Duela 25.000 urteko irudiak topatu dituzte Mañarin
2011/05/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Mañariko Askondo kobazuloan duela 25.000 urteko irudiak topatu dituzte Diego Garate, Joseba Rios eta Ander Ugarte arkeologoek. Atzo eman zuen albistea Bizkaiko Foru Aldundiak, baina aurkikuntza duela 5 hilabete egin zuten. "Oso zaila izan da sekretuari eustea", esan du Riosek, “beraz, orain poz-pozik gaude, ikusi duguna konta baitezakegu”.
Besteak beste, gorriz marraztutako bost zaldi, grabatutako beste zaldi bat, esku baten aztarna gorri bat eta marrak eta bestelako grabatuak aurkitu dituzte. Riosen esanean, litekeena da denak garai berekoak izatea."Estetika aldetik, irudi-multzoa izugarri polita da. Eta oso aspaldikoak direla frogatu dugu, duela 25.000 urtekoak, hain zuzen". Gainera, hasieratik ez dute inolako zalantzarik izan egiazkoak direla, konkrezio estalakmitikoak baitzeuden haietako batzuen gainean.
Bi aste barru hasiko dira sakonago aztertzen, eta ikertzaileek ez dute baztertzen aurkikuntza gehiago egitea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia