Ryugu asteroidearen laginetan, DNAren eta RNAren oinarrizko bost base nukleikoak (adenina, guanina, zitosina, timina eta uraziloa) aurkitu ditu Japoniako ikerketa-talde batek. Laginak Hayabusa 2 misioaren barruan ekarri zituzten Lurrera, eta, orain, base nukleikotan jarri dute arreta. Hala, Ryugu laginen analisia beste asteroide batenarekin (Bennu) alderatu dute, baita bi meteoritoenekin (Murchison eta Orgueil), eta diferentzia esanguratsuak aurkitu dituzte base nukleikoen ehunekoetan, jatorriaren arabera. Nature Astronomy aldizkarian argitaratu dituzte ikerketaren emaitzak.
«horrek esan nahi du biziaren oinarritzat hartzen diren molekula horiek hedatuta daudela eguzki-sisteman»
Ikertzaileek azaldu dutenez, diferentzia horiek bakoitzaren jatorrizko ingurune kimikoaren eta historia ebolutiboaren ondorio dira. Edonola ere, azpimarragarria iruditu zaie denek edukitzea base nukleikoen arrastoak. Haien ustez, horrek esan nahi du biziaren oinarritzat hartzen diren molekula horiek hedatuta daudela eguzki-sisteman. Are gehiago: asteroideek eta meteoritoek Lurreko biziaren sorreran zerikusia izan dezaketela iradoki dute.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia



