}

Ekiloreak, autoen etorkizuneko erregaia

2002/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Askoren ustez, etorkizuneko energia-iturri nagusia hidrogenoa izango da. Izan ere, beste erregai batzuek ez bezala, elektrizitatea sortzeko gai da poluitzailerik igorri gabe. Hidrogenoa lortzeko prozesua, ordea, ez da beti nahi bezain garbia izaten.

Britainia Handiko Leeds Unibertsitateko ikertzaileek ekilore-olioan oinarritutako prozesua garatu dute. Ekilore-olioaz gain, ur-lurruna, airea eta bi katalizatzaile besterik ez dira behar. Lehenengo katalizatzaileak airea erabiltzen du su hartzeko, eta haren beroari esker, olioak eta lurrunak erreakzionatu eta hidrogenoa sortzen da. Bigarren katalizatzaileak, berriz, karbono dioxidoa harrapatzen du. Horrela, poluitzailerik ez dela askatzen bermatzen da. Gainera, prozesua garatutakoan, industrian erabilitako olioak ekilore-olioa ordezkatu ahalko duela adierazi dute ikertzaileek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia