}

Ekainak 5: poloetara begiratzeko eguna

2007/06/05 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

1972tik, Ingurumenaren Mundu Eguna ospatzen dute Nazio Batuek ekainaren 5ean. Egun horretarako, ingurumenarekin zerikusia duen gai bat aukeratzen dute, eta hiri bat izendatzen dute ospakizun nagusia egiteko. Aurten, poloen urtzea da gaia, eta Norvegiako Tromso hirian egingo dituzte ospakizunak (hitzaldiak, kontzertuak, bizikleta-martxak, zuhaitz-landaketak eta abar).

Zergatik gai hori eta zergatik hiri hori? Klima-aldaketarekin zerikusi handia du gaiak. Azken batean, planeta berotzen bada litekeena da poloetako izotza urtzea, eta horrek, ustez, ondorio larriak izango lituzke ingurumenean. Ez dago argi poloko izotza urtuko den edo ez, eta, gertatzekotan, zenbat denbora beharko den hori gertatzeko. Hala ere, mundu osoko adituak ados daude; gaia aztertzea merezi du. Hain zuzen ere, arazo hori gertutik bizi duen Tromso hiria aukeratu dute Nazio Batuek. Han dago urtu daitekeen izotzetik gertuen dagoen unibertsitatea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia