetako bat eta bertako Berrikuntzako zuzendaria; eta Amaia Zarrabeitia Salterain Elhuyarreko koordinatzaile nagusia.
«Azokak iraungo duen lau egunetan, ikasturtean zehar egindako 183 STEAM proiektu baino gehiago erakutsiko dituzte 12-18 urteko gazteek. Guztira, 660 gaztek hartuko dute parte aurtengo azokan.»
Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez gain, Espainiako eta nazioarteko azoketako saridunak ere izango dira gurekin: Valentziatik, Kataluniatik, Sevilatik, Galiziatik, Portugaldik eta Italiatik etorriko dira beste 9 talde.
Elhuyar Zientzia Azokan, ikasle gazteek ez ezik, Euskal Herriko ikerketa-zentroek eta unibertsitateek ere parte hartzen dute. Azpimarratzekoa da, gainera, haiek guztiek urtero proiektu honekiko erakusten duten konpromisoa: ikasturte-hasieran, unibertsitateetako eta zentro teknologikoetako 80 ikertzailek (haien artean, 48 emakume) eman zuten izena ikasleekin lan egiteko.
Ikertzaileek proiektua gauzatzeko laguntza zuzena ematen diete ikasleei. Hala, ikasleek gertutik ezagutzen dute ikertzaileen eguneroko jarduna, hobeto ulertzen dute metodologia zientifikoa, eta Euskal Herriko ikerketa-zentro eta unibertsitateetan egiten den ikerketa bertatik bertara ezagutzeko aukera izaten dute. Harreman horiei esker, gainera, zientzietako erreferenteak hurbiletik ezagutzen dituzte, eta zientzialarien inguruko genero-estereotipoak apurtzeko ere lagungarria da. Horrez gain, azokak irauten duen egunetan gazteen proiektuak ebaluatzen dituzte.
Behin datu guztiak jasota, sari-banaketa larunbatean bertan egingo da, maiatzaren 9an, 13:00etan. Azokan saritutakoak bilduko dira sari-banaketan, eta agintariak eta zenbait erakundetako ordezkariak ere izango ditugu sariak banatzen, hala nola Bizkaiko Foru Aldundikoak, Eusko Jaurlaritzakoak, Bilboko Udalekoak eta Elhuyarrekoak. Ikasketa-bekak eta Espainiako zein nazioarteko azoketarako bidaiak irabaziko dituzte sarituek. Aurkezle-lanetan, Eleder Iglesias Perez kazetari eta eduki sortzailea eta Arantza Muguruza Montero irakasle eta ikertzailea arituko dira, eta Arantzak zientzia-esperimentuak ere egingo ditu gainera. Sari horietaz gainera, ikerketa-zentro kolaboratzaileetan egiteko egonaldiak zozkatuko dira egunero.
Erronka Garbia
Elhuyar Zientzia Azokak IHOBEren Erronka Garbia zigilua lortu zuen iaz. Erronka Garbia izeneko metodologia aplikatzen duten ekitaldiek lortzen dute zigilu horia. Metodologia horren helburua da ekitaldiak antolatzen direnean sortzen diren ingurumen-inpaktu negatiboak arintzea eta ekitaldian parte hartzen dutenek horren kontzientzia hartzea.
Hortaz, hainbat helburu finkatu ditu aurten ere Elhuyarrek: berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea; energiaren kontsumoa murriztea eta kontsumitutako energia iturri berriztagarrietatik eratorria izatea; erosketen eta alokatutako azpiegituren ingurumen-inpaktua murriztea; eta hondakinen inpaktua ere murriztea. Horretarako, garraio publikoaren edo energia berriztagarrien erabilera, tokiko hornitzaileen kontratazioa eta hondakinen gaikako bilketa sustatuko dira beste ekintza batzuen artean. Azoka amaitu ondoren, adierazleak jasoko dira eta, hala, Elhuyar Zientzia Azokaren ingurumen-inpaktua neurtuko da.
Elhuyar Zientzia Azoka urtean zehar
Elhuyar Zientzia Azokaren helburua da gazteei zientzia-bizipenak eskaintzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea, ez bakarrik Areatzan egiten den azoka honetan, baita urtean zehar ere.
2013an lehen edizioa egin zenetik gaur arte, 12-18 urte bitarteko ia 4.500 gaztek aurkeztu dituzte proiektuak Bilbon antolatzen den Elhuyar Zientzia Azokan. Guztira, 1.300dik gora ikerketa-proiektu edo proiektu teknologiko aurkeztu dira.
Elhuyarrek antolatutako Elhuyar Zientzia Azoka ekimenak Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Sailaren, FECYTen (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología), Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Nafarroako Gobernuaren eta Erabiren laguntza jasotzen du.
Joseba Aldasoro Galan



