DRM, "pirateria"ren aurkako bataila teknologiko galdua
2009/09/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzaileaElhuyar Hizkuntza eta Teknologia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Musika eta filmak lagunekin partekatzea ez da fenomeno berria. Kasete eta VHSekin ere asko grabatzen genuen lagunena eta lagunentzat. Azkenaldian horri delituzko izena (pirateria) jarri dioten arren, ez da derrigorrez ilegala. Herrialde askotan (Espainian, adibidez), kultura partekatzea legala da, irabazi-asmorik ez badago, eta beste herrialde askotan ere ez dago argi legearen aurkakoa den. Edozein kasutan, eduki audiobisuala kopiatzeak posible izan beharko luke, norberak erosi duenaren kopia pribatuak egiteko eskubidea baitu, erositakoa kotxean entzuteko, adibidez.
Helburua, kopiak saihestea
Hala ere, eduki hori digitalean gordetzen denetik eta, batez ere, Internet existitzen denetik (era masiboagoan partekatzea ahalbidetzen baitu, eMule bezalako P2P programei esker), ekoizleek DRM (Digital Rights Management) izeneko sistemak txertatu dizkiete produktuei, kopiak saihesteko sistemak, finean.
Sistema horien adibide ezagunenetakoak DVDetan erabilitako CSS (Content Scrambling System) edo ondoren Blu-ray eta HD-DVDetan erabilitako AACS (Advanced Access Content System) sistemak dira: horietan, bideoa enkriptatuta dago, eta, ikusi ahal izateko, desenkriptatzeko kodea behar da; ekoizleek lizentzia bidez ematen diete kode hori irakurgailu-fabrikatzaileei (hardware- nahiz software-fabrikatzaileei), kopiatzen uzten ez duten baldintzetan. Horrelako sistema "estandarrez" gain, konpainia jakin batzuek inplementatu dituztenak daude; Apple-k bere iTunes musika-dendan erabilitako FairPlay sistema, adibidez: sistema hori duten abestiak Apple-ren erreproduzitzaileetan soilik entzun edo kopiatu daitezke, eta kopia-kopuru jakin bat egin daiteke, gehienez.
Dena alferrik
Baina sistema horiek alferrikakoak izan dira, beti hautsi izan baitira. Bereziki amesgaiztoa izan da DRM sistementzat Jon Lech Johansen norvegiarra, "DVD Jon" ezizenez ezagutua: 1999an, 16 urte soilik zituela, CSS sistema hautsi zuen, eta 2005ean Apple-ren FairPlay. AACS sistema ere, aurreko CSS izenekoa baino askoz seguruago omen zena, atera eta gutxira hautsi zuten.
DRM sistemak hautsi beharrik gabe ere, modu batera edo bestera, beti lortzen dute abesti edo film ezagunenek Interneterako bidea egitea. Hollywood-eko pelikula asko barne-filtrazioen bidez agertu dira P2P sareetan, batzuetan estreinatu aurretik. Gainera, DRM sistemak beti gaindi daitezke zulo analogikoa delakoaren bidez: gailu batean erreproduzitu daitezke, eta audio-grabagailu edo bideo-kamera baten bidez berriz digitalizatu, kalitatea pixka bat galduta ere. Estreinatu eta gutxira zinema-aretoetan grabatu, eta film asko jartzen dituzte horrela Interneten.
Erabiltzaileen eta ekoizleen kalterako
Alferrikakoak izateaz gain, DRMek arazoak ematen dizkiete sarritan erosle zintzoei ere. Adibidez, erreproduzitzaile merke edo zahar asko DRM estandarrenentzat soilik daude prestatuta, eta DRM propioa erabiltzen duten konpainien musika entzutean arazoak izan ditzakete. Edo Linux-erabiltzaileek ezin dituzte DVDak ikusi, jendeak egindako sistema eragile horren atzean ez baitago desenkriptazio-lizentzia erosi ahal izango duen konpainiarik (hain zuzen ere, DVD Jon errugabe jo zuten CSS hausteagatik egindako epaiketan epaimahaiak ulertu zuelako eskubidea zuela erositako DVDak Linuxen ikusteko). Eta horrelako adibideak milaka dira...
Horrez gain, batzuetan urrunegi joaten dira ekoizleak DRMaren kontuarekin. Esate baterako, Sonyk 2004 eta 2005 urteen artean hainbat CDtan DRM sistema bat jarri zuen, zeinak Windows ordenagailuetan programa espioi bat instalatzen baitzuen, eta Windows aldatzen baitzuen hura detektatu ez zezan. Beste kasu batzuetan, on line denda bat desagertu izan denean, han erositako musika guztia erabilezin gelditu izan da.
Azkenean, jende asko P2P sareetara pasatu da, horietan lortutako film eta abestiek erositakoek baino arazo gutxiago eta erabiltzaile-esperientzia hobea ematen zutela ikusita, eta DRM sistemek lortu nahi zutenaren kontrakoa erdietsi dute.
Gerra galdua
Gaur egun esan daiteke DRMa hilik dagoela. DRM sistemetan egindako inbertsio ikaragarria alferrikakoa eta kaltegarria ere badela konturatuta, sistema horiek baztertzen joan dira pixkanaka ekoizleak. Apple-k kendu du FairPlay bere iTunes dendatik, eta on line musika denda ia guztiek DRM gabe saltzen dute gaur egun. Bideo-industriari dagokionez, DVD edo Blu-ray diskoak DRMarekin doaz oraindik, baina aspaldi hautsitako DRMarekin; eta ez dirudi on line salmenta garatzean bide horretatik joko dutenik.
Bada beste eduki kultural mota bat digitalerako eta Interneterako lehen pausoak ematen ari dena: liburuak. Ikusi beharko da ea argitaletxeek musikaren eta filmen industrietatik ikasiko duten edo DRMaren beste berpizkunde bat ikusiko dugun (edonola ere iragankorra, ziur). Oraingoz, liburu digitaletan esperientzia gehien duena, Amazon, bere Kindle irakurgailu elektronikoarekin, DRMaren bidetik doa, baina kritika askorekin eta eraginkortasun txikiarekin...
Bataila teknologikoa galduta, ekoizleak beste bide batzuetan ari dira jartzen indarra kopiatzeen aurkako gerra honetan: euskarri digital guztien gaineko kanonak, edukiak partekatzeagatik Interneteko konexioa moztea ahalbidetzen duten legeak, komunikabideen kriminalizazioa, hezkuntza-sistemaren bidez txikitatik kontzientziatzea eta abar. Ez dakit ez ote zen hobea beste bidea...
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia