Dopatu txerri-gibela janez!

Portugalgo Albaitaritza Ikerketarako Laborategian egin berri duten ikerketa baten arabera, txerri-gibela jaten duten atletek positibo emateko arriskua dute antidopin kontroletan.

Dirudienez, zikiratu gabeko ordotsaren gibela janez gero, gernuan azaltzen den nandrolonaren metabolito-maila kontroletan baimentzen dena baino 10-100 aldiz handiagoa izan daiteke.

Izan ere, gizonezkoetan nandrolonarentzako gehienezko muga 2 ng/g-koa da, eta emakumezkoetan 5 ng/g-koa. Gorputzak, berez, kopuru horien % 10 ekoizten du gutxi gorabehera, hau da, 0,2 eta
0,5 ng/g hurrenez hurren.

Portugalgo ikertzaileen aurretik, Herbehereetako zientzialariek ere ikusi zuten nandrolona asko zuela hango saltxitxa-mota batean erabiltzen den pateak. Nolanahi ere, orain argi dago janariak duen nandrolonaren zati bat gizakiaren gorputzera pasatzen dela; beraz, kontroletan ezartzen diren neurriak berriro aztertzeko eskatu dute kirolariek.

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali