Unai Garcia Lopez Adimen artifizialean graduatua

“Egiteko gai garelako, egin egin behar da? Nire ustez, ez”

2025/07/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

egiteko-gai-garelako-egin-egin-behar-da-nire-ustez
Unai Garcia Lopez, OnZientzia lehiaketan saria jaso berri. Arg. Elhuyar

Zaila da Unai Garcia Lopezi gertatutakoa berriz gertatzea. On Zientzia bideo laburren lehiaketan izan da. Lehiaketa hori Elhuyarrek eta DIPCk antolatzen dute, Teknopolis telebista-saioaren barruan, eta haren helburua publiko zabalari zuzendutako zientziari eta teknologiari buruzko film labur eta originalak ekoiztea eta zabaltzea da.

Bada, duela bost urte, Garciak, beste lagun batzuekin, Deepfake: etorkizuna atarian bideoa aurkeztu zuen lehiaketara, eta dibulgazio-bideo onenaren saria irabazi zuten. Hala ere, kategoria berean beste lan bat ere saritu zuten; hortaz, ex aequo saritu zituzten. Aurten, berriz, bakarka aurkeztu da, eta sari nagusia irabazi du, Etorkizuna gaur bideoarekin. Eta, oraingoan ere, ex aequo.

Garciari ere harrigarria iruditu zaio gertatutakoa, eta bitxikeriatzat hartzen du. Bada beste kointzidentzia bat, baina hau ez da hain harrigarria: bi lanak adimen artifizialaren ingurukoak dira. Izan ere, 2020an jada nabaria zen adimen artifizialeko tresnek garapen azkarra izango zutela eta aukera handiak emango zituztela. Garcia garai hartan batxilergoa egiten ari zen, eta, aukerek arriskua ere badakartela ohartuta, iruzur sakonari buruzko bideo bat egin zuen, lagunekin batera. Lehiaketara aurkeztu, eta irabazi egin zuten.

“Lehiaketarako bideoa egiteak aukera eman zidan nire bi zaletasunak elkartzeko: alderdi teknikoa eta sortzailea. Berez, adimen artifiziala tresna modura interesatzen zait, sormenak indar handiagoa baitu nigan, teknologiarekiko zaletasunak baino”, azaldu du Garciak. Horren erakusgarri da musikan egiten ari den bidea: “Hemen, Andoainen, hamar urte egin nituen gitarra ikasten Musika Eskolan. Unibertsitateko karrera hasitakoan utzi nuen, motz geratzen baitzitzaidan, eta nire kontura jarraitu nuen, bai niretzat, bai besteentzat; adibidez, nire taldearentzat, Nunk”.

Sormena lantzeko bidea

Dioenez, adimen artifizialaren “booma” zetorrela ikusi zuen, eta ikasketak horretara bideratzea erabaki zuen, sormena lantzeko baliagarria izango zitzaiolakoan. “Ez naiz ereduzko ikaslea”, aitortu du, “baina gustura egin ditut ikasketak. Izan ere, adimen artifizialaren bidez, buruan daukazuna gauzatu dezakezu. Orain, gradu amaierako lanean, musika ekoizteko prozesua errazten duen tresna bat garatu nahi dut”. Gero, garapen hori produktu gisa kaleratzeko aukera ere ikusten du.

Baina, duela bost urte bezala, aukerekin batera doaz arriskuak, eta argi adierazi du hori OnZientzia lehiaketa irabazi duen azken bideoan. “Lilura teknologikoa” deitu dio adimen artifizialak piztu duen gehiegizko irrikari, eta ohartarazi du kalteak onurak baino handiagoak izan daitezkeela, erabilera okerraren ondorioz.

“Labanaren adibidea jartzen da askotan: onerako bezala erabil daiteke kalterako. Tresna hauen kasuan, ahalmen izugarri handia dutenez, sor dezaketen kaltea ere oso da handia. Hala ere, ez da ahalmenagatik bakarrik”, gogoetatu du. “Izan ere, oso azkar garatu dira, eta gizarteak ez du hausnartzeko denborarik izan”.

Bere esanean, teknologiak gaitasun handia eman digu: “Edozein erabiltzaile gai da edozer egiteko. Baina gai izateagatik, egin egin behar dugu? Nire ustez, ez: egin daiteke, baina ez genuke egin beharrik. Egia esan, gai honi buruz hitz egiten dudanean, askoz gehiago hitz egiten dut alderdi sozialaz, teknologikoaz baino”. Bideo irabazlean ere hala egin du.

Gradua amaituta, badaki adimen artifizialaren munduan lana edukiko duela, baina, oraingoz, nahiago du musikaren eta ikusentzunezkoen bidetik saiatu, jakitun den arren hortik bizibidea ateratzea askoz ere zailagoa dela. Hala, animazioko master bat egitekotan da, Errioxako Unibertsitatean, online. “Beharbada, bi aldeak batuta zerbait egin dezaket, aurrera ateratzeko”, esan du. Formazioa eta gogoa baditu, eta itxaropentsu begiratzen dio etorkizunari.

Unai Garcia Lopez
Andoainen jaioa, 2003an. Adimen artifizialeko gradua egin du EHUn, eta musika-ikasketak ere burutu ditu. Hain zuzen, Nunk taldeko kidea da. Zenbait sari irabazi ditu, teknologiarekin, garapen digitalarekin eta komunikazioarekin zerikusia duten proiektuekin

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia