}

Duela 80.000 urteko Homo sapiens baten arrastoak topatu dituzte Txinan

2015/10/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

47 hortzek eman dute arrastoa. Txinako hegoekialdeko Fuyan izeneko kobazulo batean aurkitu zituzten, Daoxianen. 120.000-80.000 urte dituzte, eta, anatomikoki, gizaki modernoarenak direla baieztatu dute, Goi Pleistozenoko gizakienak baino txikiagoak, eta gaur egungoenen oso antzekoak. Hortik ondorioztatu dute Homo sapiens gizakia orain arte uste zutena baino lehenago atera zela Afrikatik, eta Asia aldera hedatu zela lehenik.

duela-80000-urteko-homo-sapiens-aren-arrastoak-top
Fuyan kobazuloan aurkitutako giza hortzak, duela 120.000-80.000 urtekoak. Arg. S. Xing eta X-J. Wu/Nature

Txinako ikertzaileek gidatuta, nazioarteko lantalde batek egin du ikerketa; tartean, Atapuercako Maria Martinon Torres hortzetan adituak eta Jose María Bermudez de Castrok. Nature aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak, eta, haien arabera, ez dago zalantzarik: hortzak gizaki modernoarenak dira, Homo sapiens-arenak. Horrek, hankaz gora jarri du gure espeziearen hedapenari buruzko hipotesi nagusia.

Izan ere, orain arte, Afrikatik kanpo aurkitutako gure espeziaren fosilak Ekialde Hurbilean eta Europan agertu dira, eta, asko jota, 60.000-50.000 urte zituzten. Horrenbestez, hipotesi nagusia izan da gure espeziea Afrikan sortu zela, eta duela 50.000 urte inguru Europa aldera migratu zuela. Izatekotan, zalantza zuten Ekialde Hurbileko 90.000 urteko aztarna batzuekin (Skhul eta Qafzeh aztarnategietakoak), baina hortz haiek gizaki modernoarenak baino primitiboagoak dira.

Orain Txinaren hego-ekialdean aurkitu dituzten hortzak, ordea, gureen modukoak dira. Hamahiru banakoenak dira, eta haiekin batera ez dute ez beste giza fosilik ez tresneriarik topatu, bai, ordea, zenbait animalia-espezieren hezur fosilizatuak. Hortzak ez dituzte zuzenean datatzerik izan, baina, gainerako elementuak aintzat hartuta, 120.000-80.000 urte dituztela kalkulatu dute. Adibidez, haien gainean hazitako estalagmita batek 80.000 urte ditu. Hortaz, ez dute zalantzarik Homo sapiens-a ordurako Ekialde Urrunera iritsia zela; Mediterraneoaren ekialdera eta Europara baino 30.000 urte lehenago, gutxi gorabehera.

Artikuluan, neandertalak eta denisovarrak ere aipatzen dituzte, baita lehen gizaki moderno haiekin izan zezaketen harremana ere. Ikertzaileek iradoki dutenez, litekeena da haiek etorri berriak baino hobeto egokituta egotea Europaren mendebaldeko eta iparraldeko kondizioetara, eta haiek bultzatuta joatea hegoaldera eta ekialdera. Gero, klima aldatzearekin batera, gizaki modernoak lurralde guztietara hedatu ziren, eta beste taldeak desagertu egin ziren.

Ikerketak, gure espeziaren historiari buruzko alderdi batzuk argitu baditu ere, beste galdera asko sortu ditu. Hala, ikertzaileek itxaropena dute datozen urteetan galdera horiei erantzuteko lagungarriak izango diren arrasto gehiago topatuko dituztela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia