Dortoka bitxia

1988/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zuntz asko duten dietak osasunerako oso onak direla diote medikuek. Sasikareta, Karibeko dortoka, zuzen-zuzen jarraitzen zaie aholku horiei eta beira-zuntza da bere dietaren osagairik nagusiena.

Anne Maylen biologoak sasikaretek esponjak bakarrik jaten dituztela frogatu du. Sasikareten urdailean aurkitutako masa lehorraren %95 esponjak dira. Esponjek beirazko orratzak dauzkate egitura moduan eta horretan uztartzen dira zuntz organikoak.

Sasikaretek beira-proportziorik handienak dituzten esponjak jaten dituzte. Maylenek eginiko azterketen arabera, sasikaretek kiloerdi beira-zuntz izaten dute batezbeste.

Sasikaretek urdaila beiraren eraginetik babesteko mekanisko berezia dutenik ez dirudi. Esponjaz elikatzen diren beste animaliek, orratzak hautsi egiten dituzte eta gero jariakin batez estaltzen dituzte urdailean barrena sartu baino lehen. Gainera sasikaretek esponja askok dituzten terpeno eta bromo-konposatu pozointsuak arazorik gabe pasatzen dituzte. Bestalde eta Maylenen ustetan horixe izan daiteke sasikareten haragia jan ondoren zenbaitzuetan gertatzen diren toxikazio masiboen kausa.

Sasikaretek oso paper ekologiko garrantzitsua daukate arrezifeetan. Esponjak janez, beste animalia batzuek (arrainak esaterako) arrezifea kolonizatzea posible egiten dute.