}

Egin zure su-itzalgailua

2002/01/01 Ares, Felix Iturria: Elhuyar aldizkaria

Esperimentua egiteko edalontzi luze samarra, kandela, ozpina, bikarbonatoa eta pospoloak behar dituzu.
1. irudia.

Itsatsi kandela edalontziaren hondoan kandelaren beraren argizari berotuaz baliatuta. Kandelaren metxa edalontziaren ertza baino apur bat beherago gera dadila

ikus 1. irudia

Bota edalontziaren hondora hiru koilarakada ozpin eta piztu kandela (ikus 2. irudia).

Orain gehitu koilaratxokada bat bikarbonato ozpinaren gainera. Burbuilak sortzen direla ikusiko duzu (ikus 3. irudia).

2. irudia.

Segundo batzuen ondoren, sugarra ahultzen hasi eta itzali egingo da. Horrela gertatzen ez bada, gehitu beste koilaratxokada bat bikarbonato eta nahas ezazu ozpinetan ondo disolba dadin.

Zergatik itzaltzen da sua?

Argizaria erre dadin oxigenoa behar da. Ozpinari bikarbonatoa gehitzean, karbono dioxidoa (CO 2 ) izeneko gasa sortzen da; askotan entzungo zenuen izen hori, gas hori baita berotegi-efektua sortzen duena. CO 2 -a sortzean agertzen dira 3. irudiko burbuilak. Gas hori airea baino pisuagoa denez, edalontziaren hondoan geratzen da. Gas-kopurua gehitu ahala edalontziko airea kanporatu egiten du eta, azkenean, CO 2 -a sugarrera iristen da.

3. irudia.

Edozer erretzeko oxigenoa behar denez, sua itzali egingo da

ikus 4. irudia

Eta zergatik jarri diogu esperimentuari “egin zure su-itzalgailua” izenburua?

Oso erraza. Su-itzalgailu askok, hainbat tokitan ikus daitezkeen gorri koloreko horiek, esaterako, barruan dutena CO 2 -a delako. Eta eduki hori sugarretara botatzean sua itzali egiten da oxigenorik ez duelako.

Ito al zaitzake su-itzalgailuko CO 2 -ak?

Erabat CO 2 -z osatutako atmosfera arnastu beharko bazenu, oxigenorik gabe zeundeke eta ito egingo zinateke. Baina kontuan izan gas hori airea bera baino astunagoa dela eta behera jausiko dela, zure hanketara. Beraz, oso zaila izango da CO2-a besterik ez duen atmosferan egon zaitezen. Ia beti egongo da oxigeno apurren bat. Beraz, su itzalgailuak arazorik gabe erabil ditzakezu.

Laburpena

4.irudia.

Ozpinaren (azidoa da) eta bikarbonato sodikoaren (basea da) arteko erreakzioak karbono dioxidoa sortzen du, airea baino astunagoa dena. Gasak edalontzi osoa beteko du eta, ondorioz, airea kanporatu eta sua itzali egingo du.

Ondo pasa esperimentuarekin!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia