}

Egitura zelularrak aztertzeko baliabide berriak

2002/11/12 Elhuyar Zientzia

Hainbat dira zelula prokariotoen eta eukariotoen arteko desberdintasunak, baina esanguratsuena da zelula eukariotoak nukleoa eta zitoeskeletoa dituela. Bi elementu horiek izan dira zelula eukariotoen garapen ikusgarria ahalbidetu dutenak.

Zitoeskeletoa zelulan gertatzen diren mugimendu gehienen eragilea da; errepide-sare moduko bat eratzen du eta horrek ahalbidetzen ditu, esaterako, organuluen leku-aldaketa, zelulen migrazioa eta zatiketa, molekula askoren garraioa eta fagozitosia. Beraz, zitoeskeletorik gabeko zeluletan oso murriztua dago mugitzeko aukera.

Zitoeskeletoa batez ere aktinazko zuntzez osatuta dago. Ez da gaurko kontua, baina maiz egitura horiek aztertzeko teknikak garatzeko bidean geratu dira, ahalegin handiagoa egin baita zelularen egiturarik handienak eta txikienak (proteinak, kasu) aztertzeko teknikak garatzen. Oraingoan, ordea, garatu berri duten tomografia krioelektronikoan oinarritutako teknikak aktinazko zuntz horiek ikusteko aukera eskaini du. Teknika horrek aurrerantzean erabilpen handia izango duela iragarri dute, besteak beste, laginak tindatu eta eraldatu beharrik ez dagoelako. Argazkian, Dictyostelium amebaren aktina-filamentuek eratutako sarea ikus daiteke (gorriz), zelularen mintzari batzen zaion gunean (urdinez).

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia