Hitzaldiaren aurkezpen gisa, elkarrizketa labur bat eskaini zuen atzo:
Liburuaren muina da Medikuntza alternatiboaren tratamendu ezagunenak aztertzea —besteak beste, akupuntura, homeopatia, aromaterapia, erreflexologia, kiropraktika eta sendabelarren medikuntza—, eta haiek proba zientifikoen bidez balioztatu ondoren, frogatutako onurak eta balizko arriskuak azaltzea. Egileen ustetan, “azterketa horietatik ondorio bat atera dugu: tratamendu alternatiboek ez dutela benetako eraginik pazienteengan, eta, eragina lortzen den kasuetan, plazebo efektua baino ez dutela”.

Edzard Ernst liburua eskuetan duela (Argazkia: Iñigo Ibañez).
Egileei buruz
Edzard Ernst Medikuntzan doktorea da, eta medikuntza alternatiboa irakasten duen munduko lehenengo pertsona da: egun, Medikuntza Alternatiboko irakaslea da Exeterko Unibertsitatean (Ingalaterran). Mediku klinikoa izana da, eta, homeopatia ikasi ondoren, homeopatia eta beste tratamendu alternatibo asko ematen jardun zuen. Mundu osoan lortu du ospea, terapia alternatiboen balioa modu zientifikoan aztertzeagatik. Simon Singh Partikulen Fisikan doktorea da, baina nagusiki zientzia-kazetaria da. BBCko zientzia-programen ekoizle gisa hasi zen lanean hainbat programa eginez, eta mundu osoan best-seller izan diren liburuak idatzi ditu, besteak beste Fermat’s Last Theorem , The Code Book , eta Big Bang .
Lakar Iraizoz, Oihane
Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.